1.- Berriki eratu duzue Sakana Harrera Hiriak erakundea. Zein da honen helburua?
Xedea errefuxiatuen errealitatea azaltzea da. Horrez gain, Europako estatuetako gobernuen jarreraren berri ere eman nahi dugu. Sakana Harrera Hiriak-ek, beraz, funtzio informatiboa dauka. Jendartea errefuxiatuen krisiaz informatu eta sentsibilizatzea da xedea. Gainera, dirua lortu nahi dugu Domizeko errefuxiatu-gunera bidaltzeko.
2.- Nola sortu zitzaizuen ekimena abiatzeko ideia?
Duela hilabete batzuk errefuxiatuak laguntzeko asmoz hainbat ekimen hasi ziren sortzen, bai Europan, bai Espainiako Estatuan, bai hemen bertan, Iruñean esaterako. Hori ikusirik, Sakanan ere errefuxiatuekiko elkartasun olatura batzea erabaki genuen. Azpimarratu behar da Sakana Harrera Hiriak ez zela soilik informatzeko edota salatzeko sortu; sareak ehundu eta errefuxiatuei babesa eta elkartasuna eskaintzea ere funtsezkotzat jotzen dugu.
3.- Proiektua gorpuztea lan neketsua izan al da?
Ez, nahia eta inplikazioa izanda horrelako egitasmoak aurrera nahiko erraz irteten dira. Errefuxiatuek bizi duten egoera oso larria da, eta garbi genuen Sakanan ere errefuxiatuei babesa emateko erakunde baten beharra zegoela. Orain proiektua zabaltzea dagokigu. Horretarako funtsezkoa izango da eskolekin, udalekin eta Sakanako Mankomunitatearekin elkarlanean aritzea.
4.- Orokorrean sakandarrak errefuxiatuen egoeragatik kezkaturik daudela uste duzu?
Bai. Irurtzunen, esaterako, jendea oso sentsibilizaturik dago herri kurduarekin. Dena den, oraindik lan asko dago egiteke. Urrutiko arazo bat den heinean, jende askorengan ez du kezkarik eragiten. Gure zeregina da sentsibilizazioa Sakana osora zabaltzea, errefuxiatuekiko elkartasuna ahalik eta handiena izan dadin.
5.- Erakundea aste honetan ari zarete aurkezten, Irurtzunen.
Bai, hala da. Herenegun errefuxiatu-eremuei eta harrera hiriei buruzko hitzaldia eman genuen, eta bihar Gani Mirzo, Alepoko artista kurduak kontzertua emanen du. Horren ostean elkartasun afaria izanen da Iratxo elkartean. Lortutako dirua Domizeko kanpalekura bidaliko dugu.
6.- Ibarrean barrena aurkezpen gehiago egingo dituzue?
Noski. Proiektua Sakana mailakoa da, beraz ahalik eta herri gehienetara iristea da helburua. Herri desberdinetan proiekzioak, hitzaldiak eta bestelakoak egitea daukagu aurreikusirik.
7.- Behin aurkezpenak eginda, zein izango da hurrengo urratsa?
Aurkezpen guztiak egin ostean, jendea sentsibilizatzeko bide desberdinak aztertuko ditugu. Azken batean, hori da erakundearen jomuga nagusia: sakandarrak errefuxiatuen egoera larriaz sentsibilizatzea. Horrez gain, ibar osoan barreiatutako lan-taldea nola koordinatu pentsatu beharko dugu. Izan ere, ekimenak herri guztietako jendea bilduko du. Horretaz landa, instituzioen inplikazio handiagoa lortu nahiko genuke, bai udalen partetik, bai Nafarroako Gobernuaren partetik. Horretarako presio lana egitea dagokigu.
8.- Diru-bilketarako zer bide erabiliko dituzue?
Alde batetik, kontzertu, afari eta hitzaldietarako txartelak salduta. Eta, bestetik, borondatezko ekarpenen bidez. Horretarako bi kontu korronte ireki ditugu. Hasieran agian bide honen bitartez dirua jasotzea kostako da, baina jendea sentsibilizatu ahala borondatezko ekarpenak gora egiten joango dira. Lorturiko diruarekin Domizeko errefuxiatu-guneari laguntzeko gure aletxoa jarriko dugu.
9.- Nolakoa da errefuxiatuek Domizen bizi duten egoera?
Domiz Irakeko Kurdistanen dago kokaturik. 30.000 pertsona hartzeko gaitasuna dauka, baina egun 50.000 errefuxiatu inguru daude bertan. Ez dago nahikoa baliabiderik bertan dauden pertsona guztien beharrei erantzuteko. Baldintzak benetan gogorrak dira: ur eta higiene instalakuntzak oso kaskarrak dira, eta gaitzak harrapatzeko arrisku handia dago.
10.- Nola definituko zenuke gobernu europarrek orain arte errefuxiatuekiko izan duten jarrera?
Lotsagarria. Pasibotasun handia ari dira erakusten benetan larria den gai batekiko. Jendea itsasoan hiltzen ari da, eta Europa ezikusiarena ari da egiten. Are gehiago, kasu batzuetan errefuxiatuak lagundu nahi dituztenen aurka ari dira egiten. Adibidez, Greziako Lesbosen dabiltzan boluntario asko ustez pertsona-trafikoan aritzeagatik atxilotu dituzte. Elkartasuna zigortu egiten dute. Erotzekoa da.
11.- Zein izan daiteke krisi humanitario hau geldiarazteko giltza?
Herritarren eta instituzioen arteko sarea osatzea da bururatzen zaidan irtenbidea. Gauza da Siriako errefuxiatuen migrazioak eteteko modu bakarra bertako gerra etetea dela, eta hor erantzukizuna estatuek dute. Herritarrek hor ezer gutxi egin dezakegu. Kalera irten, salatu eta aldarrikatu bai, baina azken hitza estatuek dute. Eta hauek oso interes gutxi dute gerrarekin amaitu eta errefuxiatuen egoera konpontzeko. Egoera zaila da.