Joan zen larunbatean Altsasuko lagun-talde batek antolaturiko “streetball” edo kaleko-saskibaloi txapelketa jokatu zen. Guztira 9 talde aritu ziren nor baino nor Intxostiapunta ondoan dagoen kantxan. Goizean ligaxkak (3 taldez osaturiko 3 multzo) jokatu ziren, eta ondoren, bazkalostean, kanporaketak. Finalaurrekoak oso lehiatuak izan ziren, eta hala izan zen Arbizu eta Dos Hombres y Medio taldeen artean jokatu zen finala ere. Azkenean garaileak arbizuarrak izan ziren, talde iruindarrari soilik bi punturengatik irabazita.
Antolatzaileetako bat den Alberto Hernandezek adierazi zuenez, egun osoan zehar giroa paregabea izan zen, talde guztiak kiroltasunez jardun zirelarik. Edonola ere, partehartze handiagoa espero zuela aitortu zuen: “Partaidetza uste baino txikiagoa izan da. Horretan garagardo azokak ziurrenik zerikusia izanen du, izen emandako talde asko ez baitira agertu. Bestalde, datorren urtean txapelketa Intxostiako festetako programan sartzen saiatuko gara, horrela jende gehiago lortzeko”.