Sakana LH, eskaladako teknikari berrien harrobi

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa Apaolaza 2017ko eka. 9a, 09:07
Javier Berasaluze, eskalada irakaslea.

Sakana Lanbide Heziketako institutuak eskaladako kirol teknikari izateko ikasketak mustu ditu 2016-17ko ikasturtean. 2014an mendi ertaineko teknikari zikloa abiatu zuen, eta aurten beste pauso bat eman du. Praktika da nagusi ziklo berrian, ikasleek harkaitzetan jardutearen bidetik barnera ditzaten edukiak.

Lau modalitatek osatzen dute mendiko kiroletako irakaskuntza: mendi ertaineko zikloak, goi-mendikoak, eskaladakoak eta erreka-zuloenak. Bada, horietatik bi eskaintzen ditu Sakana Lanbide Heziketa institutuak. 2014az geroztik, martxan dauka mendi ertaineko kirol teknikariko zikloa, eta aurtengo ikasturtean eskaladako teknikari ikasketak mustu ditu. Egun lau ikasle ari dira ziklo berrian, hots, kopuru minimoa –maximoa, aldiz, zortzi ikaslekoa da–. Izena emandako hautagai guztiek lortu zuten zikloan sartzea, baina, horretarako, sarrera proba gogorrak gainditu behar izan zituzten: besteak beste, hamar kiloko motxilarekin 1500 metroko desnibela duen ibilbidea osatzea, eta 7a zailtasuneko bide bat bistaz egitea.

Eskaladako ikasketetako lehen bi zikloak –TD1 eta TD2– eskaintzen ditu Sakana LHk. Horiek gaindituta, gradu ertaina lortzen da. Lehen zikloa berdina da mendiko kiroletako ikasketa guztietan; beraz, lehen urtean batera aritzen dira mendi ertaineko zikloko ikasleak eta eskaladakoak. Espezialitatea bigarren ikasturtean erabakitzen da, behin lehen zikloa gaindituta. Orain arte, espezialitate bakarra zegoen eskuragarri Altsasuko zentroan, mendi ertainekoa, baina ikasturte honetatik aurrera eskaladakoa ere aukeratu daiteke. Bigarren zikloa lau bloketan dago banatuta: bloke komuna, osagarria, espezifikoa eta praktikoa.

Bloke komunean bat egiten dute espezialitate guztiek, gero ñabardura batzuk txertatzen dira bloke osagarrian, eta, ondoren, espezifikoan bakoitzak bere ildoari heltzen dio. Azken fase hori 320 ordukoa da, eta horietatik gehienak mendian ematen dituzte ikasleek, eskalatzen, gidari lana egiten, erreskateetarako trebetasuna lantzen… Aldea nabarmena da: praktikoak 250 ordu dira, eta teorikoak 70. “Gainera, ordu teoriko batzuk ere mendian bertan egiten ditugu. Adibidez, ainguratzeen kasuan, azalpen orokor batzuk ematen ditugu, baina gero harkaitzean ikusten dugu nola funtzionatzen duten”, azaldu du Jabier Berasaluzek, bloke espezifikoko irakasleetako batek.

Bloke komunak eta osagarriak hiru hilabete inguru hartzen dituzte, eta espezifikoa ere hiru hilabetekoa izaten da. Fase hau sei modulutan dago banatuta: gidari lana, garapen profesionala, eskaladako entrenamendua, prestakuntza tekniko eta metodologikoa, ingurumena eta segurtasuna. Horietako bakoitza bizpahiru ikasgaik osatzen dute, eta hiru modutara ebaluatzen da. Alde batetik, ebaluazio jarraitua dago; bestetik, gai guztietan lan bat egin behar da; eta, horretaz landa, kasu batzuetan azterketa dago. Behin bloke hau gaindituta, ikasleek 200 orduko praktikak egin behar dituzte enpresetan. Hortaz, ikasturteak ia urte osoa hartzen du.

Irteerak, eguraldiaren menpe
Fase espezifikoaz bi irakasle arduratzen dira: Berasaluze bera, eta Mikel Zabalza alpinista ezaguna. Berasaluzeren arabera, “oso ondo” doa estreinako ikasturtea, baina faltan bota omen du denbora gehiago edukitzea. “Dena behar bezala jorratu ahal izateko, interesgarria litzateke bloke espezifikoa apur bat luzeagoa izatea. Modulu asko daude, eta karga handikoak dira. Denbora gehiago behar da gauza guztiak praktikatzeko”. Ikasle kopuruari dagokionez, Berasaluzek uste du soilik lau ikaslerekin aritzea onuragarria dela. “Gidari bakoitza bi pertsonarekin dabil. Horrek kalitatea bermatzen du”. Nolanahi, nahiago omen luke, laurekin baino, zortzirekin aritzea. “Zortzirekin aukera gehiago duzu ikasleekin esperientziak trukatzeko”.

Esperientziak partekatzeko aukera, batik bat, irteeretan izaten dute. Oro har, astebetekoak izaten dira: astelehen goizean atera ohi dira, eta ostiral gauean itzuli. Alegia, murgiltze eredua darabilte. “24 orduko irakaskuntza izaten da. Kanpoan gaudenean aprobetxatu egiten dugu denbora, eta ordu pila bat sartzen dugu. Bide oso luze batean sartzen bazara, bertan 12-14 ordu pasa ditzakezu. Eta horri hurbilketa eta itzulera gehitu behar zaizkio”. Gauzak hala, irteera horietan ikasleek abagune paregabea izaten dute ikasgelan ikusitakoa praktikan jarri, eta kirol teknikari baten jarduna bertatik bertara ezagutzeko.

Alabaina, irteera horiek eguraldiaren menpe egoten dira. Hemen giro hezea izaten da maiz, eta hori eragozpena da eskaladarako. Horrela, bada, irteera bakoitzerako hainbat alternatiba izaten dituzte, eguraldiaren karietara jokoz kanpo ez gelditzeko. “Normalean bizpahiru aukera izaten ditugu. Batez ere Nafarroan ibiltzen gara: Sakanan bertan, Etxaurin… Eta, gero, Gipuzkoa, Araba eta Errioxara ere joan ohi gara. Baita Piriniotara ere. Datorren urtean Europako mendietara ere joango gara agian”.

Orekaren peskizan
Berasaluzeren hitzetan, ikasleek motibazio handia dute, “pasioz” bizi dutelako eskalada. “Halako graduetara aurretik esperientzia duen jendea etortzen da. Sarrera probak gainditzeko eskarmentua behar da nahitaez”. Kirolari gisa maila oso handia ei dute ikasleek, eta hori ederra dela deritzo Berasaluzek. Haatik, arlo batzuetan hutsuneak dituztela deritzo. “Desoreka apur bat dago ikasleen kirol mailaren eta beste arlo batzuen artean. Adibidez, bezeroekin duten trebetasunean hobetu beharra dute. Gakoa dena orekatzea da. Gidari ona izatea asko kostatzen da”.

Aurki udako praktikak hasiko dituzte, eta behin horiek gaindituta, TD2ko titulua jasoko dute. Behin hori lortuta, aukera izango dute lan mundura jotzeko, edo TD3a ikasteko. Honek aukera ematen du errendimendu handiko jendearekin aritzeko –Joku Olinpikoetara doazen kirolariekin, kasurako–. Une honetan, TD3a duten sei pertsona besterik ez daude Espainiako estatuan. Eta, epe motzean, kopurua ez da asko igoko. Izan ere, azken promozioa duela urte batzuk egin zen, eta egun estatu osoan ez dago aukerarik titulua lortzeko. Berasaluze prest dago urratsak emateko. “Ea hemendik bi urtera-edo animatzen garen, TD2a duen jendea batuta”.

Legeak intrusismoari mesede
Eskaladako kirol teknikari izateko ikasketek hainbat irteera eskaintzen dituzte lan munduari begira. TD2 titulua lortzen duten pertsona gehienak kirol irakaskuntzan, gidari lanean, entrenatzaile lanean edota rokodromoetan aritzen dira. Nolanahi, Nafarroan ez dago legerik lan horietan jarduteko titulua derrigorrezkotzat jotzen duenik. Beste erkidego batzuetan, aldiz, ari dira urratsak ematen; hala nola, EAEn. Bertan onartu den lege proiektu baten arabera, 2020rako titulazioa beharko du kirol teknikari gisa aritu nahi duen pertsona orok. Berasaluzeren ustez, titulazioa eskatzea da kalitatea bermatzeko modu bakarra. “Titulua kalitatearen bermea da. Titulua duen pertsona bat kontratatzen duzunean, badakizu prestakuntza berezia izango duela lan horretarako. Intrusismo profesional izugarria dago, ordea. Instalazio publiko eta pribatuetan jende asko ari da lanean titulurik gabe”.