Oso gazte zela hasi zen Nazabal aizkora munduan, 5 urte zituela jadanik egur artean zebilen. Aita aizkolaria zuen eta hark eman zion kirol honekiko zaletasuna. “ Beti ibiltzen ginen etxeko aizkorekin gora eta behera egurra mozten”, halaxe azaltzen ditu bere bizitzako lehen urteak etxarriarrak. Lehenengo jendeaurreko erakustaldia hamabi urterekin egin zuen eta hamalau urterekin lehen aldiz anaiarekin batera Euskadiko Binakako txapelketan parte hartu zuen. Hasieratik arrakasta usaina izan zuen bere ibilbideak, lehen txapelketa hori irabazi zuelako.
Aizkorarekiko zaletasuna eta maitasuna betidanik izan ditu, hortaz hastapenetan ere gustura aritzen zen Nazabal. Gaztaroan oso urduri jartzen zen, eta horrekin zertxobait sufritzen zuela onartu du. “Denborarekin urduritasuna kontrolatzen ikasi egiten da eta urteekin askoz ere hobeki eraman daiteke” dio Florenek. “Urduritasuna dela eta txapelaren bat bidean geratu egin zait” adierazten du aizkolariak.
Txapelak
Txapelez, egurrez eta aizkorez inguratuta dago Etxarri Aranazko kirolaria. Aizkoraren munduan hainbat dira urtean zehar jokatzen diren txapelketak, besteak beste, Euskal Herriko txapelketa nagusia, Nafarroakoa Banakako txapelketa, Nafarroako Bikotekako txapelketa, Bikotekako eta Banakako Urrezko Aizkora, Donostiako Kopa eta beste. Hirurogei txapela gordetzen ditu bere etxean eta baita gurasoen etxean ere. Euskadiko lehen mailako aizkora txapelketa 2002an irabazi zuen lehen aldiz, eta harez geroztik txapela sei aldiz jantzi du txapelketa goren horretan. Nafarroako txapelduna, berriz, 9 aldiz izan da, eta horrenbeste txapel irabazi ditu parte hartu duen aldi oro.
“Harrotasun handia sentitzen da Euskadiko txapelketa nagusia irabazten denean, hori irabaztea handiena da” aipatzen du txapelketen inguruan galdetzen zaionean. Ordu asko sartu ditu Nazabalek entrenamenduetan baita txapelketetan ere, eta horrekin batera sufritu izana ziurtatzen du. Ibilbide luze honetan esfortzu handia egin behar izan duela onartzen du gainera. Asko eta asko izan dira jokatu dituen txapelketak baita irabazitakoak ere, baina kuttunena lehen aldiz 2002an Euskadiko Txapela irabazi zuenekoa izan zen. Modu berezian gogoratzen du garaipen hori. Momentu gozoez gain ere une txarrak pasa ditu Etxarriko aizkolariak. “Bidean txapel batzuk utzi izana onartzen dut” adierazten du Florenek.
Aizkora mundua joan zen urtean uzteko asmoa zuen, baina azkenean aurtengo txapelketetan parte hartzea erabaki zuen. Urtean lau txapelketa egiten dituzte, Urrezko aizkora, Nafarroako txapelketa, Donostiako Kopa, eta bukatzeko Euskadiko txapelketa. Aurten Nafarroako eta Euskadiko txapelketetan parte hartzeko asmoa zuen baina bizkarreko arazoen ondorioz Nafarroako Txapelketa utzi behar izan zuen, eta bigarren postuan geratu zen. “Urriaren 4an jokatu nuen Nafarroako finala, hirugarren egurrean konturatu nintzen ezin nuela aurrera jarraitu eta uztea erabaki nuen” horrela gogoratzen du egun hori aizkolariak.
Gazteagoa zenean Joxe Ugarteburu miresten zuen, asko estimatzen zuen aizkolaria zen berarentzat. Horretaz gain ere, oso onak izan diren aizkolari asko izan direla aipatzen du Nazabalek, baina Mindegiak esanahi berezia du berarentzat. Gaur egungo aizkolarien inguruan solasten denean Aitzol Atutxa bizkaitarra aipatzen du, bera da aurtengo eta joan zen urteko irabazlea. “Aizkorak badu etorkizuna, urtetik urtera gazte asko ateratzen dira, eta zaletasuna badago”. Aizkoraz bizitzea zaila dela dio, gastu asko ordaindu beharra dagoela, baina zaletasunak beti ematen ditu indarrak aurrera segitzeko.
Omenaldiak eta familia
Aizkora izan du esku artean betidanik Floren Nazabalek eta hemendik aurrera ere horrela jarraituko duela azaltzen du, nahiz eta txapelketetatik at egon. Mundu honetan sartu nahi duen edozein laguntzeko prest agertzen da, garai batean besteak beste Sakanako aizkora eskolan aritu zen eta oso oroitzapen onak dauzka garai hartatik. “Nire bizitza aizkora izan da eta horrela jarraituko dut hemendik aurrera ere”. Familiak betidanik bere ibilbidea gertutik jarraitu du eta oso ongi eraman dutela dio Nazabalek. “Garaiaren arabera, batzuetan oso harro sentitu izan dira eta beste batzuetan nirekin batera ere sufritu izan dute”.
Nafarroako Gobernuak abenduaren 2an egindako ibilbide guztiagatik ohorezko aipamena eman ziono. Asko eskertzen du, bere apaltasuna gauza guztien gainetik islatuz.