Ibarrean popa edo rocka jotzen duten musika taldeek elkar ezagutzeko eta berauek hauspotzeko. Horretarako antolatu dute Sakanako pop-rock lehiaketa Lakuntzako Udalak, La Banda del Jefe Bigun taldeak eta Hatortxu Rockek. Musika estilo horiek jorratzen dituzten talde franko dago ibarrean, eta horien bozgorailu izatea du xede lehiaketak. Guztira 11 taldek eman dute izena, eta horiek guztiak nor baino nor ariko dira kanporaketa fasean. Antolatzaileetako bat den Ricardo Aretaren esanetan, ekimenak erantzun “oso ona” izan du momentuz. “Talde askok eman dute izena, espero baino gehiagok. Zortzi edo bederatzi bat espero genituen guk, baina azkenean uste baino hobea izan da erantzuna”.
Lehiaketara aurkezteko, parte hartzaileek bi baldintza nagusi bete behar izan dituzte: taldeko kide gehienak – %80 baino gehiago– sakandarrak izatea, eta gutxienez lau abesti propio edukitzea. Horretaz aparte, diskoetxe batekin kontratua indarrean duten taldeek ezin izan dute izena eman; bai, berriz, autofinantzatutako diskoak argitaratu dituztenek. Behin baldintzen egiaztapena burututa, honako taldeak onartu dituzte antolatzaileek: Shokdown, SLD, Embajada, Brutal Room, Atzapa Rock, Unnamables, Alerta Gorria, Dentera, Kaskatako, Zintz eta Garabatos. Aretaren esanetan, taldeok multzo oso anitza osatzen dute. “Adin aldetik, diferentzia handia dago batetik bestera. Eta estiloari dagokionez ere, denetik dago: punk rocka, heavya, metala, street punka…”.
Lehen fasea apirilaren 22, 28 eta 29an jokatuko da, Lakuntzako kultur etxean. Saioak hiruzpalau taldekoak izango dira, eta bakoitzak 15 eta 25 minutu arteko emanaldia eskaintzeko aukera izanen du. Bertan, beren lau kanta aurkeztu beharko dituzte gutxienez, eta emanaldia beste talde batzuen bertsioekin osatu dezakete. Hori bai, abesti guztiak egile edo konpositorearen baimenaren egiaztapen agiriarekin batera aurkeztu beharko dituzte. Gauzak hala, taldeek epaimahaiaren aurrean ariko dira, eta horrek erabakiko du zein iristen den finalera. Berau Hatortxuko partaide, Lakuntzako musikari eta Biltokiko gazte banak osatuko dute.
Modu horretan, hiru talde iritsiko dira maiatzaren 6ko finalera, eta bertan sarien lehian arituko. Lehen saria disko bat grabatzeko 40 orduko grabaketa izanen da, eta bigarrena, estudio batean eta ekoizle profesional batekin abesti baten produkzioa eta grabaketa egiteko zortzi orduko jardunaldia. Eta, horietaz aparte, sari berezi bat ere izanen da: Hatortxu Rocken 20. edizioan kontzertua emateko aukera. Azken horren kasuan, publikoaren irizpidea ere aintzat hartuko da irabazlea hautatzerakoan. Horrek lehiaketa bizituko duela deritzo Aitor Gartziak, Aretarekin batera antolatzaile lanetan aritu denak: “Sari berezia lortzeko beharrezkoa da publikoaren botoa edukitzea. Hortaz, taldeek beren lagunak ekarriko dituzte, eta horri esker giro polita egonen da kontzertuetan”.
Lehen saioa ate joka
Datorren astean, apirilaren 22an abiatuko da lehiaketa. Lehen saio horretan hiru talde ariko dira: Garabatos, Dentera eta Kaskatako, hirurak ere Altsasukoak. Aretaren arabera, oso saio polita izango da. “Talde oso desberdinak dira. Garabatosek betiko rock and rolla egiten du, Denterak heavy metala, eta Kaskatakori dagokionez, azpimarratu behar da kide gehienak oso gazteak direla. Batzuek 11 urte besterik ez dauzkate. Oro har, aniztasuna da nagusi, eta hori oso ondo dago”.
Talde bakoitzaren ezaugarriak eta ibilbidea aletuz, Garabatos duela bi urte sortu zen, eta geroztik makina bat kontzertu eman ditu AC/DC, Guns N Roses eta Led Zeppelin bezalako taldeen bertsioak interpretatuz. Hasiera batean Mikel Manero (bateria), Gaizka Ocaña (gitarra) eta Iñaki Gasko (gitarra) batu ziren, talde ona osatzen zutela ikusita, eta ondoren Irati Lasa (ahotsa) eta Asier Palomino (baxua) gehitu zitzaizkien. Ocaña, Manero eta Palomino aurrez talde berean egonak ziren, beraz, ez zuten denbora askorik behar izan taldea trinkotzeko. Bertsioak egiten finak dira, baina abesti propioak ere badituzte; esaterako, Poison I need, Dark Corner edota Like a jail.
Denterari dagokionez, hau lehiaketan parte hartuko duen talderik zailduenetako bat da. Izan ere, 2000an sortu zuten Emilio Boalek (baxua eta ahotsa), Angel Diazek (gitarra eta ahotsa) eta Javi Herrerok (bateria). Aurretik Boalek eta Diazek Tinnitus taldea osatu zuten, 1998an, baina bi urte geroago errepertorio propioa hasi ziren hezurmamitzen, eta orduan eratu zuten Dentera, Herrerorekin batera. Ondoren, 2007an, azken fitxaketa bat gehitu zitzaien, Iñaki Otxoa, ordura arte Ekintza Zuzena taldean gitarra eta abeslari lanetan aritua. Hamazazpi urteko ibilbidean hiru disko egin dituzte, Reakciones Adversas (2004), Punto Zero (2007) eta Los Enigmas del Tiempo (2012). Beren lanetan rock bizia da nagusi.
Kaskatako, bere aldetik, Altsasuko musika eskolako ikasle batzuek sortu zuten 2013an, orduan El Txino Kudeiro izenpean. 2015ean hainbat herritan jotzen hasi ziren –esaterako, Altsasun eta Urdiainen–, eta aurtengo ilbeltzean abesti propioak sortzeari ekin, eta taldeari Kaskatako izena jarri zioten. Gaur egun bost kidek osatzen dute: Jesus Palopek (gitarra eta ahotsa), Ekain Alegrek (gitarra), Unai Villalobosek (baxua eta ahotsa), Euken Perezek (bateria) eta Yakob Samanesek (pianoa). Ska, punk eta rock doinuak dira nagusi beren errepertorioan.