1. Aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskrinimazio eza kanpaina noiz hasi zenuten?
Kanpaina hau 2015 urtean hasi genuen, baina horren aurretik sentsibilizazioari ere tartea utzi diogu. Aurretik egindako ekimenak ez dira kanpaina formatuan egin baina helburu antzekoarekin bai, noski. Herrika mugatzen ziren jarduerak, eta azkenean hori dena zabaltzeko beharra ikusi genuen, Sakana mailara burutzekoa. Sentsibilizazio horri aurrez aurre eusteko beharra ikusi genuen eta horrelaxe kanpaina hau abian jartzea erabaki genuen. Zortzi urte bete ditugu zerbitzuan, aniztasuna, errespetua, diskriminazio eza eta berdintasuna baloreak Sakandar guztioi helarazi nahi dizkiegu.
2. Nola izan zen lehen edizioa?
Joan zen urtean festen garaian girotua izan zen kanpaina. Festetan horrelako kanpaina bat egitea egokia iruditu zitzaigun, denok baikorrago eta alaiago gaudelako. Kanpotik ala gu bezalakoa ez den norbait onartzeko egoerak gehiago laguntzen du. Lehenago aipatutako balore horiek lantzea helburu nagusitzat genuen. San Joan jaietan hasi ginen, Udaletako balkoietan pankarta bat jarri genuen, horrekin batera txupinazoa jaurti behar zuen pertsonari balore hauek laburbiltzen zituen kamiseta bat ematen genion, eta horretaz gain kamiseta horiek salgai jartzen genituen. Urte horretako leloa hau izan zen, “Nik maite dut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza”. Lelo hori erabaki genuen balore horiek direlako Sakanako Mankomunitateko zerbitzutik bultzatu nahi ditugunak.
3. Aurreko urteko arrakasta ikusita, bigarren edizioarekin aurrera jarraitu duzue ezta?
Hori da, iazko harrera ona eta arrakasta ikusita kanpaina honekin aurrera egiteko asmoa izan dugu. Aurreko kanpainako gauza onak eta txarrak kontuan hartuta, oraindik ere lanketa handia egin genezakeela uste genuen eta hortaz bigarren edizioa martxan jarri genuen aurten ere.
4 .Ba al duzue berrikuntzarik edizio honetan?
Aurreko edizioetako jarduerak mantentzea erabaki genuen, hau da, festetako balkoietan lona jartzea, suziria jaurtiko duenari kamiseta eskaintzea, eta kamisetak salgai jartzea. Baina aurten gauza berriak egitea bururatu zitzaigun. Harago joatea erabaki genuen eta norbanakoaren konpromisoa bilatu egin genuen. Kanpaina honekin bat egiten duen Sakanako jendea biltzen saiatu gara aurten. Horretarako Sakanako pertsona desberdinen aurpegien argazkiak atera ditugu, Sakanako aniztasuna erakusteko eta gizon emakumeen arteko oreka betetzen ahalegindu gara. Arlo desberdinetakoak izan dira protagonistak, kirola, hezkuntza, politika, osasungintza, jatorri anitzeko jendea, idazleak, kazetariak,kultura. Honen bidez, gure bailaran dagoen aniztasuna erakusten saiatu gara eta gure kanpainari ekimen berri honekin indarra eman nahi izan diogu.
5. Nola burutu duzue kanpaina?
Herriz herri aritu gara argazkiak ateratzen han-hemenka. Photocall moduko bat jarri egin dugu herriko jaietan ala immigrazio zerbitzuak antolatutako ekimenetan ere. Batzuetan zerbitzutik aritu gara argazkilari lanetan eta beste herri batzuetan boluntario askok lagundu digute argazkiak ateratzen. Bertan kanpainaren nondik norakoak azaltzen zituen boluntario bat egoten zen, eta hortik parte hartze handia izan dugu. Bigarren edizioa izanda jende askok ezagutu egiten zuen eta errazagoa egin zaigu alde horretatik. Ia herri gehienetan egon gara eta alde horretatik oso pozik gaude. Oso balorazio baikorra egin dezakegu orain arte egindako lanarekin.
6. Zenbat argazki lortu dituzue orain arte?
Nik uste, 300 argazki inguru atera ditugula orain arte. Zehazki kopurua ez dakit baina zenbaki horren bueltan ibili garela uste dut. Jaso ditugun argazkiak izan dira horiek, nire lankide batzuek ere argazki gehiago dituztela badakit, baina gutxi gorabehera horixe da kopurua.
7. Argazki horiekin kartelak egin dituzue ezta?
Bai hori da, bi txandatan egin genuen kartelena. Lehenengo kartelak aurtengo ekainean argitaratu genituen eta besteak berriz abuztu aldera. Herrietako leku desberdinetan jarri ditugu kartel hauek lortutako aurpegiekin. Orain kanpainari bukaera borobila emateko argazki gehiago lortu nahi ditugu, ahalik eta gehien.
8. Zein da bigarren kanpaina honetako helburu nagusia?
Gure leloak ematen dituen baloreak, aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza indartzeaz gain honetan lanketa berezia egin behar dela uste dugu. Sakana bailara anitza da, jende desberdina dago eta askotan hori dena onartzea ez da lan erraza. Horretan buru belarri aritu nahi dugu lan handia dagoelako oraindik ere berdintasun hori lortzeko, bai gizon emakumeen artean, jatorri, erlijio, kultura, hizkuntza, etab luze batean. Kamiseta bat jartzearekin soilik ez du balio, balore horiek gure bizitza errealean praktikan jartzen ikasi behar dugu. Balore hauek landuta ahalik eta elkarbizitza baikorrena lortu nahi dugu Sakanan.
9. Protagonista berezi batzuekin ere bideo bat egin zenuten?
Hala da bai, kanpainaren hasieran genbiltzala, Pirritx, Porrotx eta Marimotos Altsasura etorri behar zirela jakin genuen. Argazki gehienetan adin desberdinetako jendea ageri zaigu baina gehienak helduak dira eta haurtzaroari keinu bat egin nahi izan genion. Pailazoen ekitaldi egunean Altsasura gerturatu ginen, eta argazkia egitea proposatu genien. Haiek bideo bat egitea proposatu ziguten eta guk baiezkoa eman genien. Sare sozialetan eta Sakanako Mankomunitateko web orrialdean ikusgai dago.
10. Bukaera borobila eman nahi diozue kanpainari nola?
Guaixeko orrialde zentralean kanpaina honekin bat egiten duten Sakandarren argazkiak agertzea nahi dugu. Abenduko ale batean izanen litzateke eta ahalik eta argazki gehien lortu nahi ditugu. Zenbait argazki badauzkagu noski, baina gehiago lortu nahi ditugu. Immigrazio zerbitzutik Sakandarrei gonbidapena luzatzen diegu norberaren argazkia atera eta guri bidaltzeko eta horrela, kanpaina honetako amaiera borobil honetan parte hartzeko. Argazki bakarra aterako da, izen-abizenik gabe, eta kanpaina bukatzen denean suntsitu eginen dira.
11. Nora bidali ditzakegu argazkiak?
Azaroaren 25a arte bidaltzeko aukera egonen da. Bi bide izanen dute parte hartu nahi dutenek. Batetik 639 12 72 71 zenbakira ala immigrazioa@sakana-mank.eus helbide elektronikora.