1.- Nola sortu zitzaizun Bangaloreko topaketan parte hartzeko aukera?
Ideia Kalkuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundeak sustatu zuen. Honek Euskal Herriko bi mugimendu feministei, Mugarik Gabe-ri eta Bilgune Feministari gonbitea luzatu zien. Orduan Bilgune Feministan barne aukeraketa egin zen, eta nire izena proposatu zuten, bai ingelera eta bai euskara maila aproposa daukadalako.
2.- Distantzia, kultura aldaketa … Bidaiak ez zizun zalantzarik eragin?
Niretzat zalantzarik handiena horrelako esperientzia batean parte hartzeko gai izango ote nintzen zen. Han egin nezakeen ekarpenak zalantza sortzen zidan. Baina behin behar bezalako lanketa bat eginda, nire burua prest ikusi nuen. Gainera hor bada genero ikuspegiarekin loturiko zerbait: emakumeok askotan pentsatzen dugu ez garela gauzak egiteko gai. Bidaia hau erronka bezala hartu, eta azkenean animatu egin nintzen.
3.- Euskal Herriko beste hiru pertsonekin izan zinen. Hori lagungarria suertatuko zitzaizun.
Bai, oso lagungarria izan zen. Bilboko aireportuan Mugarik Gabe taldeko kide Maria Viadero topatu nuen, eta ondoren, behin Indian geundela, Yolanda Barcorekin elkartu ginen. Yolanda elkarlanean dabil Kalkuta Ondoan-ekin, eta urtarriletik darama han hainbat proiektu garatzen. Hemengo jendearekin egoteak segurtasun handiagoa ematen dizu. Gainera asko ikasi dut haiengandik.
4.- Mundu guztiko aktibistak elkartu zineten topaketa horretan. Suposatzen dut testigantza oso interesgarriak entzuteko parada izango zenuela.
Bost egunetako batean auzitegi sinboliko bat eratu genuen, Emakumeen Gorteak deiturikoa. Bertan hamar orduz izan ginen testigantzak entzuten. Istorio gogorrak eta, era berean, biziki interesgarriak aditu genituen. Mundu osoko emakumeak izan ziren esperientziak kontatzen: Hego Afrikakoak, Irakekoak, Afganistangoak, Estatu Batuetakoak … Aniztasun hori da urtero ospatzen den topaketa hau berezi egiten duena.
5.- Zer nolako egoera bizi dute emakumeek Indian?
Kastaren arabera egoera nabarmen aldatzen da. Nik ez nituen kasta edo klase baxukoak ezagutu, ez baitzuten jardunaldi hauetan parte hartzeko aukerarik izan. Baina egoera latza dela badakit. Adibidez, ezkontzetan familiek dote handiak ordaindu behar izaten dituzte, eta horrek emakumea loturik uzten du. Gainera, alabak ez izateko abortuak ugariak dira, eta une honetan Indian emakumeak baino gizon gehiago daude. Hori arazo handia da.
6.- Egoera hori izanda, menturaz iraultzailetik badu horrelako topaketa bat bertan egiteak.
Noski. Ni ez nintzen jardunaldien egoitza bezala India aukeratu zen bileretan egon, baina uste dut emakumeek bertan bizi duten egoerak zeresana izan zuela aukeraketan. Emakumeen eskubide urraketa larriak gertatzen ari dira, kaleko bortxaketak kasu, eta horri aurre egiteko horrelako egitasmo bat bertan garatzea erabaki estrategiko oso aproposa dela deritzot.
7.- Zer izan zen gehien harritu zintuena?
Bidaiari orokorrean erreparatuz gero, harrigarria iruditu zitzaidan autobusetan emakumeak aurreko eserlekuetan eta gizonezkoak atzekoetan joatea. Horrelako banaketak hemen egitea pentsaezintzat jotzen dugu, baina han errealitatearen parte dira.
8.- Testigantzak elkarrekin trukatzeaz gain, bestelako jarduerak ere izan ziren Bangaloreko jardunaldietan. Esaterako, gerrek emakumeengan duten eragina aztertu zenuten. Zer ondorio atera zenituzten?
Horretarako bi egun eman genituen tailerretan. Hainbat herrialdetako gatazken inguruan solastu ginen. Bertatik ondorio nagusi bat atera genuen: emakumeok indarkeria arazoak mundu osoan pairatzen ditugula. Eskubideen zapalkuntza leku guztietara zabaldu da. Horrek gure artean topatzea, biltzea eta erresistentzia mota desberdinak elkarbanatzea funtsezko egiten du.
9.- Indian ikusi eta entzundakoak kontuan harturik, zer desberdintasun antzematen dituzu gerra egoeran dauden herrialdeetako borroka feministaren eta hemengoaren artean?
Konflikto egoeran dauden herrialdeen kasuan egoera latza da, dena biziraupenera zuzendurik dago. Hori dela eta, hainbat alor, borroka feminista kasu, ezin dituzte horren sakonki jorratu. Kasu batzuetan lortzen dute, eta horrek izugarrizko meritua dauka.
10.- Armen bidezko gerrez gain, bestelako gatazkak ere izan zenituzten hizketa gai.
Bai, niretzat oso garrantzitsua izan zen hau ikusaraztea. Izan ere, “gatazka” hitza erabiltzerakoan armak etortzen zaizkigu burura, baina gure lurraldeen nuklearizazioa, militarizazioa, gure gorputzen kontrola, pobrezia, gutxiengoen bazterketa … Guzti hauek ere gerrak dira. Eta zer esanik ez patriarkatuaz. Hemen askatasun eta eskubide batzuk bermatzea lortu dugu, baina patriarkatua oraindik hor dugu, emakumeon eskubideak urratzen.
11.- Zer egin daiteke topaketan mundu mailan indarrean den sistema patriarkal horrekin behin betiko amaitzeko?
Oinarrizkoena feministon artean sareak eta aliantzak ehundu eta sendotzea da. Bestetik, erresistentzia mota desberdinak garatu eta ondoren elkarbanatzeak garrantzi handia dauka.
12.- Gizarte eredua iraultzeko funtsezkoak izango dira Beltzezko Emakumeak bezalako mugimenduak.
Noski. Talde honek, adibidez, hogei urteko esperientzia dauka; niretzat oso aberasgarria izan zen emakume hauen bizipenak ezagutzea. Hauek 1987an sortu ziren, Palestinaren okupazioa salatzeko. Hasiera hartan hamar bat besterik ez ziren. Gero Balkanetara iritsi ziren, eta orain munduko bost kontinenteetan daude. Hauek garbi utzi dute txikitik eragiten hasita gauza handiak lor daitezkeela.
13.- Topaketa hauetan parte hartzeak zenbateraino aldatu dizu aurretik zenuen ikuspegia?
Konturatu naiz denok dugula zerbait esateko. Nahiz eta gazteak edo feminismoan esperientzia gutxikoak izan, denok egin ditzakegu ekarpen interesgarriak. Gainera, han bizitako guztiak indar handia eman dit hemen borrokatzen jarraitzeko. Zentzu horretan, motxila eta pilak kargatuta ekarri ditut.
14.- Orain han ikasitako guztia hemen zabaltzea dagokizu.
Irratian jada hainbat elkarrizketa egin ditugu. Hitzaldiren bat edo egitea ere nahiko genuke, ez baitugu han bizitakoa kontatu gabe utzi nahi.