Gaur nire txakurra izan da, eta bihar? lelopean hasi zen larunbateko manifestazioa. Zumalakarregi plazan bildu ziren eta Altsasuko kaleetan barna protesta egin zuten herritarrek Foruen enparantzara iritsi arte. Huellas, Altsasuko animalien elkarteko kideek egin zuten protestarako deia irailaren 12an, Altsasuko festetan, lau txakur nahita botatako pozoia jan ondoren hil zirelako.
Festetako eguna zen irailaren 12a, antza denez, haragizko bolak agertu ziren kaleetan barruan pozoia zutela. Limacol edota babosil pozoi arrastoak aurkitu zituzten txakurren nagusiek. Egun horretan bertan, lau txakur hil egin ziren haragizko bolak jan eta gero eta hainbat txakur toxikatu ziren ere aldi berean. Pozoia zela garaiz jakin zuten nagusiek txakurren bizitza salbatu ahal izan zuten beste kasuetan ez bezala.
Huellas elkarteko kideek gizatasun falta salatu dute, eta gertaeren egileek izandako portaera bereiz gabea. Hori dela eta, manifestazio eta protesta deialdia egitea erabaki zuten horrelako ezer berriz ere gerta ez dadin. Ahalik eta informazio gehien bilatzen ari dira gertaeren atzean nor dabilen jakiteko.
Lau txakur izan dira guztira hil direnak, eta denek salaketa aurkeztu dute Foruzaingoan. Era berean, beste salaketa bat jarri dute ere toxikazioa dela eta. Ikerketa horretaz Foruzaingoa arduratuko da, lastailean bertan Sepronaren txakur bereziekin eragindako eremuak aztertuko dituzte. Orain arte ez da kasu gehiagorik suertatu, baina txakurren nagusiak kezkarekin ateratzen dira kalera.