Nafarroako Kontsumitzaile Elkarteak, Iratxek, 2013ko memoria aurkeztu du berriki. Erreklamazioen kopuruari dagokionez aseguruak atera dira garaile (%12), bankuak (%19), energia (%15) eta telefono enpresekin batera(18%). Ez naiz harritu, izan ere, astero jasotzen ditugu aseguruen inguruko erreklamazioak, gehienak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ematen duen zerbait gertatu eta gero aseguru etxeak ez duela ordainduko erraten baitu.
Aseguru kontratuak nahasiak dira arras, bertan agertzen diren baldintzak ulergaitzak dira gehienetan eta adierazten dutena ongi ezagutzeko Legea, Erakundeen ebazpenak eta epaiak hartu behar ditugu kontuan sarritan. Kontratuak berriz aise egiten ditugu, argibide nahikorik gabe, aseguru etxeak ordainduko ez duena ordainduko duelakoan, engainaturik finean. Asegurua kontratatzen duenak gaizki eginen du baldin eta saltzaileak ematen duen informazioaren arabera soilik egiten badu kontratua. Saltzailea beti interesatua doike.
Gainera, aseguru hartzaileei ez zaie guttieneko argibidea ematen beti, batzuetan ez baldintza partikularrak ez baldintza orokorrak ere, nahiz eta Legeak aseguru enpresak horretara behartu. Legeak erraten du baldintza orokorrak (kopuruak, estalduren aipamena eta gure datuak baldintza partikularretan agertzen dira) sinatu eta onartu behar ditugula, baina hori beti ez da gertatzen.
Adibide gisa, aste honetan jasotako erreklamazio bat. Erreklamatzaileari sakelako telefonoa ebatsi eta aseguruari jakinarazi zion 7 egun pasa baino lehen (Legeak agintzen duena). Aseguru etxeak berriz ez zuela ordainduko erran zion gure bezeroari eman ez zitzaizkion baldintza orokorrak argudiatuta. Izan ere, geroztik jaso dituen baldintza orokorretan agertzen da indarra erabili gabe gertatzen bada, aseguruak ez duela ordainduko. Aseguruaren Legeak bereizketa hori ez duela egiten eta aseguru hartzaileak baldintza orokorrak ez zituela jaso, sinatu eta onartu baliatu genuen gure erreklamazioa bideratzeko.
Aseguruetan sosa haundia gastatzen dugula ikusita, zer eta nolako aseguruak behar ditugun galdetu behar diogu gure buruari, beharrezkoak ez direnak hartuta guri ez bertze batzuei mesede egiten baitiegu dudarik gabe.