Orea ½ l ur 200 g gurin 250 g irin 3-4 arrautza gatza gurina
Pastel-krema 1,5 l esne 12 arrautza 300 g azukre 150 g irin gurina 1 kanela makila 1 limoi azal
NOLA EGIN
Pastel-krema
Berotu eltze batean esnea, kanela makila eta limoi azala, irakin arte.
Nahastu katilu batean azukrea eta irina, eta gehitu arrautzak. Dena ongi nahastu, orea egin arte.
Sutan genuen esnea katilura bota eta ongi nahastu. Bota nahasketa eltzera, iragazirik; jarri berriz sutan eta etengabe nahastu, irakin arte. Egosten hasitakoan, bota beste katilu batera eta gehitu gurin puska batzuk, eta ongi nahastu.
Zoldarik ez sortzeko, jarri film plastikoa kremaren gainean. Hozten utzi.
Orea
Berotu eltze batean ura, gatza eta gurina, dena desegin arte.
Gehitu irin guztia batera eta bizi-bizi nahastu, eltzearen paretatik ongi bereizi arte. Egin dugun orea txurroak egiteko erabiltzen da.
Sutatik kendu, pixka-pixka bat hoztu, eta hasi arrautzak gehitzen, banaka-banaka. Zenbat arrautza? Lau-edo. Ore zati bat koilaraz hartu, eta koilaratik berez erraz samar askatu arte.
Igurtzi erretilu bat gurinez edo jarri labeko papera (landare-papera).
Bete pastelgintzako mahuka bat eta egin bolatxoak, bereizirik, bolatxoek elkar ukitu gabe.
Labean sartu, 175 gradutan. Egin arte ez labeko atea zabaldu. Guztira 20 minutu inguru beharko dituzte egiteko (hazi direla eta ustez eginik daudela ikusita ere, kontuan hartu 5 bat minutu behar izaten dutela barnealdea egiteko).