Piper txorizeroak uretan egosi, 5-10 bat minutuz, hidratatzeko. Egindakoan, mamia kendu eta gorde.
Salteatu zizak zartagin batean; ziza mota bat baino gehiago baldin badugu, ez denak batera salteatu, bereizirik egin. Gorde.
Patatak zuritu, eta xerratan moztu. Uretan egosi, gatza emanda. Egositakoan, ura kendu eta gorde. Nahi badugu, egosi ordez frijitu egin ditzakegu.
Eltze zabal batean, egin baratxuria oliotan, azal eta guzti. Egindakoan, atera eta gorde; epeldutakoan, zuritu.
Tipula fin-fin moztu, eta potxatu baratxuriak egiteko erabili dugun olioan, gatza emanda.
Tipula potxatutakoan, gehitu bakailaoa azalik gabe eta dadotan moztuta; azala gorde, pil-pil saltsa egiteko. Nahastu eta sueztitu, 10 bat minutuz.
Pil-pil saltsa egiteko, jarri zartagin batean bakailaoaren azala oliotan. Jarri zartagina sutan, su txikian, eta aldian-aldian eragin zartaginari, pil-pila egin arte.
Gehitu ajoarrieroari piper txorizeroen mamia, eta nahastu.
Gehitu tomatea, lata txiki baten erdia-edo, eta nahastu. Eduki sutan pixka batean, eta sua itzali.
Gehitu ajoarrieroari eta nahastu hurrenez hurren: lehendik eginik genituen baratxuriak txikiturik, pil-pil saltsa iragazirik, zizak eta patata egosiak.
Ajoarrieroa probatu, eta, behar badu, gatza eman.
Zerbitzatu aurretik, bota perrexil pixka bat gainean.