Gela eta buruetako hormak bota, ikastoletako umeen onurarako

Berrikuntza handia gertatzen ari da ikastoletako Haur Hezkuntzan. Abiapuntu eta beharrak hagitz desberdinak izanik, bakoitza bere eran eta martxan doa, baina bide berbera egiten ari dira 60 ikastola. Aldaketa nagusia haurra erdigunean jartzea da

Ernetzen ari den hazia da haurra. Berez dakar landare bihurtzeko behar duena; lurrean zabaldu eta berez joango litzateke hazten. Baina hazi horri lur egokia, eskatzen duen ura, behar duen eguzkiaren beroa eta argia eta hobeto hazteko ongarria ematen bazaizkio, landare horrek berak dakarren lorea emango du. Hortaz, hazi bakoitzaren beharrei erne egon behar dugu: berak adieraziko digu noiz behar duen ura eta zenbat ur behar duen ez itotzeko, noiz behar duen berotasun handiagoa edo noiz ari den erretzen, noiz dagoen aseta, bapo, gustura».

Testu horrek laburbiltzen du ikastolek nola ulertzen duten orain umea. Hor egin dute lehendabiziko aldaketa Haur Hezkuntzarako proiektua sortzerakoan. Goazen pausoz pauso. Beñat Azurmendi egitasmo honen arduradunak abiatze puntuan kokatu gaitu: Azpeitiko Ikastolak, Arizmendi Ikastolak eta Mondragon Unibertsitateko Hazitegik Bordeleko Montagnerren eskola bisitatu zuten. Han jasotakoarekin zazpi ikastolako taldea, Ikastolen Elkartea eta Hazitegi elkartu, eta markoa lantzeari ekin zioten duela lau urte. Oinarrizko dokumentu horretatik jaio zen proiektua, atzean teorizazioa eta ikuspegi zientifikoa dituen ardatz batekin: ikaslea eta bere beharrak erdigunean jartzea. 60 ikastolatara hedatu da. «Bakoitzaren abiapuntua oso ezberdina dela konturatzen ari gara, baina nazio proiektua da eta ikuspuntua berdina da denontzat. Lehendabiziko helburua ikastola bakoitzak bere proiektua egitea da, bere baliabide, errealitate eta beharrekin», esplikatu du Azurmendik. Horretarako aholkulari eta laguntzaile dituzte zazpi ikastola aitzindariak, Bergara, Altsasu, Ibarra, Lekeitio, Durango, Elorrio eta Azpeitikoak.

Ikastolaren arabera aldatzen den arren, Haur Hezkuntzak 0 eta 6 urte arteko txikiak hartzen ditu barrenean. Baina proiektuaren ikuspegia zabalagoa da. Pertsona proiektu osoa hartzen da kontuan eta, hala, aldaketa Lehen Hezkuntzara ere hedatzen ari da. Oinarrian hiru irizpide daude: haurrarenganako errespetua (bere erritmoak, izaera, jarrerak... pertsona bezala aintzat hartzea); konfiantza (bera gai da bere bidea eraikitzeko eta irakasleak horretan konfiantza badu aukera gehiago izanen ditu txikiak) eta ziurtasun fisikoa eta emozionala bermatzea.

Ekiteko espazioak jarri

Funtsa ekintza denez, ekiteko guneak jarri dituzte: motrizitatea lantzeko gunea, esperimentatzekoa, eraikuntzakoa... baita gordetzekoa eta lasaitzekoa ere. Umeari eskutik helduta erakusten ahal diogu oinez, ala bidea bakarrik egiten uzten ahal diogu. Bigarrenaren aldeko hautua egin dute eta horrek ezinbestean ekarri du irakaslearen rola aldatzea. Prozesuaren zaintzaile eta behatzaileak dira orain. Ebaluatu ere bidea egiten dute emaitza beharrean, kontuan hartuta taldeko haurrak hagitz desberdinak direla eta denentzako errezetak bukatu direla.

Umeak ezinbestekoa du atxikimendu edo babes irudi bat izatea ikastolan eta horregatik hagitz ongi zaintzen dute lehenbiziko kontaktua irakaslearekin. Gurasoak ere gelan sartzen dira. «Askotan bost minutu dira soilik baina haurrak ikusten badu gurasoak irakaslearekin konfiantza duela soltatu egingo da».

Espazioak libreagoak izateak ez du erran nahi ez dagoela araurik eta ezetzik. «Umeek errespetatuak sentitu behar dute eta orduan ulertuko dute nik ere errespetua behar dudala». Aipatutako hiru irizpideak betez haur zoriontsuak hazi eta beren bidea egiteko oinarri sendoak jartzea da funtsa. Ibilbide luze bat da hau, etengabeko ikasketa, eta benetan gustura daude emaitzekin. «Paretak bota ditugu. Ikasgeletakoak eta, inportanteena, gure burukoak».

 

Usurbilgo eta tafallako irakasleak: biluztuta, planoa aldatuta, gozatzen

Haur Hezkuntzarako ikastolen proiektua praktikan ezagutzeko bi ate jo ditugu, Usurbilgo ikastolarena eta Tafallakoarena. Nekane Alduntzin eta Alazne Begiristain irakasleek ireki digute lehendabizikoa, bazkalondoan. Haurren bat hurbildu zaigu agurtzera, baina gutxi daude, iraila izanik arratsaldean jai baitute oraindik. 3, 4 eta 5 urteko umeak hezten dituzte hemen eta bakoitzak bere espazioa du, nahiz eta ekintza batzuetan adinak nahasten dituzten. 4 urtekoen gunean gaude; hagitz zabala da eta txokotan banatuta dago. Hiru dimentsiotako egitura handi bat ere badu. Txikiek pila bat erabiltzen dute, imajinatu ere egiten ez ditugun eratan, gainera. Jolas sinbolikoa eta mugimendua lantzen dituzte.

Bi irakasle eta 30 haur egoten dira espazio honetan. Eurek aukeratzen dute non jostatu. Eraikuntza txokoa dute egurrekin eta puzzleekin; sinbolikoa mozorro, etxeko tresna eta ispiluekin; esperimentaziokoa hondarrarekin... 3 eta 5 urtekoen espazioetan ere gune horiek daude, baina adinera egokituak.

Bi irakasle usurbildarrek azaldu digute gauzak beti era batera egin izan direla eta eroso sentitu izan direla hor. Norberak bere barrenean lanketa bat egitea eskatu die esperientzia honek eta ikaragarri aberatsa izaten ari da: «Beste plano batetik ikusten ari gara haurrek beren kasa egiten dutena. Ze polita eta harrigarria!». Baliabideak eskura jarri eta esperimentatzen uzten diete. «Behaketa da orain gure lan handi bat. Ume hau zergatik ez da txoko honetara gerturatzen?».

Denbora egituratua dute. Atean egoten dira haur bakoitzari egun on erran eta ongietorria egiteko, baita gurasoei ere (hauek beren txokoa ere badute). Jolas librea izaten dute gero, zirkulazio askean ibiltzeko tartea. Gero talde bakoitza bere erreferentea den irakaslearekin elkartzen da eta taldeko jarduerak egiten dituzte hamaiketakoaren aitzinetik. Ondotik patiora ateratzen dira. Arauak jartzen dituzte: zer den jolasa eta zer ez, nola erabili materialak... Halere, aitortu dute ikaragarri zaila dela jostailuak jasoaraztea.

«Gure arteko elkarlana handitzea ere eragin du honek, ezinbestean. Oso onuragarria izaten ari da. Ateak ireki eta biluztea bezala izan da, gure gaitasun eta gabeziekin», adierazi dute. Bertze aldaketa handi bat ebaluazioa izan da: lehen umea baloratzen zen eta orain, txikiaz gain, helduen egiteko moduak eta proposamenak ere bai. Mahai gaineko jardueren eta jolasaren artean zegoen etena ere ezabatu da. «Umearen ikasteko tresna nagusia jolasa da eta hori behatu behar dugu». Pozarren sumatu ditugu irakasleak begirada berriarekin. Beti ibiltzen dira argazki kamerarekin, gero haurrek egindakoa familiei erakusteko. Lehendabiziko promozioa aurten pasatu da Lehen Hezkuntzara eta hemen ere hasi dira aldaketak sartzen, emaitzekin kontent dauden seinale.

Iñaki Gilek ere pozarren kontatu digu Tafallako Ikastolan egiten ari direna. «Gure proiektu propioa eraiki dugu eta espazioa, denbora eta materiala berrantolatu ditugu. Orain obra egitea gelditzen zaigu, espazioak ireki eta gardentasuna emateko». HHko koordinatzaileak agertu du gelak espazio izatera pasatu direla: mugimendurako espazio bat dute, joko sinbolikorako bertze bat, matematikarako (puzzle eta eraikuntzekin), eskulanetarako eta arakatzeko (hondarrarekin eta argi-mahaiekin)...

3, 4 eta 5 urteko umeak nahastuta dabiltza, zirkulazio librean. «Beren kabuz erregulatzen eta kudeatzen dute denbora eta, hala, autoestima eta ardura indartzen dituzte. Senei ere erantzuten diete: 5 urtekoek 4koak zaintzen dituzte eta 4koek 3koei erakusten diete zapatilak jartzen. Erlazio ederrak ikusten ditugu. Agresibitatea ere jaitsi da».

Gilek dio hausnarketa sakon bat egin eta beren ingurura egokitu dutela proiektua, euskarak bultzada handiagoa behar duen leku batera. «Haurrak dira ardatza eta irakasleok laguntzaileak, behatzaileak gara». Hemen ere LHra zabaltzen hasi dira.M. I.