Larunbat arratsaldean hasi ziren Lakuntzako festa handiak, San Saastinak. Aurten danborradak 25 urte beteko dituenez, danborradako arduradun Joxe Floresek eta Ricardo Aretak izan zuten festen hasierako suziria botatzeko ohorea. Kontentu zeuden biak. “Sari oso ona da hau, lakuntzarrendako San Saastin oso haundia delako. Suziria botatzea oso oso pozik hartu dugu” adierazi zuten. Ordu horietako giroa ederra zen Lakuntzan, eta musika lagun, festa ordu txikietara arte luzatu zen.
Igandean Lakuntzako erraldoi eta buruhandien konpartsa kalera atera zen eta aizkolariak eta harrijasotzailea aritu ziren lanean. Arratsaldean Zirika Zirkusek Danz jolas ikuskizuna eskaini zuen mustu berri den Lakuntzako zinean.
Piperropiletatik hasita, danborradaraino
Gaur, San Saastin bezpera, festa egun polita izanen da Lakuntzan. Eguerdian data hauetarako Lakuntzako etxeetan prestatzen diren piperropil anis opilen txapelketa burutuko da plazan. Arratsaldeko seietan haurren danborrada txikiaren txanda izanen da, eta gauerdian, danborrada nagusia.
Aurten 25 urte betetzen ditu Lakuntzako Pertza elkarteak antolatzen duen danborradak. “Aurten berezia izango da. Batetik bi kanta berri sartuko ditugu. Diana numero uno eta Otsagabia Biribilketa. Hortaz, sei kanta eskainiko ditugu guztira. Bestalde, gazteak badatoz bultzatzen eta karroza bat egin dute danbor handi batekin. Guk dugun danborraren erreplika baina handian. Horrela, elkartetik plazaraino buelta bat emango dugu karrozarekin, 25 urte hauek ospatzeko” azaldu digute Floresek eta Aretak.
Hiru omenduak: Burillo, Toto eta Casto
Herriaren alde egiten duten lana eskertzeko, aurten ohorezko 3 txano emango ditu danborradak. “Bata danborradan elkarteko ikurra ematen duen Juan Jose Burillori, urtero danborradan bere lana egiten aritzen delako. Gero Joxe Lazkano “Toto” lakuntzarrari. Edonora joaten garenean, Sakana guztian barna, beragatik galdetzen dute. “Toto nola dau? Biziaa?” lakuntzar unibertsala da. Eta gero Jesus Mari Zabarte “Casto”-ri, beti lanerako prest dagoelako, edozein gauzatarako” azaldu dute.
Aretak eta Floresek danborradaren arima izaten jarraituko dute. “Gu jarraitzeko gogoz gaude, baina postuak aldatuko ditugu. Ricardok hasierako 10 urteak danborrada zuzentzen egin zituen, gero nik hartu nuen lekukoa eta 15 urte egin ditut, eta berriro Ricardori pasako diot zuzentzeko ardura” azaldu zuen Joxe Floresek.
Eta bihar ermitara
Bihar festetako egun handia izanen da. Goizean aurora kantatuko du Lakuntzako abesbatzak herriko txokoetan eta eguerdian San Saastin ermitara erromerian joango dira lakuntzarrak. Mezaren ondoren auzatea eskainiko du ermitan Lakuntzako Pertza elkarteak. Arratsaldean Elai Alai dantza taldearen emanaldia izanen da, eta, ohitura den bezala, Alkate Dantza eskainiko zaie udal ordezkariei. Eta arratsaldeko dantzaldiarekin despedituko dira aurtengo San Saastinak.