Mugarri izateko bidean

Atzo hasi eta igandera arte, Hatortxu Rocken hogeigarren edizioa ospatuko da Lakuntzan. Antolatzaileen arabera, Euskal Herrian sekula egin den elkartasun jaialdirik handiena izango da. Musika izango da nagusi, baina hitzaldiek eta mendi martxek ere izango dute tokia.

1999an ospatu zen lehendabizikoz Hatortxu Rock elkartasun jaialdia, Berriozargo frontoi txiki batean, lau lagunen ekimenez. Bi xederekin atondu zuten: euskal preso politikoek, iheslariek eta deportatuek bizi zuten egoera salatzea, eta dispertsioak kaltetutako senideei gastuak arintzea. Geroztik, jaialdiak bilakaera izugarria izan du. Hazten joan da urterik urte. Haatik, berau antolatzeko zioek bere horretan diraute. Hiltzeko jaio zen Hatortxu Rock, baina aurtengoa jada hogeigarren edizioa du. Beste edozein musika jaialdirentzat gauza handia litzatekeena, kezka iturri da kasu honetan. Izan ere, dispertsio politikak indarrean jarraitzen duela-eta dirau bizirik jaialdiak.  

Gauzak hala, hogeigarren edizioa mugarri izatea nahi dute antolatzaileek. Horregatik, lau eguneko jaialdi erraldoia prestatu dute, marka guztiak apurtu, eta mahai gainean kolpea emateko. Edizio berezi honek Lakuntza izango du egoitza. 2009ko edizioa ere bertan ospatu zen, eta, orduko hartan, jaialdiaren antolatzaileak oso pozik gelditu ziren herritarren erantzunarekin. Bada, oraingoan sentipen bera izaten ari dira. Hala dio, bederen, Aitor Agirrezabalek, Hatortxu Rockeko antolatzaile eta boluntarioetako batek: “hasieratik jaso genuen lakuntzarren babesa proposamena egin genienean. Gainera, lan handia egin dute hilabete hauetan. Oso eskertuta gaude. Beren babesik gabe ezinezkoa zatekeen guretzat aurtengo edizioa antolatzea”. 
 
Auzolana betidanik izan da Hatortxu Rocken ardatzetako bat, baina aurten are garrantzitsuago bihurtu da, jaialdiaren dimentsio erraldoia dela-eta. Antolatzaileek 6.718 boluntario lortzea zuten jomuga, baina jaialdia hasteko hiru egunen faltan oraindik 800 falta zitzaizkien aipatu zifrara iristeko. Kontuak kontu, atzo arratsaldean abiatu zen jaialdia, eta igandera arte luzatuko da. Guztira 84 musika taldek hartuko dute parte lau egunetan zehar. Taula-gainean izango dira Euskal Herriko talderik indartsuenak, baita sona handiko nazioarteko hainbat talde ere. Eskaintza musikalari dagokionez, Agirrezabalek aniztasun handia izango dela azpimarratu du. “Ezinezkoa da halako zerrenda baten aurrean zure gustukoa izango den talde mordoxka ez aurkitzea”.

Zernahi ere, aurtengo Hatortxu Rock musika jaialdi huts bat baino askoz gehiago izatea nahi dute antolatzaileek. Horregatik, eszenatokietatik at ere eskaintza zabala izanen da  lau egunotan. Adibidez, mendi martxak eginen dira Beriainera eta Aralar-Arangunera. Gainera, hainbat hitzaldi ere izango dira; kasurako, larunbatean Preso politikoak eta gatazkaren konponbidea hitzaldia eskainiko dute nazioarteko hainbat ordezkarik. “Milaka pertsona bertaratuko dira Lakuntzara, eta ezin da ahaztu zergatik eta zertarako gauden hemen. Esparru hori aprobetxatu beharra dago gure mezua zabaltzeko”, azaldu du Agirrezabalek.

Igandean, ekitaldi nazionala
Ostegunetik larunbatera jaialdiak ohiko itxura izanen du, baina igandea egun berezia izango da. Orduan egingo da aurtengo edizioko ekitaldi nagusia: dispertsioaren kontrako ekitaldi nazionala, Nahikoa da… Etxera! lelopean. Berau ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute antolatzaileek, eta, horretarako, adin guztietako jendea gonbidatu dute. “Askok jende gaztearekin eta parrandarekin lotzen dute Hatortxu Rock. Igandea eskema horretatik atera nahi dugu. Aldarrikapen egun bat izango da. Ikastolen aldeko festen antzeko itxura izango du”, azaldu du Agirrezabalek.

Ekitaldi nazionala 13:00etan hasiko da, eta ondoren herri bazkaria egingo da Lakuntzako plazan. Egun osoan umeendako hainbat jarduera izango dira, baita hainbat kontzertu ere: besteak beste, Ken Zazpiren, Gozategiren, Enkoreren eta Huntzaren doinuez gozatzeko parada egonen da. Igandean debaldekoa izango da sarrera. Ostiral eta larunbatean, ordea, 45 eurotan salduko dira eguneko sarrerak, eta egun guztietako bonoek 90 euroko prezioa izango dute. Sarrerak txarteldegian eskuratu beharko dira, joan zen igandean amaitu baitzen txartelak aldez aurretik erosteko epea.

Herria, autoendako itxita
Egunotan jaialdira milaka pertsona etorriko direnez, herria asteazkenetik dago itxita autoendako. Soilik pasea duten ibilgailuak sar daitezke herrira; alegia, lakuntzarrenak eta bertan lan egiten dutenenak. Zortzi kontrol puntu dituzte herritik atera ahal izateko, eta hiru sartzeko: Sakana fundizioko puntua, gasolindegi puntua eta hostoak puntua. Pasea ez dutenek antolakuntzak Arbizu eta Lakuntza artean egokitutako aparkalekuetan utzi dezakete autoa. Sarrerak bost euro balio ditu.

Nolanahi, antolatzaileek nahiago dute jendeak garraio publikoa erabiltzen badu. Lakuntzara autobusez eta trenez joan daitekeela azpimarratu dute –anezkak egongo dira Etxarritik Lakuntzara–. Gainera, ostiral eta larunbatean sakandarrek eskuragarri izanen dute Jaibus zerbitzua. Ohiko ordutegia izango du.


Mugarik gabeko elkartasuna
Edizio honetan kanpalekua egongo dela baliatuz, Hatortxu Rockek janari bilketa egingo du Zaporeak elkartearekin elkarlanean. Igandean janaria biltzeko postu bat jarriko dute kanpalekuaren atarian. Bildutako elikagaiak Chioseko (Grezia) errefuxiatu-kanpalekura eramango ditu aipatu elkarteak. “Ekimen honen bitartez, Hatortxu Rocketik gure elkartasuna adierazi eta ahal dugun moduan gure ekarpena egin nahi dugu Greziako kanpalekuetan pilatuta dauden errefuxiatuei laguntzeko”, adierazi dute antolatzaileek. Egunotan jaialdira joango direnei eskatu diete soberakinak ez botatzeko eta berauek Zaporeakeko kideei emateko.


Gustu guztietarako kontzertuak
Egunero eskaintza musikal anitza izango da goizean hasi eta goizaldera arte, jaialdiko guneetan. Igandean doakoa izango da sarrera.






Oholtzetatik at ere, eskaintza zabala
Aurtengo Hatortxu Rock musika jaialdi bat baino gehiago izango da. Izan ere, kontzertuez aparte, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, hitzaldiak eta mendi martxak.

 Osteguna 27
18:30 Hasiera ekitaldia herriko plazan.
19:00 Kalera-kalera martxaren amaiera.
19:15 Sakatu elektrotxaranga.

Ostirala 28
8:30 Mendi martxa Aralar-Arangunera.
12:00 Hitzaldia: Etxerat eta preso eta senideen aldeko herri ekimenak (kultur etxean).
19:00 TTEK elektrotxaranga.


Larunbata 29
8:30 Mendi martxa Beriainera.
10:00 Graffiti erakusketa gaztetxe parean.
12:00 Nazioarteko hitzaldia: preso politikoak eta gatazkaren konponbidea (kultur etxea).
19:00 Zo-Zongo! perkusio taldea.
21:00 Zo-Zongo! perkusio taldea.


Igandea 30
10:45 Artisau eta ekoizleen azoka egunean zehar (Mikel Arregi kalea).
11:00 Haur txokoa Beriain gunean.
13:00 Dispertsioaren kontrako ekitaldi nazionala, Nahikoa da… etxera! lemapean (Beriain gunean).
14:00 Herri bazkaria plazan.
15:00 Irrien Lagunak (Naiz gunean).