Altsasuren ohore ustez galdua

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2016ko aza. 11a, 08:12

kolaboratzaileak

Garai egokia dugu hauxe Heinrich Böll-en Katharinaren ohore galdua liburua berriz irakurtzeko eta aginte ondoko hedabideen gezur ustelen neurriaz ohartzeko. Bertan nobeldun idazleak botere guztiek gezur eta manipulazio lazgarrien bitartez eraikitako gizarte otzan eta beldurti bat salatzen du taxuz eta garbi.  

Katharina berritua suertatu zaigu Altsasu berriki. Botere handiaren kofrade mediatikoek  airez, paperez eta mota guztietako pantailez iraindu, laidoztatu eta zakar pozointsuez  bete dute Burundako herria mozkor-ehizaldi puska-harrapatzailean.

Hala Altsasu, Mordor zurbil eta zital, piriniotar Babilonia doilor eta posmoderno, esparru komantxe eta gorroto bizienaren kabia narrastzat aurkeztu dute han eta hemen biribilketa alaitsu, zaunkari, nahasi eta txit patriotikoan. Eta bide batez desmilitarizazioaren aldarria kriminalizatu, horixe.

Espainia eternal eta monarkikoak, oraino inperio ametsgaiztominez bizi denak, Flandes, Filipinak, Rif, Sid Ifni edo Sahara berriak behar ditu ezinbestean bere mamuak eta ezinegona elikatzeko, baita nazio handia dela erakusteko ere. Haiek hala eta besterik ezean Altsasu deskubritu eta seinalatu dute.

Ruper Ordorikak kantu batean hizpidera ekarri zuen “zein nekeza den euskaldun izatea”. Ez dakit altsasuarrek azalpen ugari edo gutxi eman behar izan dituzten azken asteotan Sakanatik kanpo. Zaila izango da, ordea, hainbaten ikuspegi hertsiak pixka baten zabaltzea.

Gauez nahiz egunargiz pertsonak jipoitzea eta zafratzea oso kezkagarri eta larria da jakina, izan agintari ala izan menpeko. Baina Altsasuk ez du ez ohorerik, ez duintasunik galdu. Ezta gutxiagorik ere.