Herriko festaz geroztik, Iturmendiko jubilatuek badute non elkartu. Izan ere, orduantxe mustu zuten elkarte berria, eskola zaharreko eraikinean kokaturik dagoena. Jubilatuen kluba aspaldidanik zebilen kideak bildu ahal izateko lokal baten bila, baina herrian ez zegoen baldintzak betetzen zituen espaziorik. Egoera horretan, orain dela gutxi arte udaletxeko gelaxka batean biltzen ziren, baina bertan soilik bilerak egiten zituzten, eta ez edozein unetan, gela beste talde batzuek ere erabiltzen baitzuten. Hortaz, kafe bat hartzeko, elkarrekin solasteko, karta partida bat jokatzeko… ez zeukaten espazio propiorik.
Alabaina, pasa den ikasturtean Arrano Beltza eskola lekualdatu egin zen, eskola zaharra libre utziz. Jubilatuek ez zuten abagunea alferrik galdu, eta udalarekin akordio batera iritsita, eskola zaharreko zati batean beren elkartea jartzeko baimena lortu zuten. Jubilatuen klubeko presidentea den Miguel Lopez Arañaren arabera, lokal propio bat edukitzea pribilegio handi bat da: “Denbora asko udaletxeko gela txiki batean eman ostean, nahi duzunean irekirik dagoen espazio propio bat izatea sekulakoa da. Bertan hainbat jarduera egin daitezke, eta ez soilik bilerak. Batetik bestera dagoen aldea itzela da”.
Zernahi ere, udalak eskola zaharra utzi zien arren, oraindik lan asko zuten aurretik. Izan ere, lekua behar bezala egokitu beharra zegoen, ikasgela bat zena elkarte bilakatzeko. Egoera horretan, Lopez Arañak azaltzen duenez, auzolana bilakatu zen egokitze lanen ardatza. “Lan gehienak denon artean egin genituen. Igeltsero bat kontratatu genuen, kuota berezi bat jarrita, baina bestelakoan, gainontzeko eginbehar guztiak bakoitzak bere aletxoa jarrita burutu genituen”, dio klubeko presidenteak. Horrela, behin moldaketa obra guztiak eginda, elkartea herriko festetan mustu zuten, garilaren 16an, hain zuzen.
Jarduerak: hitzaldiak, mus txapelketak…
Jubilatuen klubak egiten dituen jarduerei dagokienez, elkartea izan aurretik urtean pare bat bidaia antolatzen zituzten, baita herri-arteko mus txapelketa bat ere (herriko beste elkarte batean jokatzen zena). Orain, ordea, lokal bat dute, jarduerak egiteko alternatiba gehiago ematen dizkiena. Lopez Arañaren arabera, duten lekuak aukera ematen die hainbat gairen inguruko hitzaldiak egiteko, mus txapelketa beste leku batean egin beharrean bertan egiteko… eta, noski, jubilatuek elkarrekin patxadaz solasteko. “Herriko beste elkarteetan ere bildu ahal gara, baina giroa beti da desberdina. Elkarte hau bezalako alternatibak izatea beti da ona herri batentzat”, aitortzen du presidenteak.
Kide kopuruarekin pozik
Klubean une honetan 60 kide dira, Lopez Arañaren hitzetan, pozik egoteko moduko kopuru bat dena. Hasiera batean, zuzendaritza batzordeko kideek elkartearen proiektuarekin jendea klubetik aterako zela uste zuten. Izan ere, obrak zirela eta, 50 euroko kuota berezi bat ordaintzeko eskatu zuten, horrek agian jendea uxatu zezakeelarik. “Kontuan hartu behar da jende guztia ez dagoela diru gehiago ordaintzeko prest, batez ere kontuan hartuta hemengo kide asko herriko beste elkarteetako bazkide ere badirela”, azaltzen du Lopezek. Dena den, kuotak kuota, klubak kide kopuruari eutsi egin dio. Inork ez baitu elkarte berriaz gozatzeko aukera galdu nahi.