1. Zergatik erabaki zenuen ikastaro honetan parte hartzea?
Langabezian nengoen, ez neukan gauza handirik egiteko, eta lagun batek komentatu zidan bioeraikuntza ikastaro bat egin behar zela. Aurrez, gai horren inguruan ez neukan jakintza handirik, baina interesgarria iruditu zitzaidan. Pixka bat ikasteko asmotan eman nuen izena.
2. Hortaz, hutsetik hasi zara.
Nik ingeniaritza teknikoko ikasketak egin nituen, baina horretan ez naiz asko aritu. Guztira, sei bat hilabete. Urte askoan taberna batean aritu naiz beharrean, eta lan hori utzitakoan ikusi nuen ikastaroaren eskaintza. Beraz, bai, esan daiteke ia hutsetik hasi naizela. Aita eraikuntzan aritu da bizi osoan, eta udaren batean lagundu behar izan diot. Baina bioeraikuntza oso desberdina da.
3. Zure ustez, zer du berezitik?
Eraikuntza arrunta egungo bizimodu estresagarrira dago loturik. Dena presaka egin behar da. Bioeraikuntza joera horretatik aldendu egiten da. Egia esan, ez dakar ezer berririk. Garai bateko teknikak erabiltzen dira, egungoak baino jasangarriagoak direnak. Gauzak lasaiago eta garbiago egiten dira.
4. Nolakoa izan da zuretako ikastaroaren esperientzia?
Oso positiboa. Talde oso polita elkartu gara. Bioeraikuntzan aurretik aritutako jendea zegoen, eta horrek asko ikasteko aukera ematen zizun. Gainera, maila handiko irakasleak izan ditugu. Estatuan izen handia duen jendea etorri zaigu irakastera. Horri guztiari esker, esperientzia oso polita bizi izan dut.
5. Metodologia praktikoa izan da nagusiki, ezta?
Hori da. Teoria ere eman digute, baina garrantzia gehien teoria hori praktikan jartzeari eman zaio. 225 metro karratuko eraikin bat egin behar izan dugu. Zimentuetatik goraino. Lan desberdinak izan ditugu. Lehenik zimentazioa, gero egitura osatzea, lastozko paretak egitea… Oso dibertigarria izan da.
6. Ez da lan erraza izango halako eraikin bat altxatu behar izatea.
Zimentuak egiteak ez zeukan misterio handirik. Baina ondorengo lanek zailtasun gehiago izan dute. Egitura, lastozko paretak, sabai berdea… Beharrezko argibideak eman dizkigute gauza horiek guztiak egiteko. Asko ikasi dugu.
7. Maiatzetik irailera arte luzatu da ikastaroa. Guztira 628 ordu izan dira. Jada maisua zara bioeraikuntzan?
Kar-kar. Inondik inora. Nire lehen esperientzia izan da mundutxo horretan, eta maisua izateko eskarmentu gehiago pilatu beharko dut. Ikastaroarekin oinarrizko gauzak ikasi ditut: bioeraikuntza zertan datzan, zer filosofia duen, zer aukera ezberdin dauden… Egia esan, asko interesatu zait, eta gogoa daukat sakontzeko eta gehiago ikasteko.
8. Guztira 21 ikasle aritu zarete, eta denek duzue ezaugarri bat komunean: langabezian zaudete.
Bai, langabezian ginenok geneukan lehentasuna. Hala, ikasle guztiak antzeko egoeran geunden. Baten batek bazeukan lan txikiren bat, baina gauza handirik ez. Ikaskideekin oso gustura ibili naiz. Mundu guztia ikasteko asmoz joan da, prestasun handiarekin. Eta irakasleak ere beti izan dira prest laguntzeko.
9. Zenbat irakasle izan dituzue?
Modulu bakoitzeko bi. Eta denera sei modulu izan ditugu. Baten bat modulu bat baino gehiagoan aritu da. Guztira, hamar bat irakasle izango genituen. Eskarmentu eta prestakuntza handiko jendea da. Eta ikasleak prestatzeko gaitasun handia duena.
10. Ikastaroko zuzendaria Iñaki Urkia izan da, Arbizuko kanpina eraiki zuen arkitekto tafallarra. Asko ikasiko da halakoengandik.
Nafarroan, bioeraikuntzarena oraindik ez da oso zabala. Erreferente nagusienetakoa da Iñaki. Pertsona oso interesgarria da. Gauzak egiteko eta ikusteko modu oso berezia dauka. Berak ez digu klaserik eman. Astean behin etorri da, errepaso bat egiteko, eta berarekin hizketan aritu izan gara. Eraikina altxatzerakoan akatsak egin ditugunean, soluzioak eman dizkigu.
11. Zer lan aukera izan ditzakezu bioeraikuntzaren alorrean?
Ikastaroan bertan, zimentazioko irakasle batek berarekin lan egiteko eskaini zigun, bospasei hilabeteko lan bat atera zitzaiolako. Alabaina, ikastaroa oraindik bukatu gabe zegoen, eta denok genuen bukatzeko asmoa. Aurrera begira, zabaltzen ari den alor bat da, eta aukerak izanen dira. Nire partetik, uste dut oraindik formazio gehiago behar dudala lanean hasi aurretik. Edo, bestela, formazio hori lanean bertan hartu beharko nuke.