Gose taldekoek abesti baten letra osatzeko proposamena helarazi zioten Joseba Sarrionandiari, idazleak berriz ideia berri bat jarri zien mahai gainean, disko oso bat egitearena. Horrela, hamaika abesti sortu dituzte Gosariak azkeneko lan honetan. Sarrionandiaren kolaborazioaz aparte, Arrasateko Iñigo Arregi eskultore eta Juan Luis Goikolea margolariaren laguntza izan dute. Trikitixa, gitarra eta musika elektronikoak doinu berriak sortu dituzte oraingo honetan.
“Hiru hankatako lan bat izan da” honelaxe azaldu du Jon Zubiagak, Goseko gitarra lakuntzartuak. Hiru belaunaldi elkarlanean aritu dira, lan horren emaitzak 2014ko lastailaren bukaeran eman zuen fruitua. Kontzertu bereziak prestatu dituzte, oholtza gainean ere proposamen ezberdina dakarte. Gosek erabiltzen dituen elementu asko erabiltzen dituzte eszenan, baina kutxu intimistagoa dutela adierazi du gitarra-joleak.
Doinuak eta gaiak
Doinu ezberdinak erabili dituzte Gose taldekoek, orain arte aurreko diskoetan ageri ez direnak alegia. Itsasoaz beste aldera salto egin dute eta doinu karibetarrak edota habanera bat entzuteko aukera izanen da. Hala, abesti batzuetan Sarrionandiaren letrei musika egin diete, eta beste kanta batzuen kasuen aldiz, alderantzizko bidea egin dute. Idazleak hainbat gai landu ditu, esaterako, gaur egungo krisia, maitasuna, Euskal Herriko egoera politikoa, baita preso politikoena.
Kutxa baten forma du diskoak, artistek hala nahi izan dute moldatu Gosariak-en forma. Oteizaren eskolakoak dira Juan Luis Goikolea margolaria eta Iñigo Arregi eskultorea, horregatik, hutsuneari garrantzia eman diote. Bi artistak izan dira diseinu eta arte plastikoaren arduradunak. Hortaz, ilustrazio bereziek osatzen dute guztiz letren esanahia, eta agerian geratzen da honen bidez hiru belaunaldiek elkarlanean sortutako indarra.