Nafarroako ikastolek, irakaskuntza zentro kooperatiboak, beraien sorreratik ekarpen garrantzitsuak egin dituzte Nafarroako pedagogiaren kalitatea sustatzeko. Azken garai hauetan, kalitatezko irakaskuntza baten metodologien berrikuntzen beharra aldarrikatuz, ekimen, eztabaida ezberdinak eman dira gizartean. Eskola kooperatibook ez diegu muzin egin debate horiei, zeinetan beti hartu dugun parte, aitzitik gure betiko konbikzioetan indartu gaituzte: Nafarroako ikastola kooperatiboak hezkuntza iraultzaren zati garrantzitsua gara.
Ikastola kooperatiboak proiektu komun bat partekatzen duten pertsonek egiten dituzte. Kooperatibistak aita eta amak dira, irakasle eta langile ez-irakasleekin batera etengabeko hobekuntzan inplikatzen direnak; ez bakarrik haien ikasleei dagokienean, gizarte osoari eragiten dionean baizik.
Aurrera pausu bat emateko garaia dela uste dugu eta Nafarroan kalitatezko hezkuntza eskaintza honetan gure sortze, gizarte eta hezkuntza printzipioak aldarrikatuz. Ikastola kooperatiboak, lurraldean errotutako eskola eredu laiko, anitz, solidario, ekintzaile, berritzaile eta parte-hartzaile dira, modu demokratikoan parte hartzen ikasten dutenak eta sarean lan egiteari garrantzi handia ematen diotenak.
Eskola eredu hau, herritik sortua eta herriarentzat lanean diharduena, kooperatiba izaeran ardaztuta dago eta honek bere izaera definitzen du:
- Ikastola kooperatiboak, kooperatibaren Eginkizuna errealitate egiteko konpromisoa du: ume eta gazteak balio kooperatiboetan heztea. Irakasle, langile ez-irakasle eta gurasoak hezkuntza proiektuaren erronkak lortzeko modu arduratsuan lan egiten duten.
- Ikastola kooperatiboak ikasleriak bere bizitzako proiektu propioa eraikitzeko behar dituen tresnak ematea du helburu, etorkizunean hiritar kritiko, sozialki arduratsuak, demokratikoak eta parte hartzaileak izan daitezen.
- Ikastola kooperatiboak gizarte bokazioa du. Gizarte hobeago bat lortzeko lan egiten du, berdintasun, parekidetasun, zintzotasun, gardentasun, elkartasun, ardura eta gizarte integrazio eta eraldatze baloreak sustatuz zerbitzu publiko-kooperatiboa eta kalitatezko irakaskuntza eskainiz.
- Ikastola kooperatiboa, guztiei irekitako eta filtrorik gabeko eskola inklusiboa da, non parte-hartzea, kooperazioa eta elkartasuna gure izaeraren ezaugarri diren.
- Ikastola Kooperatiboa dinamikoa eta eraldatzailea da. Bere barne antolaketa malguak etengabeko egokitzapena eta eraldatzea errazten ditu modu iraunkorrean aldaketan dagoen gizartean.
- Ikastola kooperatiboa berritzailea da. Berritzea gauzak hobeki egiteko aldaketa bezala ulertzen dugu. Ikastola kooperatiboek eremu guztietan berritzen dute, pertsonengan pentsatuz.
- Ikastola kooperatiboetan, proiektuekiko inplikazioa, sormena, teknologien erabilpena, ekintzailetasuna eta kooperatibismoaren balio guztiak hezkuntza praktika hoberenak garatzeko bide dira, ikasleriaren ezagutza, ikaskuntza pertsonalizatua eta konpetentziak handiarazteko.
- Ikastola kooperatiboak sarean lan egiten du. Familiekin hurbiltasuna, auzoarekin, herriarekin edo hiriarekin lotura etengabe ematen dira gizarte parte-hartzaile bat sortzeko ahaleginean.
- Ikastola kooperatiboan autogestioa, autonomia eta independentzia ardatz dira, kooperatibak erdietsi nahi dituen hezkuntza ereduko zein kudeaketako helburuak bermatzeko eta askatasuna mantentzeko.
- Ezaugarri guzti hauek ikastola kooperatiboa “guztiontzat eskola, norberaren eskola” egiten dute.