Kultura bultzatu, sustatu, zabaldu eta hedatu nahi duen gune nagusia larunbatean, 18:30ean, mustuko da Lakuntzan (ondoren auzatea izanen da). Kultur etxe baten eraikuntza proiektua duela urte batzuk hasi zen, gaur egun, gauza gutxi batzuk falta dira oso osorik bukatzeko. Asmo hau aurrera eramateko orduan udalak izan dituen zailtasun ugari gainditu egin ditu, horrela Lakuntzak kultur bilgune garrantzitsua dauka egun. Kultur etxeko gune nagusiak, musika eskola, jubilatu elkartea eta areto nagusia dira.
Lakuntzako zinea, herritarrek kultur etxeari deitzen dioten eraikinaren proiektua duela zortzi urte hasi zen. Hasiera batean, zaharberritzeko asmoa zegoen soilik, baina udalak proiektu aproposago bat sortzea erabaki zuen herritarren beharrizanei erreparatuz. Udalak Espainiako Gobernuaren onarpena jaso ondoren batzar ugari egin zituen herritarrekin kultur etxearen erabilera adosteko. 2012ko ilbeltzean hasi ziren lehen pausoak ematen, zazpi hilabeteko epea eman zieten obra osorik bukatzeko.
Garagarrila bitartean lanean jardun zuten, baina hilabete horretan bertan, Espainiako Gobernuak eraikuntzaren obra geldiarazteko agindua eman zuen. Onartutako proiektua aurrera eramateko dirurik ez zutela helarazi zuten eta bertan behera utzi zuten egindakoa. Urte oso bat geldirik egon ondoren, inguruko urbanizazioan eragina izan zuen, batik bat haurren jolas parkean eta eskolan. Egoera horren aurrean udalak Nafarroako Gobernuarengana jo zuen eta hasitako obrak bukatzeko eskakizuna egin zuen. Larrialdi egoera izanik, berriz ere obra bukatzeko baimena eman zieten. Lehenik, inguruko urbanizazioa egin zuten eta ondoren, kultur etxearen eraikuntza despeditu zuten.
Banaketa
Azpiegiturari dagokionez hainbat esparrutan banatuta dago kultur etxea. Oihane Uribe-Etxeberria zinegotziak hauxe adierazi zuen “zerbitzu gehiago eskaini nahi ziren eraikin berriaren proiektuarekin eta horregatik adibidez jubilatu elkarteak taberna eta jatetxea eskaintzen ditu”. “Beheko solairuari dagokionez areto nagusia bertan kokatzen da eta baita jubilatuen elkartea ere”. Goiko aldean berriz, San Saastin musika eskola eta 140 metro karratuko gela bat daudela adierazi zuen zinegotziak. “Gela horretan hainbat ekintza egiten dituzte: yoga, dantza ikastaroak, antzerki tailerra”. Dena dela, oraindik lan asko egiteko dagoela aipatu zuen Uribe-Etxeberriak, hala nola, musika eskolako sabaien hots-gabetzea, jubilatuen elkartean ere ordaintzeko diru kantitate bat falta da eta areto nagusian oinarrizko baliabideak behar dira.
Faltan dauden kontuak alde batera utzita, herrian kultur bilgune eta kontseilu komun bat sortu nahi da udalaren aldetik eta horretan martxan jarri dira dagoeneko. “Eraikuntza horren erabilera publikoa da eta parte hartzea sustatu egin nahi dugu” zioen Oihane Uribe-Etxeberriak. Horretarako, jendea mugiarazi nahi dute herri mailan lan egitera kultur bilgune horrek bizitasuna izan dezan.
Udalak baliabideak eta laguntza emanen ditu baina herritarren presentzia ezinbestekoa ikusten du eraikinaren erabilera aurrera ateratzeko. Ildo honetatik, hilabete hauetan pare bat bilera egin dituzte herriko eragile eta gerturatu diren herritarrekin. Bilera horien helburua herri mailako kultur kontseilu bat sortzea izanen litzateke. Herrian antolatuta dauden eragileen bilgune eta topaleku bihurtuko litzateke eta indarrak biltzea izanen litzateke udalaren asmoa. “Herria kultur etxe handi bat da eta kontseilu hori eragile guztiek egiten duten lana bateratzeko tresna gisa erabili nahi dugu” adierazi zuen Uribe-Etxeberria zinegotziak.
Larunbatean, mustutzeko, egun guztian ate irekiak izanen dira eta eraikin guztia bisitatzeko aukera. Gainera, Lakuntzako artisten lanen erakusketa ikusgai izanen da. Aldi berean, lakuntzarrak gonbidatu dituzte guztien artean artelan bat sortzeko. 18:30ean ekitaldia izanen da eta ondoren auzatea.