Bidaiak online

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Kontsumitzaileak 2017ko eka. 2a, 08:11

kolaboratzaileak

Garaiak aldatzen dira, gero eta jende gehiagok kontratatzen ditu bidaiak Internet bidez. Izan ere, online egindako erosketen ia erdiak bidaiekin lotuta daude: hegaldien kontratazioa, hotelena, auto-alokairuena, bidaia konbinatuena eta abarrena.
Edozein bidaia online kontratatzen denean, ondoren arazorik ez izateko, hainbat gauza izan behar dira kontuan, esate baterako, webgune segurua dela egiaztatu behar da edo erosketa egiteko erabiltzen ari garen ordenagailua babestu behar da. Baina arretaz jardun arren, ez gara % 100ean libratuko hainbat ustekabeko izatetik. Jarraian, hainbat kontsumo-erakundetan bildutako kasuen adibide batzuk emango dizkizuegu.

-Hegazkin txartel bat erosi dut hegazkin konpainia batean. Nola jakin dezaket txartelaren erosketa egokia izan dela?
Enpresak, berrespenaz gain, hartu-agiria bidali behar du kontsumitzailearen helbide elektronikora 24 orduko epean. Garrantzitsua da ERRESERBAREN berrespenaren eta txartelaren EROSKETAREN berrespenaren arteko bereizketa egitea. Txartel bat erreserbatzeak ez du esan nahi txartela erosi denik, zeren enpresa batzuek aurre-erreserbako epe jakin bat ahalbidetzen baitute gauzatu aurretik. Enpresa horiek, orokorrean, erreserba berresteko mezu bat bidaltzen dute ohar batekin, eta ohar horretan adierazten dute erosketa egiten denean eta kargua onartu ondoren, erosketa berresteko mezu elektronikoa jasoko dela. Bigarren mezu elektroniko hori jaso arte itxaron behar da kontratua behar bezala egin dela ziur jakiteko.
-Hegazkin txartel bat erosi dut, eta txartel bakar baten balioko erosketaren hartu agiria dudan arren, bi txarteli dagokiena kobratu didate. Nola eska dezaket txartel baten zenbatekoa itzul diezadaten?
Lehenik eta behin, txartela ematen duen konpainiarekin jarri beharko genuke harremanetan lehenbailehen, arazoaren jatorria zein den jakiteko eta bigarren txartelaren zenbatekoa itzul diezaguten eskatzeko. Konpainiak ez badu onartzen zenbatekoa itzultzea, banku-erakundeari agindu diezaiokegu bigarren zordunketa bertan behera uztea. Enpresak zenbatekoa erreklamatzen badu edo erakundeak uko egiten badio itzulketa egiteari, zordunketa gure baimenarekin egin dela esanez, dagokion datarako eta ibilbiderako txartel bakarraren ordezkagiri digitala izango dugu froga gisa, eta gainerako dokumentazioarekin batera gorde beharko dugu.
-Txartel bat erosi badut internet bidez, txartela fisikoki bidali behar al didate?
Konpainia bakoitzaren erabilera-baldintza orokorrak ondo irakurri behar ditugu, konpainia bakoitzak bere modus operandi-a duelako. Batzuetan, nahikoa izaten da bilagailuaren zenbakiarekin. Zenbaki hori aireportuan aurkeztuko da hegazkineratzeko txartela emateko zehazten diren nortasun-agiriekin batera. Aipatutako txartel hori da hegazkinean sartzea bermatzen duena. Beste batzuetan, nahitaezkoa da konpainiaren mostradorera joatea bilagailuarekin txartel fisikoa lortzeko. Zenbait konpainiak gomendatzen dute posta elektroniko bidez igortzen den txartela inprimatzea; izan ere, kobratu dezakete txartela aireportuan emateagatik.