Badator Hatortxu Rocken hogeigarren edizioa. Hasi da atzerako kontaketa. Datorren ostegunean, garilak 27. hasiko da Euskal Herriak inoiz ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena, eta igandera arte iraunen du. Duela hemezortzi urte jarri zen abian Hatortxu Rock, euskal presoen dispertsio eta urruntzea salatu, eta presoei eta beren senideei elkartasuna adierazteko. Dispertsio politikak eta honek eragindako kalteek bere horretan diraute gaur egun, eta aurtengo edizioa mugarri izatea nahi dute antolatzaileek. Beren esanetan, beharrak “erraldoiak” dira; hori dela-eta, Hatortxu Rock 20 ere erraldoia izatea deliberatu dute.
Aurtengo jaialdiak duela zortzi urte izandako egoitza bera izango du: Lakuntza. Orduko hartan Lakuntzako herriak emandako erantzunak arrastoa utzi zuen antolatzaileengan, eta, beren hitzetan, ez dute zalantzarik izan hogeigarren edizioko jaialdi berezia ere bertan atontzeko. Erronka handia da, milaka lagun gerturatuko direlako 84 kontzertu eskainiko dituen lau eguneko ekitaldiaz gozatzera. Dena behar bezala irten dadin, 6.718 boluntario lortu nahi dituzte antolatzaileek. Erraldoia izango da jaialdia, eta auzolana ere halakoxea izatea nahi dute. Dagoeneko 5.000 lortu dituzte, eta datozen egunetan kopuru hori gizentzen segitu nahi dute, 6.718ko zifrara iritsi arte.
“Hatortxu Rockentzat ezinbestekoak dira boluntarioak. Hauek muntaiaz, garbiketaz eta bestelakoez arduratuko dira. Aurtengoa Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena izango dela esaten dugunean, benetan sinesten dugu, eta behar dugu jende guztiak hala sentitzea”, adierazi du Hatortxu Rockeko antolatzaileetako bat den Aitor Agirrezabal kazetariak. Bere esanetan, esperientzia “emankorra” da halako jaialdi bat barrutik ezagutzea, eta jendea parte hartzera animatu du. “Jendeari sei orduko txandak egitea eskatzen diogu. Hori bai, esperientzia ederra da. Jendea etortzera animatzen dut. Alde batetik, ezinbestekoa delako, baina baita oso polita delako ere horrelako zerbaiten parte izatea”.
Egunotan buru-belarri dabiltza jaialdiaren guneen eta kanpalekuaren muntaketa lanetan. Denera bost gune egonen dira: Beriain gunea, Naiz gunea, Herria gunea, jantokia eta kanpalekua. Gune nagusia Beriain gunea izango da, duela zortzi urte ospatu zen edizioan bezala. Oraingoan funtzio bera izango du, baina formatu desberdinarekin. Bertan lau eszenatoki egonen dira, bi kanpoan –ilusioa eta elkartasuna deiturikoak–, eta beste bi karpa baten barruan –hator neska eta hator mutil deiturikoak–. Naiz gunean, bere aldetik, kafetegi bat egongo da, baita hainbat hitzaldiz gozatzeko aukera ere. Agirrezabalen arabera, “lasaiago” egoteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.
Kanpaleku “dotorea”
Herria guneari dagokionez, hau Lakuntzako herrigunean egonen da kokaturik. Bertan hitzaldiak eta kontzertuak izango dira, baita Hatortxu Rocken materiala saltzeko denda bat eta jantoki bat ere. Dena den, jantoki nagusia herritik kanpo egongo da, beste guneen ondoan. “Bertan lasai jateko aukera izango da, eta supermerkatu bat eta garagardotegi bat ere egongo dira”, azaldu du Agirrezabalek. Eta ostatu hartzeko alternatibei dagokienez, bertaratutakoek kanpaleku bat izango dute eskuragarri, zeina hiru gunetan egongo den banaturik: lau egunetarako bonoa dutenen kanpalekua batetik, eguneko kanpalekua bestetik, eta, hirugarrenik, autokarabana eta furgoneten aparkalekua. Gune horiek “dotore” ari direla gelditzen azpimarratu du Agirrezabalek.
Kanpalekuak jendez mukuru beteko dira, milaka pertsona etortzea aurreikusten baita. Asko eta asko Euskal Herriko hamaika zokotatik etorriko dira, baina kanpotik etorriko direnak ere ez dira gutxi izango. Hatortxu Rockeko antolatzaile Agirrezabalen esanetan, jende ugari etorriko da Espainiako Estatuko puntu askotatik; esaterako, Herrialde Katalanetatik, Madrildik, Andaluziatik, Galiziatik edota Asturiasetik. Eta, hori gutxi balitz bezala, Ingalaterra, Suitzan eta Belgikan ere saldu omen dituzte sarrerak. “Hori horrela, hainbat irteera egingo ditugu, jendeak Sakana ezagutu dezan. Etorriko direnei gomendatzen diegu ez daitezela denbora guztian barrutian sartuta gelditu”.
Lakuntzara gerturatzeko moduei dagokienez, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzera animatu nahi dute jendea. Hor egonen dira autobusa eta trena bezalako alternatibak –anezkak egongo dira Etxarritik Lakuntzara–. Gainera, ostiral eta larunbatean eskuragarri egongo da Jaibus zerbitzua, ohiko ordutegiarekin. Jaialdira autoz joan nahi dutenek, aparkalekuak izango dituzte Arbizu eta Lakuntza artean, bost eurotara. Lakuntzako herria asteazkenean itxiko dute, 18:00etan, eta hortik aurrera soilik pasea dutenak sartu ahal izanen dira.
Indartsu hasiko da
Handia izango da emanaldien maila. Urtero hala izaten da, baina horretan ere berezia izango da 20. edizioa. Euskal Herriko talderik indartsuenak izango dira taula-gainean, baita nazioarteko hainbat talde garrantzitsu ere. “Gustu anitzetarako eskaintza bat dago. 84 taldeak ez dituzu gustuko izango, baina bai horietako asko. Hori da bilatu duguna: estilo eta jatorri desberdineko gauza bereziak eskaintzea”, azaldu du Agirrezabalek. Nolanahi, dena ez dira kontzertuak izango: hainbat hitzaldi interesgarriz gozatzeko parada ere egonen da. “Milaka pertsona egongo diren esparru hori aprobetxatu beharra dago gure mezua zabaltzeko”.
Egitaraua lehen egunetik bertatik izango da potoloa. Antolatzaileek 18:30ean egingo dute irekiera ekitaldia, Herria gunean. Hortik aurrera, kontzertu ugari izango dira bertan nahiz Beriain gunean. Herria gunean, Sorkunek eta Tximeletak eskainiko dituzte kontzertuak –19:30ean eta 22:00etan, hurrenez hurren–. Beriain gunean, bere aldetik, honako taldeek joko dute: 20:00etan Leihotikanek eta El Sonido de la Metrallak; 21:05ean Willis Drummondek eta Raperos de Emausek; 22:30ean Esne Beltzak eta Estricallak; 23:35ean Soziedad Alkoholikak eta El Diluvik; 00:20etan Narcok eta Skakeitanek; 1:25etan Green Valleyk eta Porco Bravok; 02:30ean Def Con Dosek eta Dakidarriak; eta 03:35ean Strombersek eta Elepunto Vs Jotatxok.
Horrez gain, 19:00etan Lakuntzako plazara iritsiko da Kalera-Kalera martxa, euskal preso, deportatu eta iheslarien eskubideen aldeko ekimena. Ostegunean atera zen Gernikatik, eta Lakuntzara iristean ekitaldia egingo du.
Paseak lakuntzarrendako eta langileendako
Lakuntzako herria datorren asteazkenean 18:00etan itxiko da herritarrak ez direnendako. Lakuntzarrek zortzi kontrol puntu izango dituzte herritik atera ahal izateko, eta hiru herrira sartzeko: Sakana fundizioko puntua, gasolindegi puntua eta hostoak puntua. Soilik pasea duten autoak igaro ahalko dira segurtasun puntu horietatik. Paseak, besteak beste, Lakuntzako biztanleek eta bertan lan egiten dutenek lortu ahal izanen dituzte. Dagoeneko jaso dute pasea autoa Lakuntzan erroldatuta dutenek, eta gainontzekoek garilaren 21era arte izango dute pasea lortzeko aukera.
Igandean kenduko dituzte aldez aurretiko sarrerak
Sarrera aldez aurretik erosi nahi duenak igandera arte dauka aukera. Lau egunetarako bonoak 70 euro balio ditu Interneten bidez edota puntu fisikoetan erosiz gero. Txarteldegian 90 euroko salneurria izango du. Bestalde, honako prezioa dute egun bakoitzeko sarrerek: ostegunekoak 30 euro aldez aurretik eta 40 txarteldegian, eta ostiralekoak eta larunbatekoak 35 aldez aurretik eta 45 txarteldegian. Igandean, ordea, debaldekoa izango da sarrera. Kanpatzeko eskubidea sarrera guztiek ematen dute –egunekoek, egun horretan kanpatzeko; bonoek, egun guztietan kanpatzeko–.