1.- Zuek kanpin honen eraikuntza prozesuan parte hartu zenuten, eta orain ere bertan lanean diharduzue. Nola izan zenuten proiektu honen berri?
Gure enpresako kide batzuek Kataluniako eta Euskal Herriko lagun batzuk zituzten. Modu horretan, kanpinekoak gurekin harremanetan jarri ziren, etxea-eta egiten lagun geniezaien. Proiektu erakargarria zen, eta ez genuen bitan pentsatu.
2.- Zein eraikuntza teknika erabiltzen dituzue?
Teknika tradizionalak erabiltzen ditugu, eskulanean oinarrituak. Egurra erabiltzen dugu material nagusi gisa. Normalean etxeak ez ditugu kanpinetarako egiten, baina badirudi gure teknikek Arbizuko kanpinekoek nahi zutenarekin bat egiten zutela. Azken batean, guk naturarentzako onak diren materialak erabiltzen ditugu, eta horixe da kanpin honek bilatzen duena.
3.- Esan duzuenez, kanpinetarako etxeak egitea ez da zuen eguneroko lana. Hortaz, proiektu hau egitea erronka bat izango zen zuentzat.
Bai. Kontuan hartu behar da Kopenhagen, adibidez, etxeak egiterakoan arau ugari jarraitu behar direla. Proiektuko txostenean jadanik zehazturik egoten da zer material erabili behar ditugun. Beraz, ezin ditugu nahi ditugun materialak erabili. Esan bezala, gure enpresa berezia da, ahal den heinean material ekologikoak erabiltzen saiatzen baikara, baina hainbeste araurekin ezin dituzu gauzak nahi bezala egin. Arbizuko egitasmoa, aitzitik, ez zen horren zurruna. Eta horrek, garbi dago, asko motibatzen gintuen. Erronka handia zen guretzat, baina bagenekien gauzak ongi aterako zirela.
4.- Zer du berezitik Arbizuko kanpinak?
Hasteko, ekologikoa da, oso ohikoa ez dena. Nolakotasun horrek berezi egiten du. Gainera, leku paregabe batean dago kokaturik. Naturaren erdian zaudela senti dezakezu. Plazer bat da hemen lan egin ahal izatea.
5.- Zer alde dago kanpin ekologiko baten eta arrunt baten artean?
Alde handiena jendearen jarreran dago. Jendearen artean giro oso berezia egoten da kanpin ekologikoetan. Azken batean, hemen daudenetako asko kanpinean urte osoan zehar egon ohi dira; horrela, harreman estuak sortzen dira bertako jendearen artean. Denborarekin, horrelako lekuak herri txiki bilakatzen dira. Bestalde, kanpinaren itxuran ere alde handia dago. Kanpin arruntetan autokarabanak eta kanpin-dendak dira nagusi. Ekologikoetan, ordea, egurrezko etxeek hartzen dute autokarabana eta bestelakoen lekua.
6.- Danimarkan horrelako asko dago?
Kanpin ugari daude, baina ez horrelakoak. Danimarkan kanpin arruntak dira ohikoenak. Izan ere, gehienak autokarabanentzako eta kanpin-dendentzako dira. Ekologikoak, ordea, aurkitzen oso zailak dira.
7.- Urtean zenbatetik behin etortzen zarete hona?
Oraingoa aurten etortzen garen bigarren aldia da. San Juanetan 33 pertsona ginen, baina orain biok gaude bakarrik. Gu lehen aldiz 2011n etorri ginen, eta geroztik bost edo sei aldiz izan gara hemen. Normalean, bidaia egiteko laneko oporrak probesten ditugu. Horrela, jendea txandakatuz joaten da.
8.- Beraz, herriko jendea jada ezagutuko duzue. Nolakoa da haiekin duzuen harremana?
Harreman oso ona dugu. Lagun oso onak egin ditugu. Etortzen zaren bakoitzean jendea oraindik zutaz oroitzen dela ikusten duzu, eta hori oso sentsazio atsegina da. Orokorrean, Arbizuko jendea Danimarkako herri txikietako jendea baino askoz ere irekiagoa da.
9.- Entzun dudanez, festetan Danimarka-Arbizu herri kirol erronka egiten duzue.
Lehengo urteko San Juanetan jolastu genuen lehen aldiz. Oso ongi pasa genuen, baina ez genuen uste jendeak horren serio hartuko zuenik! Egun osoa tabernan eman genuen, eta egoera horretan zaila zen inori irabaztea (barreak). Aurten, baina, gauzak serioago hartu genituen, eta azkenean galdu egin genuen arren, behintzat bitik erronda bat irabaztea lortu genuen. Arbizuko jendea sokatiran oso ona dela aitortu beharra dago!
10.- Euskara apur bat ere ikasi duzue, ezta?
Hitz solte batzuk dakizkigu, tabernan poteak eskatzeko moduan (barreak). Esaldiak osatzea, ordea, oso zaila da. Euskara oso hizkuntza polita iruditu zaigu, baina polita den bezala, ikasten zaila ere bada. Herrian neska talde bat ezagutu dugu, ingelesez ongi mintzatzen dena, eta haiek euskaraz hitz egiten irakasten digute. Duela gutxi paper batean ingelesezko hitzen euskarazko itzulpenak apuntatzen hasi ginen. Ea pixkanaka hitz guztiak kaskarrean sartzen zaizkigun!
11.- Beraz, ia-ia arbizuarrak zaretela esan daiteke.
Baietz esan daiteke! Herri honekiko lotura oso estua sentitzen dugu. Itxuraz ez daukagu arbizuar piurarik, baina tira! Egia esan, asko zor diogu Arbizuri, honi esker murgildu baikara Euskal Herriko kulturan. Benetan txunditu gaituen kultura bat da, batez ere jendeak kontzientzia politiko handia daukalako. Horrek gizartea batu egiten du, komunitate sendo bat sortuz. Hori dela eta, jendearen arteko harremana oso berezia da. Belaunaldi guztiak oso loturik daude, eta hori asko miresten dugu.