Aniztasunaren lanketan bidea egina du Iñigo Aritza ikastolak. Ikastetxean zeuden hezkuntza premia berezien beharrei erantzuna modu egokian emateko trantsizio gela izatea lortu zuten 2009an. Halako gela lortu zuen aurreneko ikastola izan zen eta Sakanan erreferentea bihurtu zen. Ikastolako ikasleak hartzeaz aparte, beste ikastetxeetakoak ere hartzen ditu. Trantsizio gelan azken urteetan aritu diren Lehen Hezkuntzako ikasleei erantzun egokiena eman nahian, ikasturte honetan Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza 2 unitatea (DOH2) sortu da ikastolan. Horretarako, Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritu dira. DOH2 unitatea lortzen lehena izan da Iñigo Aritza ikastola. Segida Sortutako gela berria Lehen Hezkuntzako trantsizio gelako egituraren eredua jarraitzen du baina tailerrek eta proiektuek garrantzi gehiago hartu dute. Une honetan baratzea eta edizio tailerrak egiten ari dira. Lehena aurreko ikasturtean abiarazi zuten eta haren bidez, gela barruko zein kanpoko lore-ontziak kudeatzen ari dira. Bi geletako ikasleek euren erreferentzia gelan ere, adineko ikaskideekin hainbat saio izaten dituzte: teknologia, plastika edota soin heziketa. Gainera, ikastolako jarduera orokorretan parte hartzen dute (autobusak, atsedenaldiak, jaialdiak, txangoak, euskararen eguna…). Ikastolatik azaldu dutenez, “inklusioari begira, aurrerapauso handia da unitate horren lorpenak hezkuntza komunitate osoarendako. Iñigo Aritza Ikastolak bere hezkuntza eskaintza zabaldu eta trantsizio gelako zein eskualdeko ikasle eta familiei derrigorrezko hezkuntza osoa ikastolan bertan egiteko aukera ematen die”.