Lehen esan duzu Algortan hasi zinela margotzen, liburu aurkezpenetara joaten...
Pila bat irakurtzen. Denetarik, historia, antropologia, poesia asko... Beti asko irakurri dut eta horrek ere beste zabaltasun bat eman dit.
Zer moduzko margolaria zara?
Ez naiz ona. Bizpahiru erakusketa kolektibotan parte hartu dut eta nire bat ere egin dut. Orain ere, bi koadro utzi ditut galeria batean. Nahiko utzia dut alde hori. Poesian sartuago nago.
Nolakoa da zure obra?
Figuratiboa, inpresionismoa ere asko. Orain biluziak eta abstrakzioak sartzen ari naiz. Figuratiboarekin hasi nintzen, baina inpresionismoa asko-asko gustatzen zait. Museoetan ikasitakoak balioko dizu.Eta klaseek. Algortan eskolak hartzen nituen. Kolektibo bat zegoen eta oso margolari onak biltzen ziren eta haiekin klasera joaten nintzen. Hor hasi nintzen. Egon naizen tokietan beti gustatu izan zait astean 2 edo 3 egunetan margotzea. Ez ahazteko eta neretako terapia modukoa izaten zelako.
Literaturaren bidaia ere hasi zenuen. Ez da erraza.
Erraza ez da ezer. Lehen liburu honetan, Bihotzetik (azaleko irudia bere koadro bat da), urte askotan barnean nituen gauza asko daude. Bigarrenak beste kalitate bat dauka. Bi urteko lana da bigarren liburuan dagoena. Hau ele bitan argitaratu nahi dut, orri batean euskaraz eta bestean gaztelaniaz. Nire hizkuntza delako euskara eta horregatik nahi dut ele bitan argitaratzea liburua.
Poesia da gustatzen zaizuna, ezta?
Pilo bat. Baina orain ere hasiko naiz, historia, ohiturak... Lakuntzan ere gauza pila bat daude. Pago Mari, amodiozko istorioa, oso polita. Duela 4 mendekoa. Hemengo gauzak hartzen ari naiz, historia eta ohitura ikuspegitik liburua osatzeko. Hainbeste gauza daude idazteko... Nobela historikoa izanen da hori.
Baina orain poemen bidez adierazten zara.
Poemak beti asko-asko gustatu zaizkit. Klasikoak, modernoak eta denak. Niretzat gauzak ateratzeko oso modu beroa da. Beti dago poesia irakurtzea gustatzen zaion jendea. Ez dago oso zabaldua, baina poesia gustatzen zaionari gustatzen zaio. Niri beti asko gustatu izan zait, leitzea eta orain idaztea ere.
Lehen lanari euskarazko izenburua jarri zenion, gaztelaniaz idatzita badago ere.
Bai, Bihotzetik. Mexikon galdetzen zidaten: "Zein izenburu jarri diozu? Hori zer da Nauat?". Eta esaten nien: "Ez, euskara da. Nire hizkuntza. Desde el corazon esan nahi du". Barruan azaldu nuen esanahia, jakin zezaten.
Zer biltzen duzu liburu horretan?
Barruan sentitzen nituen gauza batzuk eta lehendik idatziak nituenak, hobetu, aldatu eta horiekin osatu zen estreinako liburua. Familiako gauzak, herriko gauzak jarri nituen lehen liburu horretan. Oso senzilloa da, oso pobrea. Baina, bihotzetik aterata. 2005ean argitaratu nuen.
Beraz, duela gutxi hasi zara idazten?
Beti idatzi dut, baina beldur modukoa nuen ateratzeko. Gainera poesia oso kritikatua da. Publiko gutxi du, baina oso fidela.Bai, oso. Gainera, poesia oso konprometitua da. Literaturan, nobelan, nahi duzuna sartzen duzu. Zure historia estalita dago edo nahi duzuna. Baina poesian, barruko, bihotzeko gauzak ateratzen dituzu. Hor ez dago kamuflajerik. Hor ez daude disimuluak, ez daude alda-moduak. Poema barrutik atera behar da eta ez intelektotik. Poema da barruko lana. Bigarren liburuari moldaketak egiten ari zara orain.
Idatzitakoarekin gustura zaude?
Bai. Lehenbizikoa oso pobrea da. Liburuak ditut eta oparitzea pena ematen dit zein akats dituen, zein mugatua den ikusten dudalako.. Baina horrela atera zen. Bigarrenak beste kalitate bat du. 80 urte dauzka maistra bat dut eta oraindik tailerrak ematen ditu, pentsa ze andrea. Honek esan zidan: "Bigarrenak beste maila bat izan behar du. Oso ongi eginda, oso ondo armatuta, poemak oso ondo eginda, tailer asko eginda poema bakoitzarekin. Lana".
Literatur tailer horietan zer ikasten duzue?
Lehenbiziko eskuz idazten ditut poesiak. Gero ordenagailura pasa, inprimatu eta tailerrera eramaten ditugu. 10-12 biltzen gara. Bakoitzak bere lanaren kopiak eramaten ditu denen artean banatzeko. Bakoitzak berea irakurtzen du eta gainontzekoak kopia eskutan dutela iruditzen zaiena esaten dute: "Hori kendu, hura jarri, hala idatziko nuke"... Hobe lan egiteko, kritika eraikitzaileak egiten ditugu. Bukatzeko maistrak bere iritzia ematen du, bere ikurra. Hala, olerkiari zaborra kentzen diogu, esan beharrekoa ateratzeko soilik. Ez adornuekin, ez soberan dauden hitzekin, ez faltekin...
Hortik, pentsa dut, dena oso aberastuta aterako dela.
Baina, oso lan gogorra da. Pentsa, bigarren liburuak 50 poema izanen ditu eta bi urtez gauero haiekin lan egiten egon naiz. Gero tailerrera astean behin joaten. Lagunekin ere, etxeren batean biltzen. Lan egiten, gogor. Ahots goran irakurtzen eta gero haiek ekarpenak egiten. Nik hemengo gaztelaniako hitzak sartzen ditut eta haien belarrira arraro egiten zaizkie, agresiboa bezala. Beraiek oso suabeak dira. Guk gogorrago hitz egiten dugu eta belarrira ez duela ongi ematen esaten didate eta aldatzeko proposatzen didate. Horrela, poesia hobetzen joaten gara eta azkenean beste kalitateko poema bat nabari da.
Poesia tailerra zuendako oso aberasgarria izanen da, ezta?
Izugarrizkoa da. Maistra horrek 70 liburu idatzi ditu. Filosofia eta letretan lizentziatua da. Aurretik abokatu karrera egina du. Pentsa, garai haietan Mexikon. Abokatu ikasketak aitarengatik egin zituen, baina gero bestea gehiago gustatzen zitzaion eta hala egin zuen. Hainbat tokitan ematen ditu eskolak. Gu bere etxean hartzen gaitu. Berak dio poesia ez dela gainontzeko literatura bezala, intelektoan gelditzen dena eta kitto. Poesia oso barrutik ateratzen den zerbait da. Horregatik kontuz egin behar da esaten duguna. Gu ere biluzten garelako. Oso sakona delako. Askotan poema batean lagun baten historia oso gogorra jartzen duzu. Bere intimitate handi bat da. Igual izena aldatuta. Eta zurea ere. Horregatik liburu berrian agertzen den esaldi bat gustatzen zait hainbeste: "La poesia no es para quien la escribe, sino para quien la necesita". Oso barrukoa da, oso sakona.
Zuk poesia behar duzu, beraz?
Bai. Asko gustatzen zait.
Zer ematen dizu poesiak zuri?
Poema bat irakurri eta gero pentsatzen gelditzen naiz: aiba, honek nahi zuen esan hori! Jo, zein ederra! Poeman ez da dena literalki esaten. Beti erdiz gelditzen da, ez? Buruari eman behar zaio. Bakoitzaren beharren arabera, bakoitzak bere modura hartzen du. Hori da poesiaren misterioa. Hori da niri gustatzen zaidana. Jarri, baina gero utzi besteari pentsatzen eta beraiek hartu nahi dutena.
Beti bizipen pertsonalak, pentsamenduak eramaten dituzu paperera.
Dena dela, beti zentzu batekin. Atzetik, zer edo zer heldu da. Neri olerki horiek: "Te cogí, te fuiste, me besaste"... horiek neri ez didate ezer esaten. Neretako amodioa beste gauza bat da. Askoz aberatsagoa, beroagoa. Amodio poemak beste modu batera jarriak, jendeari beti pentsatzen utziz. Askotan da zure istorio bat eta besteetan da zure lagun batena. Edo irakurri duzu biografia bat eta pentsatzen duzu: zein interesgarria, ba egin behar dut horri buruzko olerkia. Hori oso polita da. Eta bizipen hori nerea den galdetzen dutenean esaten diet nahi dutena pentsatzeko. Baina agian barrunbea asko mugitu didan irakurritako eleberri batekoa da. Orduan, apunte batzuk hartzen ditut eta gero gauean lan egiten dut. Aldamenean beti koaderno bat dut. Beti egoten da zer edo zer. Mexiko DF hain handia da. 20 milioi pertsona bizi gara. Liburuan metroko bi poema daude. Metroan istorio pila daude. Klasean, lagunak... Beraiek beste izaera bat dute. Eta nik hemengoarekin konbinatzen dut eta hango jendearekin. Hori polita da.
Esan duzu haiendako kontrastea dela, ezta?
Bai. Batzuk hitz baten ordez beste bat jartzeko esaten didate. Eta maistrak esaten du: "Bera ez da hemengoa eta bere bokabularioa hori da. Zergatik kendu? Bere poema da. Ez kendu hitz hori, Pakita. Utzi, zure modura da. Poema zurea da". Zentzua hausten badu, bai esaten didala. Baina poemarekin koordinazioa badu, hitza nahiko fuertea bada ere, maistrak esaten dit uzteko, nire izaera baita. Maistra hemen irakasten egon zen eta badaki hemen hitzak nola erabiltzen ditugun. Idazteko, papera edo ordenagailua?Papera. Asko gustatzen zait. Ni ez naiz ordenagailuen garaikoa. 60 urte ditut eta nire ohitura eskuz idaztea da. Baina orain, tristea da esatea, baina ordenagailua ezinbestekoa da. Nik lehenik denak eskuz egiten ditut eta gero ordenagailura pasatzen ditut.
Noiz idazten duzu gusturago?
Gauez. Neri gaua pila bat gustatzen zait, leitzeko, idazteko, denetarako. Gaua oso aberatsa da. Eguna ere, baina beste gauzetarako: margotzeko... Baina leitzeko eta poemak egiteko gaua da. Poesia errezitaldirik eman duzu?Han bai. Lagunen baten aurkezpenen bat dagoenean, galdetzen didate: "Joan behar zara? Ba eramazu bi poema edo, aurkezpena hasi aurretik leitzeko eta motibazio gehiago jartzeko. Gelan beste bero bat jartzeko". Poemak hori du, emozioa duela. Burua hotza da. Poemak beste berotasun bat dauka. Nik ahots fuertea dudanez, gustatzen zaie asko ez mikrofono ez ezer gabe leitzea. Polita da poemak leitzea eta esatea. Batzuk buruz badakizkit eta, bestela ere, beti eramaten dut libururen bat edo olerki batzuen kopiak irakurtzeko.
Mexiko DFn, poesiarako tokirik badago?
Han jende gehiena diru aldetik oso txarto dago. Baina kultur mugimendu asko daude. Jende askok idazten du, denetarik, nobela, historia... Mugimendu pila daude eta denendako dago lekua. Baina, leku guztietan bezala, poesia gutxiago. Poema espezialagoa da.
Lakuntzan badago poesiarako tokia?
Ba, Lakuntzan nire lagunei gustatu zaie. Beraiek ere animatu egiten naute. Oso garrantzitsua da hori. Orain ere, liburu hau argitaratzeko lagundu egin behar didate, dirulaguntzekin. Sakanak eman behar dit laguntza. Eta gero udalari ere eskatuko diot, nik ez baitut dirurik. Ia nondik ateratzen dugun, edizioa karrikaratzeko. Baina atera behar da. Ez dakit lagunek irakurri duten zure liburua.
Zer esan dizute?
Ni, nola lakuntzarra nintzen, amaren eta aitaren poemak egin ditut. Ni ezagutzen naute eta esaten didate: "Jo, nola jarri duzun amaren edo aitaren poema, ez?" Nik idatzi nuenean terapia modukoa izan zen. Polita, ez? Oso ongi dagoela esan didate.
Zein poesia mota gustatzen zaizu?
Pilo bat. Beti gustatu zait Garcia Lorca. Hemengoak, Mikel Laboa, Xabier Lete. Badaude batzuk. Orain ez ditut izenak gogoratzen. Hemengoak leittu ditut. Baina gero: Miguel Hernandez, mistikoak ere, San Juan de la Cruz, Teresa de Jesus. Horien lan konpletoak Lakuntzan nituen. Gero ere Jose Bergamin. Eta Mexikon pilo bat: Octavio Paz, Carlos Fuentes... Asko leitu ditut. Modernoak ere pilo bat. Eta gero ere, lagunak dauzkat Mexikon poesia idazten dutenak. Polita da irakurtzea zu ere aberastu egiten zarelako.