1 Ohorezko saria emanen dizute San Saastiñetan, nola jaso zenuen albistea?
Gabonetan Ricardo Aretak hots egin zidan telefonoz eta hark eman zidan berri ona. Sorpresa handia izan zen niretako, ez nuen halakorik espero, eta poz handiz hartu nuen. Nire lana, batez ere niretako egiten dut, baina besteek ere nik egindako lana ikustea garrantzitsua da. Obrak gordeta egon daitezke, baina aldi berean ere, kalera atera eta jendeari egindako lana erakustea oso aberasgarria iruditzen zait.
2 Gustuko dituzu San Saastiñak?
Bai, jakina. Hotz handia egiten du ilbeltzeko festetan, baina asko gustatzen zaizkit. Azken aldian haurrak iritsi diren heinean festak bizitzeko modua aldatu egin da, ezin da erritmo bera eraman. Beste modu batera bizitzen ditut orain, hala ere, primeran pasatzen dugu. Gauean ibili beharrean egunez gehiago, eta umeekin.
3 Etxekoendako festak izaten dira ilbeltzekoak, ezta?
Bai, hala da, agorrilekoekin alderatuz desberdinak dira. Danborradarekin nahiko giro txukuna sortzen da herrian, eguraldiak batzuetan ez du asko laguntzen, baina hala eta guztiz ere, jendea animatu egiten da. Oso giro polita sortzen da, herrikoia, jendetzarik gabe, berezia da Lakuntzarrendako. Txikitan danborradan parte hartzen nuen, baina orain dela urte asko utzi nuen.
4 Noiz hasi zinen pintura munduan?
Txiki-txikitatik hasi nintzen mundu honetan. Matematikako klaseak ez zitzaizkidan gehiegi gustatzen eta liburuetan margoak egiten nituen. Ni baino zaharragoa den anaia batek ere zaletasun bera zuen, eta hari begira hasi nintzen. Etxeko gauza bat izatetik, klaseak hartzeko saltoa eman nuen, lehenengo Altsasun hasi nintzen. Ondoren, Iruñera etorri nintzen hainbat akademiatan parte hartzera eta orain arte beti ikasten ibili naiz, margoaren mundu honek ez du etenik, horrela aberasten dut nire pintura. Azkenaldi honetan Iruñeko tailer batean sartu naiz, Mikel Esparzarenean. Oso garrantzitsua da, bertan, pintura naturala egiten dugu, modeloak, natura hilak, horrelako margoak egiten ditugu.
5 Zer nolako bilakaera ikusi duzu zuregan urte hauetan?
Asko aldatzeko aukera izan dut. Pausoz pauso eta mantso-mantso, baina beti aurrera egin dut nire ibilbidean. Hasierako lanak ikusten ditut, eta gaur egungo obrekin alderatuz, sekulako aldea dago. Orokorrean hiru teknika erabiltzen ditut, olio-pintura, akrilikoa eta pastela. Garai desberdinak izan ditut, hasieran, Afrikako jendea irudikatzen nuen olioz, geroxeago, rock munduko izarrak margotu nituen pastelez, eta azken obrak, akrilikoz egin ditut. Erretratu asko egiten ditut orain, oso eroso sentitzen naiz horretan.
6 Musika pasio garrantzitsua duzu?
Bai, halaxe da. Musika eta pintura uztartzen ditut, inspirazio tresna ona dela iruditzen zait. Etxeko estudiora etortzen naizen bakoitzean, disko bat aukeratzen dut, horixe da egiten dudan lehen gauza, eta ondoren, margotzeko unea iristen da. Musika erreferente asko ekarri ditut pintura mundura, El Drogas, Metallica, hauek margotu nituenean haien musika entzuten nuen.
7 Antonio Lopez margolari ezagunarekin egoteko aukera izan duzu?
Pinturak eman didan gauzarik onena berarekin emandako tailerra izan da. Urtean behin ematen dugu ikastaroa aste oso batez, Nafarroako Unibertsitatean. Berarekin egotea sekulako esperientzia izan da.
Tailerrean parte hartzeko erabakia hartu nuenean ez zen batere lan erraza izan, izan ere, 30 pertsona soilik sartu daitezke, eta oso zaila da mundu osoko eskaerak daudelako. Hasiera batean, nik bidali nuen eskaerari ezezkoa eman zioten, eta berarengana zuzenean joatea bururatu zitzaidan. Bera ezagutzea lortu nuen, eta nire koadroak erakutsi nizkion, hurrengo aldian, eskaera bidaltzerakoan baiezkoa eman zidan, eta poz handiz hartu nuen albiste hura.
8 Nolakoa izan da esperientzia?
Hiru aldiz egoteko aukera izan dut berarekin eta zoragarria izan da horrelako maila duen margolari batekin egotea. Pinturatik bizi den jende asko dago tailer horretan, eta oso inguru aberasgarria da. Hasieratik gauzak ongi egiten saiatu naiz, eta bere emaitza izan du horrek. Antonio Lopezek tailerreko hiru obra hautatzen ditu esperientzia bakoitzean eta hiru alditatik bitan nire obrak aukeratu ditu, sekulako sorpresa izan da.
9 Non bilatzen duzu inspirazioa?
Edozein lekutan, aldizkari batean, egunkarian, sarean, aurpegiak, egoerak, ikusten eta sentitzen dudanaren arabera hautatzen ditut. Argazkilaritzak paper garrantzitsua dauka nire lanean, tresna gisa erabiltzen dut batez ere. Argazki makina ona erosi nuen, eta hortik hainbat margolan atera dira. Aukeratzen ditudan pinturek zerbait esan behar dute, erakarri behar naute lehen momentutik margolan bihurtzeko.
10 Antonio Lopez aipatu dugu, erreferente gehiagorik pintura munduan?
Jakina. Alemaniako Sebastian Kruger asko gustatzen zait, musikari asko margotzen ditu. Guillermo Lorca, txiletarra da bera, gaztea eta oso ona. Pastela erabiltzen duen Ruben Belloso, jende asko dago eta beraien lan hauek guztiak ikustea oso aberasgarria da.
Iraganeko artista batzuk ere asko gustatzen zaizkit, esate baterako, Luzian Freud, Velazquez, baina tira, onartu beharra daukat, modernoek gehiago erakartzen nautela.
11 Zer duzu esku artean oraintxe?
Lakuntzako Kale Txiki tabernan erakusketa bat daukat orain, Sakanako herrietako pertsona adinduen erretratuak egin ditut. Emakume eta gizon zaharrenen hamar erretratu egin ditut. Lan handia izan da, pertsonak bilatu, baimena eskatu, oraindik erronka bukatu gabe dago eta horrekin jarraitzea gustatuko litzaidake.
Atzo haur errefuxiatu baten lana bukatu nuen, ikusten duzun moduan mezu bat ere helarazi nahi dut obren bitartez. Oraintxe bertan, errefuxiatuen egoera oso gogorra izaten ari da eta hori islatzen saiatu naiz.