Kalean da Sakandar Oi!, Sakanako lehen punk-oi! fanzinea

Oi!-arekin loturiko Sakana mailako gaiak jorratzen ditu, elkarrizketa, erreportaje eta bestelako artikuluen bidez. Sakanako hainbat herritan eskuratu daiteke, musutruk.

Joan den astean ikusi zuen argia Sakandar Oi! fanzinearen lehen aleak. Argitalpena Xabi Arbizu arbizuarrak sortu du, Sakanan punk-Oi! mugimendua eta bere filosofia sustatzeko xedearekin. Bere esanetan, duela urte batzuk Oi!-ak egoera oparoa bizi zuen ibarrean, baina egun behera egina omen da. Horrela, fanzinea ibar mailan musika eta kultura hori berriz ere errotzeko egitasmo legez definitu du Arbizuk: “Fanzinearen atzean Oi! mugimenduarekiko dudan miresmen eta konpromisoa dago. Azkenaldian Oi!-ak jaitsiera nabarmena pairatu du Sakanan, eta horrek pena ematen dit. Sakandar Oi! fanzinea egoera hori iraultzeko saiakera da”.

Arbizuren esanetan, Oi!-a langile klasearen espresio-bide bat da (klase sozial honen rock & roll gisa kontsideratzen du), eta balore errebelde batzuk sustatzen ditu, “egungo gizartearendako beharrezkoak direnak”. Fanzinea balore horien hedapenerako tresna izatea nahi du arbizuarrak. Lan eskerga egin behar izan omen du proiektua aurrera eramateko, baina emaitzarekin pozik dago, batik bat jendearengana iristea lortu duelako: “Halako argitalpen bat egiteak ordu asko eskatzen ditu, batetik edukiak bilatu eta landu behar direlako, eta bestetik diseinua pentsatu eta findu behar delako. Eta noski, ondoren muntatu eta banatu egin behar da. Bakarrik egiteko lan asko da. Baina uste dut ahaleginak merezi izan duela, fanzineak harrera ona izan baitu”.

Egilearen arabera, argitalpena Sakanatik eta Sakanarako egina da. Oi!-arekin loturiko Sakana mailako gaiak jorratzen ditu, elkarrizketa, erreportaje eta bestelako artikuluen bidez (lehenengo alean, esaterako, Alerta Gorria eta Nafarroa 1512 taldeei eginiko elkarrizketa bana dago, eta bailarako Oi! mugimenduari buruzko erreportaje bat). Dena den, Euskal Herriko nahiz nazioarteko Oi!-ari ere tokia egin dio Arbizuk: “Lehentasuna hemengoari ematen diot, baina beste esparru zabalago batzuk bazter utzi gabe. Izan ere, Oi! mugimendua bere osotasunean jorratu nahi dut”.

Bi hilabetean behin argitaratuko da
Lehen botaldian 160 ale banatu ditu Arbizuk. Bere esanetan, ale kopuruak agian handiagoa beharko luke, baita orri kopuruak ere, baina nabarmendu du ezinezkoa dela, kostuagatik. Izan ere, kontuan izan behar da fanzinea doakoa dela, eta kostu guztiak Arbizuk bere patrikatik ordaindu dituela. Etorkizunari begira, arbizuarrak dio ez duela estrategiaz aldatzea baztertzen: “Hainbatek esan didate oso gustura irakurri dutela, eta pena eman diela irakurtzez berehala amaitzeak. Orri kopurua handitzea ez dut baztertzen, baina hori, gertatzekotan, tiradaren murrizketarekin batera gertatuko da. Horrela ale gutxiago egongo lirateke eskuragarri, baina fanzineak kalitate gehiago izango luke”.

Argitaratze-maiztasunari dagokionez, egileak dio kasu honetan ere kostuek eta argitalpena doakoa izateak eragin nabarmena dutela. Bere esanetan, doakotasunak eskuragarritasuna dakar baina, era berean, ezinezko egiten du kostuak sarrerekin orekatu ahal izatea. Horrela, fanzinea hilabetean behin argitaratzea baztertzen du, “kostuak altuegiak izango liratekeelako”. “Nire ideia bi hilabetean behin argitaratzea da. Maiztasun horrekin kostuei aurre egin ahal izango diet. Hortaz, hurrengo alea iraila amaieran edo urria hasieran aterako da”.

Fanzinearen kontra azala eta azala.


Non eskuratu daiteke?
Irurtzun: Pikuxar tabernan.
Uharte Arakil: Anaiak tabernan.
Lakuntza: Sorgiñak tabernan.
Arbizu: Karrika, Arrauts eta Argibiden.
Etxarri Aranatz: Leku Ona tabernan.
Iturmendi: Gaztetxean.
Altsasu: Lezea tabernan eta Gaztetxean.
Olazti: Barandi tabernan eta Gaztetxean.
Iruñea: Herriko tabernan eta Su Berrin.