Euskarak oraindik bultzada baten beharra dauka Altsasun, kale erabilerari dagokionez batik bat. Haatik, ezin uka duela hamarkada batzuk baino egoera askoz ere hobean denik. 90eko hamarkadaren hasieran, kasurako, soilik herritarren %11,7 zen euskalduna Altsasun. Desoreka handia zegoen Sakanako orduko errealitatearekin, biztanleen %61,6k baitzekien euskaraz bailaran. Egoera horren aurrean, Altsasuko hainbat herritarrek Kima euskara taldea sortu zuten 1992an, eta urtebete geroago, Euskal Txokoaren proiektua hezurmamitu zuten, herriko euskaldunen bilgune izan zedin. Duela 25 urte izan zen hori, eta urteurrenaren harira, Kiman ibilitako bi kiderekin mintzatu gara.
Duela 25 urte sortu zenuten Euskal Txokoa. Zer helbururekin?
Joxepi Markinez: Ni Sakanako Mankomunitateko euskara zerbitzuan nengoen. Bertan hiru teknikari geunden, eta hirurok ikusten genuen Altsasun bazegoela euskaldunak batzeko beharra, modu horretan euskararen erabilpena sustatzeko. Ideia horrela sortu zen. Orduan, lehen saiakera egin genuen. Euskaldunen zentsutik pertsona batzuk aukeratu, eta eskutitza bidali genien. Erantzuna oso kaskarra izan zen ordea. Hamarren bat bilduko ginen.
Horren ostean, beste kanpaina bat egin genuen. Herri osoan zehar kartelak jarri genituen, arlo ezberdinetako altsasuarren argazki eta iritziekin, eta “Guk beharrezkoa dela uste dugu, eta zuk?” lemapean. Kanpaina harekin jendearen ikusmina piztu genuen, eta hurrengo bileran 50 bat pertsonak hartu genuen parte.
Ondoren zer urrats eman zenituzten?
Joxepi Markinez: Bilera horren ostean, talde handiago bat osatu zen, Euskal Txokoa sortzeko helburuarekin. Orduan hor eztabaida bat izan genuen: zerk izan behar zuen lehentasuna, toki bat lortzeak, edo jendea erakartzeak, nahiz eta toki jakin bat ez eduki?
Javier Casteig: Horren harira, bazen beste galdera bat: kalera atera behar zen euskara, edo leku itxi batean landu behar zen? Oroitzen naiz kontu horri buelta asko eman genizkiola. Azkenean bigarren mailakotzat jo genuen tokia lortzea. Ikusi genuen ez zuela merezi indarra hor jartzea. Euskal Txokoa leku fisiko bezala eratzeko ideiak gutxi iraun zuen. Tokia izatea ez zen lehentasunezkoa, eta gainera, bideragarria ere ez zen. Ez genuen nahikoa babes halako zerbait aurrera eramateko.
J.M.: Hortik aurrera taldeari eman genion garrantzia. Euskara talde bezala egin genuen aurrera. Bazkideak genituen, eta hauek kuota bat ordaintzen zuten. Behin taldearen helburuak eta izaera zehaztuta, ekintzak egiteari ekin genion.
Ekintza horiek nolakoak izaten ziren?
J.C.: Bertso afariak, bertso-paper lehiaketak, erakusketak, liburuen aurkezpenak, pegatina salmentak… Halakoak egiten genituen batez ere. Gauzak batzuk urtero egiten genituen, eta beste batzuk, oso noizbehinka. Azpimarratu beharra dago jende oso gutxi ibiltzen ginela. Sei edo zazpi bat lagun biltzen ginen bi astean behin. Bazkideen kuotari esker, ekintzak aurrera atera ahal genituen, baina jendearen erantzuna ez zen nahi bezain ona.
J.M.: Ekimen horiez aparte, hainbat erakunderekin kolaborazioak egiten genituen. Esaterako, elkarlanean aritu ginen, Bierrikekin, Mankomunitatearekin, udalarekin eta ludotekarekin. Azken horretan jolasak euskaratzen jardun genuen. Bierrikekin izandako harremanari dagokionez, gogoratzen dut Guaixeren sorreran parte hartu genuela. Bilera bat egin zen izena erabakitzeko, eta bertan izan ginen.
Zer bilakaera izan zenuten talde gisa?
J.C.: Hasieran ilusio handia genuen. Euskararen sustapenaren alde lan egiteak asko motibatzen gintuen. Alabaina, azkenean nekatzen hasi ginen, familia eta lan kontuak ere hor genituen… Denborak aurrera egin ahala, geroz eta maiztasun gutxiagorekin biltzen ginen, eta momentu batean amore eman genuen. Gauzak antolatzeko indarrik gabe gelditu ginen. Gero, entitate bezala, izenak hor jarraitu zuen, eta egin ziren saiakerak ideia berpizteko, baina uste dut ez zutela ibilbide luzerik izan.
Hortaz, herritarren artean proiektuak ez zuen arrakasta handirik izan.
J.M.: Ez, ez genuen herritarrekin konektatzea lortu. Batzuetan gonbidapen pertsonalizatuak egiten genituen, jendea erakartzen saiatzeko. Baina, salbuespenak salbuespen, herritarren erantzuna eskasa izan zen. Agian eraginkortasuna falta izan zitzaigun. Ez dakit. Akaso, ekintzak ez ziren behar bezain erakargarriak, edo besterik gabe, jendeak ez zituen gure helburuak partekatzen.
J.C.: Guk gure onena eman genuen, hortaz zalantzarik ez dut. Baina, azkenean, amore eman behar izan genuen. Jendea inguratzea ez genuen lortu, nekatu egin ginen, momentuan ez genuen erreleborik izan, eta, azkenean, talde gisa desagertu egin ginen. Saiatu ginen, baina porrot egin genuen.
Baina herriaren eta euskararen alde egindako lana hor dago.
J.C.: Bai, noski. Porrota diot, azkenean desagertu egin ginelako. Baina bidean zehar gauza asko egin genituen; batzuk hobeto, eta beste batzuk okerrago, baina beti intentziorik onenarekin. Gogor egin genuen lan euskara indartzeko, eta, egia esan, pozik nago egindako ahaleginarekin.
Garai hartan soilik herritarren %11,7 zen euskalduna Altsasun. Beraz, beharra bazegoen euskara sustatzeko.
J.M.: Bai, hala da. Ezagutza datuak oso kaskarrak ziren garai hartan. Euskaldunok multzo oso murriztu bat ginen. Horregatik, beharra zegoen euskara genekienok bildu, eta, modu horretan, hizkuntza indartzeko. Hori zen, hain zuzen ere, Euskal Txokoaren ekimenak zuen helburua.
Geroztik euskararen egoera asko aldatu dela uste duzue?
J.M.: Bai. Azken batean, hor dago euskaldun kopurua. Orain askoz ere jende gehiagok daki euskaraz hitz egiten. Gazte ia guztiak dira elebidunak, eta hori oso pozgarria da. Gainera, koadrila batzuetan nagusiki euskara erabiltzen da. Hori lehen pentsaezina zen. Gazte garaian agian gehiago jotzen da erdarara, baina ondoren, euskararen erabilpena igo egiten dela uste dut. Nik, behintzat, euskaraz egiten dut nire adineko askorekin. Eta Kiman genbiltzanean horretarako aukera askoz ere gutxiago zegoen. Garai hartan euskaldunak zenbatuak ginen. Orain, ordea, euskaraz hitz egiteko oztopo askoz ere gutxiago dago.
Alabaina, orain bada beste arazo bat: euskaldun askok nagusiki erdarara jotzen dute.
J.C.: Izan daiteke, bai. Erdararen aurrean amore ematearen zama hor dugu. Koadrila batean erdaldun bat agertzen denean, automatikoki erdara erabiltzen da. Egoera horietan beti atzera egiten dugu. Altsasuko giroa, oraindik ere, oso erdalduna da, eta horrek baldintzatu egiten du erabilpena. Bestelako giro batekin, ziur nago erabilpena askoz ere handiagoa izango litzatekeela.
Hemen euskararen kasuan militantea izan beharra dago. Eta agian militante kontzientzia hori da falta dena. Orain euskalkia berreskuratzeko ahaleginean hasi dira herritar batzuk, eta hori pizgarri izan daiteke. Urruti ikusten dut euskalkia osoki berreskuratzea, baina ahaleginak berak eragin dezake euskaraz gehiago hitz egitea.
Euskarari zer etorkizun ikusten diozue Altsasun?
J.M.: Ni baikorra naiz. Azken hogei urteetan aurrerapauso ugari eman dira, eta uste dut etorkizunean gauzak are hobeak izango direla. Nire ustez, aldaketa handia nabarituko da oraingo gazte elebidunak guraso bihurtzen direnean. Gaur egun, etxe askotan oraindik ez da euskaraz hitz egiten. Baina etorkizunean uste dut baldintzak askoz ere hobeak izango direla. Emaitzak denborarekin ikusiko dira.