“Kritikak ongi etorriak dira, erakustokian zauden seinale baitira”

Hesian taldea. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

Fran Urias, Hesianeko gitarrajole eta abeslaria.

Dagoeneko hamar urte daramatza ekinean Hesian taldeak. Hainbat sakandarrek 2006ko udan sortu zuten, eta geroztik ibilbide biziki oparoa izan du. Urteurrena ospatzeko, berriki taldearen izen bereko diskoa plazaratu dute; beren zazpigarren diskoa, hain zuzen. Doinu lasai eta mugituak uztartuz, lan borobila atera zaie. Hala uste du, bederen, Fran Uriasek, Hesianeko kide sakandarrak.

Hamarkada bat daramazue eszena-tokietan. Hasieran posible ikusten zenuten horren bide luzea egitea?
Hasieran ez duzu horretan gehiegi pentsatzen. Hainbeste gauza dituzu buruan, etorkizunari ez diozula buelta handirik ematen. Denbora luzez iraungo genuela agian pentsa nezakeen. Finean, irautea ez da hain zaila. 30 urte pasa ditzakezu lokal batean sartuta. Baina ziur nago ez genuela esperoko egun gauden egoeran egotea. Zazpi disko atera ditugu jada, publiko zabal bat daukagu… Egoera oso onean gaude. 


Urteurrenarekin batera, disko berria plazaratu duzue, Hesian izenekoa. Nola deskribatuko zenuke?
Nahiko disko kuriosoa da. Alde batetik, orain arte egin duguna baino poperoagoa da. Hori batez ere nik idatzitako abestietan nabaritzen da. Abesti nahiko pertsonalak eta lasaiak dira. Baina Zuriñerenak apur bat gogorragoak dira: gitarra indartsuagoak dituzte, tronpeta-soinu gutxiago darabilte… Hortaz, nahasketa antzeko bat egin dugu, eta pozik gaude emaitzarekin. Abesti politak dira, oso entzungarriak. Disko borobila atera zaigu.  


Normalean, lehen diskoei jartzen zaie taldearen izena. Zuek, ordea, zazpigarrenarekin egin duzue hori. Zer dela eta?
Disko hau berezia izatea nahi genuen, eta horri buelta asko eman genizkion. Izenburuak ere berezia izan behar zuen. Orduan, ikusi genuen berezitasun hori emateko modu bat taldearen beraren izena jartzea izan zitekeela. Abesti baten izena jarrita, diskoaren zentzua aldatuko zatekeen. Izenburua urteurrenari, eta taldearen ibilbideari lotuta egotea nahi genuen. 


Disko hau aurrekoak baino sentimentalagoa dela aipatu duzu. Hori taldekideen egoeraren isla al da?
Bai, letrekin beti gertatzen da hori. Egia da disko hau aurrekoak baino askoz ere intimoagoa dela. Maitasuna asko ukitzen du. Gai politiko edo sozialetan ez gara hainbeste sartu. Eta alor musikalari dagokionez, uste dut disko honetan sekula egin gabeko gauzak egitera ausartu garela. Adibidez, abesti batzuetan biolinak erabili ditugu. Hori bai ez genuela sinistuko duela hamar urte.  


Horretaz aparte, bi abesti enblematiko berreskuratu dituzue, Behar zaitut eta Ezin ahaztu.
Bai. Uste dut bi abesti hauek mugarriak izan direla gure ibilbidean, bakoitza bere momentuan. Behar zaitut talde honen lehen abesti arrakastatsua izan zen. Honekin jende askorengana iritsi ginen. Bultzada handia eman zigun. Eta Ezin ahaztu Zuriñe sartu osteko lehen arrakasta izan zen. Garai gorabeheratsuak izan ondoren, abesti honekin egonkortasuna lortu genuen berriz ere. Norbait izatera itzuli ginen hain zaila den mundu honetan. Hortaz, esan daiteke bi abesti hauek markatu dutela gure ibilbidea, eta horregatik hautatu genituen disko honetarako. 


Behar zaitut-en kasuan, Sorkun eta Pettiren kolaborazioa izan zenuten. Zergatik aukeratu zenituzten bi artista hauek?
Sorkun beti izan da erreferentzia bat guretako. Gu hasi ginenean, ez zen hain ohikoa neskak eszenatoki gainean ikustea. Eta momentu hartan Sorkun zen Euskal Herriko ahotsa. Eduki ditugun neska abeslariendako erreferente oso garrantzitsua da. Haren baiezkoa izatea sekulakoa izan zen. Eta Pettiren kasuan, proiekturen batean harekin lan egiteko aukera izan nuen, eta bere ahotsak guztiz liluratuta utzi ninduen. Euskal Herriko mutil-ahotsik onenetakoa du. Eta hark ere gustura onartu zuen gure gonbidapena.

Urteurrena Durangoko Azokan ospatu zenuten. Horretarako plaza ezin hobea da, ezta?
Hala da. Pena bakarra, igandea izan zela, alegia, hurrengo eguna laneguna zela. Baina bestela, bai, plaza oso ona da disko bat aurkezteko: festa giroa izaten da, gonbidatu bereziak izan ditzakezu…


Oro har, nolako erantzuna ari da izaten disko berria?
Gauza oso onak ari gara entzuten. Durangon bertan ikusi genuen harrera ona ari zela izaten. Jendeak dagoeneko bazekizkien abesti batzuk. Momentuz, oso pozik gaude. Ezin gara kexatu. 


Nolanahi, kritikak ere jaso dituzue. Batzuen ustez, komertzialegia da. Nola jaso dituzue halako iruzkinak?
Kritikak espero genituen. Aurkezpen-prentsaurrekoan esan nuen bezala, inork ez badu esaten popero zikin batzuk garela, zerbait ez doa ondo. Kritikak ongi etorriak dira, erakustokian zauden seinale baitira. Hor ez bazaude, inork ez du zutaz hitz egiten. Jende kritikoa beti egon behar da. Normala da. Gauza asko izaten dira: inbidia, eta abar. Denetarik dago. 


Taldearen hastapenetan, kide guztiak sakandarrak zineten. Egun, ordea, soilik bi gelditzen zarete. Taldea oraindik sakandar gisa etiketatuko zenuke?
Bai, orain eta beti. Sakanan jaio zen, eta hori ezin daiteke ahaztu. Gainera, ezin dezakegu beste inon etiketatu, gainontzeko taldekideak ez baitira eskualde berekoak. 


Bestelakoan, Hesian asko aldatu al da izaeraz? Edo betiko nortasuna dauka?
Asko aldatu da. Hamar urtetan, jende pila pasa da hemendik, eta mila istorio gertatu dira. Gainera, sortu genuenean 20 urte genituen, eta orain 30 ditugu, nire kasuan behintzat. Esentziari eusten saiatu gara, baina aldaketa asko gertatu dira. 


Momentu edo garai batekin geratu beharko bazina, zein aukeratuko zenuke?
Momentu hau, orainaldia aukeratuko nuke. Iragana pasa da, eta ez du merezi beti atzera begira aritzea. Orain ongi, pozik eta gustura gaude, eta momentu hau ez nuke aldatuko. 


Dena den, une txarrak ere ez ziren faltako.
Noski. Gu talde oso gorabeheratsua izan gara. Taldekide aldaketa asko izan da, eta hori nabaritu dugu. Momentu oso gogorrak bizi izan ditugu. Baina bizitza bera da horrelakoa. Jendea badoa, jendea badator, batzuekin ondo zaude, beste batzuekin ez… Hori da dagoena. 


Zein izan da Hesianen arrakastaren gakoa?
Ez dakit gako bakarra dagoen. Hori bai, uste dut lanak ezaugarritzen gaituela. Lan pila egin izan dugu beti. Esfortzurik gabe, garbi daukat ezinezkoa dela arrakasta izatea.

Hemendik 10 urtera oraindik ekinean ariko zaretela uste duzu?
Auskalo. Asmoa izan, badugu. Orain oso gustura gaude behintzat. Bikotekideekin bezala gertatzen da: bikote batekin ongi baldin bazaude, etorkizunean berarekin jarraitzea espero duzu. Orain ongi gaudenez, beste urte askoan jarraitu nahiko genuke.