Nor da Pakita Andueza Ezkurdia?
Iruñan jaio zen lakuntzar bat. Han bakarrik jaio egin nintzen, Lakuntzan beti bizi izan da. Aita eta ama lakuntzarrak. Nik Mexikon jada urte asko daukazkit bizitzen.
Zein etxetakoa zara?
Bi etxetakoa. Ez, Erramunena da nire amiñaren etxea eta nire ama zen Asurarena.
Pakitak non ikasi zuen?
Lakuntzan ileapaintzaile izan nintzen. Gero Mexikora joan nintzen antropologia ikastera. Baina sinbolismoak, glifoak eta halakoak estudiatzea asko gustatzen zaidanez, hor sartu nintzen eta ez nuen karrera bukatu. Oraindik ere estudiatzen jarraitzen dut. Antropologi eta arkeologi guneetara joaten naiz eta han ikerketak egiteko taldea egiten dugu.
Zergatik antropologia?
Txikitatik pentsatzen nuen: "Zergatik etorri naiz ni mundu honetara? Zertarako? Zer egiteko? Nor naiz?" Hori beti galde egiten nion neure buruari eta antropologiaren bidez opatu dut biziaren zentzua: zertarako etorri naizen, nor naiz, nora joan behar naizen...
Ikasketak egitean alde praktikoa botatzen duten faltan batzuk. Apika zuri hori gertatu zitzaizun eta horregatik dituzu ikasketak bukatu gabe. Baina gusturago, ez?Bai, oso gustura. Oso garrantzitsua iruditzen zait zuk egitea zure gustuko lanak, ikerketak edo bizimodua, ez? Nik han daukat nire bizimodua, nire modura, ikasteko, mugitzeko, ikertzeko. Gero ere beti gustatu zait poemak idaztea. Maistrak daukazkit oso onak.
Lakuntzan de ikasiko zenuen, ezta?
Bai, hemen 14 urtetaraino egin nuen bakarrik. Hemen egon nintzen ile-apaintzaile ikasten eta gero, ile-apaindegiarekin. Gero Algortan bizi izan nintzen, 9 urtez. Han ere beste saloi bat jarri nuen. Niretzat oso garrantzitsuak izan ziren Algortan bizi izan nintzen 9 urte haiek. Mundua asko zabaldu zitzaidan eta bizia beste modu batera ikusi nuen.
Bilbo handia, langileak...
Eta hondartza! Etxe ondoan hondartza neukan eta, pentsa, ze polita! Gelako leihoa zabaltzen nuen eta uraren soinua gelaraino etortzen zen. Goizero lanera joan baino lehen hondartzan ibiltzera joaten nintzen. Oso polita. Ileapaindegia, oso ongi. Guañiken han daukat saloia. Ez da ile-apaindegia, baina oraindik han dut saloia, Algortan.
Noizean behin bisita egiten diozu?
Bai. Jende batzuei alokatua diet eta errenta txiki horrekin bizi naiz Mexikon.
Nola sortzen dakizu gurizak utzi eta bidai bat egiteko gogoa?
Niri ile-apaindegian egunean egotea gustatzen zitzaidan. Ikastaro asko egitera joaten nintzen, Alemaniara, Parisera, Bretainia Handira, New Yorkera... Beti nuen bidaiatzeko ilusioa, beste mundu batzuk, beste kultura batzuk ikusteko. Jakiteko lehen esandakoa: "Nor naiz? Zertarako etorri naiz mundu honetara? Nora joaten naiz..." Galdera horiek.
Horrela hasi nintzen nire bidaietan museoak bisitatzen, kontzertuetara joaten. Musika asko gustatzen zait. Gero ere hasi nintzen Algortan pintura eskolak hartzen. Asko gustatzen zait pintatzea. Han erakusketak ere egiten ditut. Oso margolari txarra naiz, baina oso talde ona bildu gara eta...
Zure bidai haietan zein kontzertu ikusi zenituen?
Jazz asko. Ingalaterran 6 hilabete egon nintzen, Londonen. Jazz kontzertuak ikustera joaten nintzen. Londonen halako asko dago. Orduak pasatzen nituen lurrean jarrita gizon haiek haien instrumentuak jotzen ikusten. Oso-oso gustura. Denetariko kontzertuak. Gaztetan ere asko gustatzen zitzaidan rocka. Denetariko musika. Baina, nik idazteko eta margotzeko musika euskalduna jartzen dut beti: Mikel Laboa, Benito Lertxundi... Horrelako musika. Klasikoa ere asko gustatzen zait, Bethoven , Mozart... Musika hori lasaia da eta lan egiteko oso egokia da. Rocka ez duzu jarriko, ez? Inspirazioa kentzen dizu.
Horrela Europa guztia ezagutuko zenuen, ezta?
Hasi nintzen, lehenik, Londonera joaten, Italiara joaten... Aprobetxatzen nuen ikastaroak egiteko, baina, gero ere, museoak ikustera. Italian arte aldetik pilo bat dago. Algortan bizitzean nire mundua zabaldu zen. Bilbo ondoan zegoen. Beti erakusketak, beti kontzertuak... Beste mundu bat, artearen aldetik. Liburu aurkezpenak zeuden bakoitzean joaten nintzen, ahal nuenean, behintzat, lanak uzten zidanean. Oso ederra izan zen Algortan 9 urte haiek ematea.
Bidaiak
Zergatik utzi zenuen Lakuntza?
Herria ez da uzten. Baina joan nintzen ikusi nuelako hemendik ateratzea behar nuela, bizia oso itxia neukalako hemen. Joan nintzen horregatik Algortara. Algortan 9 urtez lanean egon ondoren, lokala erosi eta han jarri nuen ile-apaindegia. Eta orduan esan nuen: "Orain bai, bidaiatu behar du!"
Mexikora, Meridara, Yukatanera joan nintzen lehendabizi, hego-ekialdera. Maia ikastera joan nintzen urte batez. Kultura zaharrek beti erakarri naute. Haien atzean beti zerbait dago. Hala ere oso gutxi ikasi nuen, kultura bat ikasteko urte asko behar duzu eta. Gramatika pixka bat bai eta joaten nintzen komunitateetara praktikatzera. Baina izugarrizko esperientzia izan zen. Zeren gaztelania ez zekien komunitateetara joaten nintzen. Haien modura, haien harremanak... Haien etxeak palapas izena dute. Bero handia egiten du Yukatanen, eta bi ate dauzkate haize pixka bat egiteko. Puntan bukatzen dira haien etxeak eta hamakatan lo egiten dute. Bizi oso gogorra zen, baina ohitu egiten zara. Ez dago problemarik.
Komunitatean haietako bat gehiago izanen zinen?
Ni Meridan bizi nintzen, geltoki ondoan alokatuta nuen etxe batean. Baina asteburuetan beti joaten nintzen komunitatera. Gero, aste erdia baino gehiago beraiekin pasatzen nuen, bizi aberatsa zelako. Supermerkatuan erositako gauzak eramaten nituen, jakiak eta. Hara eraman eta haien alubi, arroz eta arrozarekin oso bizimodu polita egiten nuen.
Lurrarekin oso lotuta!
Bai, lurrarekin oso-oso lotuta beti. Ez dakit zergatik, baino oso lotuta! Lurrarekin eta itsasoarekin. Beti itsaso bila. Behar ditut itsasoa eta lurra. Han ere oso gertu nuen itsasoa, Meridatik 20 km-ra edo. Asko joaten nintzen itsasora ere. Yukatango kostan herri oso txikiak daude. Pisu txiki bat zuen lagun bat nuen. Hark uzten zidan eta joan egiten nintzen 2 edo 3 egun pasatzera itsaso ondoan. Leihotik izurdeak eta guzti ikusten genituen. Ez beti, ez. Beste mundu bat zen. Hango paseoak hondartzan... Hura gehiegi izan zen.
Asia
Algortatik Mexikora joan eta gero, batetik bestera gelditu gabe ibili zarela uste dut.
Urte askotan, bai. Beste urte batean Indiara joan nintzen. Asiako kulturek beti erakarri naute. Oso espiritualak dira. Eta esan nuen: "Ea zer dagoen hor? Hara joan behar dut! Haien tenpluetara, jendearekin bizitzera..." Gizarte lana egitera joatea pentsatu nuen, komunitate batera ere. Haiei lagundu eta haiekin ikasi, haien harremanak, haien, lanak, haien erlijioa, haien moduak...
Indian urte bat egon nintzen. Delhitik 20 km-tara. Komunitate oso-oso umila zen. Nik pobre ez dut sekula esaten. Guk diru gehiago daukagu, baino ez gara aberatsago, ez? Haiek ez dute dirurik, baino espiritualki, bake, poz aldetik gu baino askoz ere gehiago daukate. Horregatik ikusi nuen dirua ongi bizitzeko dela, baina besterik ez. Ez da dena. Beraiek ez dute dirurik, baina beste gauza ederrak ikusi nituen han: beste herriekin zuten elkartasuna; edozein etxera bazkaltzera gonbidatu, lapiko handi batean arroza besterik ez bazuten ere, denak lurrean lapikoaren ondoan eserita... Gure munduarekin oso ezberdina, baina barne aberastasun handikoa. Ikasteko pilo bat zegoen.
Urte hark asko markatu ninduen. Esan dizut, komunitatea oso umila zen. Ez zuen ez argirik, ez urik... Pentsa zein baldintza. Ura punpa batekin ateratzen zen, hemen garai batean baratzetan ateratzen zen moduan. Gure aitak horrelakoa zuen baratzean. Horrela ateratzen genuen ura.
Nik horrekin kontu handia izan nuen. Han gaixotzen bazara, ospitaleak eta... Hura beste mundu bat da. Gaizki egon nintzen, baina hasieran. Lazka asko ematen zidalako jateak eta... Eskuekin jaten zuten. Garbitasuna oso txarto. Esaten nuen: "Hemen hartzen badut gaixotasun bat, hemen hil behar naiz". Pixka bat psikologikoa zen nirea.
Horretara ere moldatu behar.
Lehendabiziko hilabetea oso-oso gogorra egin zitzaidan. Baina gero ohitu nintzen eta nire modura aritu nintzen. Ura nola hartu. Limoi asko hartzen nuen, mikrobioak eta hiltzeko. Beti nire motxilan, bizkarrean, beti nire urarekin, nire koadernoarekin. Apunteak hartzeko, baina ura beti ona.
Indian denboralditxo bat egon direnak esan didate marka uzten duen herria dela. Urte batek betiko marka utziko zizun, ezta?
Izugarrizko marka. Indiako komunitatea maistru batena zen, Takar Sin. Maistru horrek Madrilen eta Andaluzian zentro bana du. Sig sektakoa da. Indira Gandhiren eskolta sig zen. Barruko indar asko dute. 3 maxima dituzte: ilea ez moztu, bizarra ez kendu eta turbantea ere ez kendu.
Gure komunitateko maistru hori, Takar Sin, sig sektako maistrua zen. Pasa den urtean hil zen. Abisatu ninduten. Komunitateko diapositiba pilo bat ditut maistru horrekin. Hark bazeukan zer edo zer. Egunero ilara bat jende etortzen zen. Berak buru gainean eskuak besterik ez zizkien jartzen eta sendatuta joaten ziren. Zerbait egiten zien. Nik ikusten nuen ordu biak edo hiruak zirela eta maistrua baraurik zegoela eta jendeari esaten nion: "Ja, finito! Joan eta bihar etorri, maistrua oraindik ez du ezer jan". Hurrengo egunean etortzen ziren. Egunero jende ilara, maistruak haiek sendatzeko.
Izugarria zen hura zure begiekin ikustea eta haien artean bizitzea. Niri harritu egin ninduen batek esatea: "Pakita, zu hemen bizi izan zara". Nik ez nuen ulertzen: "Baina, nola?" Eta esaten zidaten: "Bai zu bizi izan zara hemen beste bizi batean". Ulertzen? Beraiek errenkarnazioan sinisten dute. "Zergatik esango didate horiek hori, gure mendebaldeko mentalitatea ateratzeko zer edo zer izanen da", pentsatzen nuen. Ez. Haiendako hori normala da. Eta esan nion: zer izan nintzen, gizona eta emakumea? Egun batean andre batek esan zidan: "Zu izan zara gizona eta emakumea". Eta komunitateko sukaldean lan egiten zuen beste mutiko batek, komunitate barazkijalea zen, esan zidan: "Ni gogoratzen naiz bakarrik andrea izan zinela".
Pentsa zein interesgarria den. Haiendako haien kultura da errenkarnazioa eta halakoak. Orain neretako ez da sinistea edo ez sinistea, neretako, errenkarnazioa bada. Bizia bakarrik ez dela hau. Gauza pila bat pasatzen dakizkizu. Bizitza pila bat dauzkagu. Bakarrik gorputza aldatzen dugu. Gure arima oso-oso zaharra da. Bizi bakoitzean ikastera etortzen gara, pertsona hobeak izatera bakarrik. Gure arima, gure kontzientzia nahi baduzu, zabaltzera eta esnatzera, lokartuta daukagu eta.
India eta gero zer?
India eta gero Nepala joan nintzen. Nire ilusioa beti izan zen Tibetera joatea.
Izpiritualtasun handiko beste herri bat hori ere.
Izugarrizkoa. Komunitatetik, trenez, Nepalgo mugara joan nintzen. Han autobusa hartu eta Katmandura joan nintzen. Ez zait gustatzen hoteletan eta lo egitea. Hango modura ohitu nintzen, lasaitasuna eta. Hotelera joan beharrean eliza budista batera joan nintzen. Monasterioan lama bat bizi zen. Txinak Tibet inbaditu zuenean Dalai Lama 160 lamekin atera zen eta asko Nepalen edo Indian gelditu ziren. Beste batzuk Europara etorri ziren. Horregatik zabaldu da budismoa hainbeste.
Eliz hartan gela bat alokatu nuen, dirua ateratzeko alokatu egiten zituzten. Izugarria zen han lo egitea. Goizeko 5etan jotzen zuten gong-a, haien abisua, meditatzera joateko. Soinu haiek, haien kantuak... han egotea gehiegizkoa izan zen. Kasualitatez, monasterio horretan kanarietako monje budista bat zegoen. Izugarrizko istorioa zuen. Horrekin bakarrik liburu bat idatziko dut. Bi edo hiru egun neramatzan monasterioan. Ni goizean ateratzen nintzen eta arratsaldean bueltatzen nintzen nire gelara. Eta sartzean, monje bat beti atarian zegoen, eta esan zidan apaiz espainiar bat zegoela. Joan nintekeen galdetu nion eta baietz. Joan nintzen eta kanarietako hori zen. Gau guztia egon ginen bere gelan, biok, hizketan eta negarrak eta barreak eta denak egin genituen. Gero ni dirurik gabe gelditu eta berak pasa zidan dirua. Hoa ailegatzean hemendik bidali nion nik. Izugarrizko esperientzia ederrak bizi nituen.
Handik Tibetera joan nintzen. Nepalgo Txinako enbaxadara joan nintzen. Bisaturik ez zutela ematen esan zidaten. Pentsatu nuen ilegalki pasatzea, baina zerbait pasaz gero eta polizia harrapatuta... Enbaxadan gerra ematea erabaki nuen. Azkenean aspertu egin nuen eta esan zidan bisatua egin behar nuela, baina 15 pertsona batu behar nituela. Berak pentsatzen zuen ni hangoa ez izatean ez nuela lortuko. Hoteletara jo nuen eta lortu nuen jendea batzea. Enbaxadara joan nintzen eta esan nien lortu nituela 15 pertsonak. Pasaporteen kopiak behar zituztela esan zidaten. Kopiak eman eta talde bisatua eman ziguten. Alokatu genuen jeep bat eta Nepaldik Lasharaino errepidez joan ginen. Bidai izugarri ederra izan zen. Mendiak bi aldeetan, beti ubeldea gure ondoan. Monasterioetan eta gelditu egiten ginen. Haiek han gelditu ziren egun gehiago gelditu nahi zutelako eta ni hegazkinez bueltatu nintzen, Lashatik Katmandura.
Hainbeste bidai eta gero Mexikon gelditzea erabaki zenuen.
Bai. Bidai horiek izugarri markatu ninduten. Nik esan nuen: "Atzera, berriz, Mexikora joan behar naiz". Duda neukan. Nikaraguan ere egona nintzen 3 hilabete. Bien artean zalantza nuen eta azkenean Mexiko aukeratu nuen, izugarrizkoa da eta. Mexikora joan nintzen eta han gelditu naiz. Han nago eta han geldituko naiz. Oso ederra da.
Mexikon, hiriburuan bertan?
DFn, bai. Pisu txiki bat erosi nuen han, baina asko mugitzen naiz. DFn dauzkat literaturako maistrak ere. Oso ongi.
Hainbeste bidaiaren ondoren, zer da zuretako Lakuntza?
Sentitzen dut Lakuntza orain ez dela nire lekua. Asko maite dut, baina hango bizimodua eta nirea oso ezberdinak ikusten ditut. Tokiz kanpo bezala sentitzen naiz. Neretako ez da hain garrantzitsua hainbeste kontsumismo eta hemen topera sartuta zaudete. Baloreak oso desberdinak dira. Nik beste modu batera ditut. Hala ere, poza ematen dit ikustea jendea hemen ongi bizi dela eta kalitateko bizia dutela. Hobe da jendea horrela ikustea, ez gosea pasatzen Mexikon edo Indian bezala. Indian Kalkutako Ama Teresari elkarrizketa egin nion. Ilusio hori nuen. Gainera, Xabierko Frantziskok Indiako Goan egin zuen izugarrizko misio hura ikusteko ilusioa ere banuen, eta bere lana ikustera aste baterako joan nintzen. Orain ere, han % 85a kristaua da. Pentsa zein lan interesgarria egin zuen han.