A ze txorizoak!

Guaixe 2015ko ots. 16a, 19:18

Jose Mari Agirre harategiak bigarren urtez jarraian Bilbo Hiria Etxeko Txorizoen Lehiaketa irabazi du

Lakuntzako Agirre harategian pozez hartu dute sariaren albistea. “Zaila da bigarren aldiz irabaztea. Gainera, epaimahaia berria zen, ez zen joan den urtekoa”, zehaztu digu Jose Mari Agirrek. Lakuntzako harakinak esan digunez, “txorizoak egiterakoan bakoitzak bere sekretuak ditu. Nik ilusio handiarekin egiten ditut gauzak”.

Lehiaketara gordinik jateko diren txorizoak aurkeztu behar dira. Probatu eta puntu-puntuan lehortuta eta zaporez ondo daudela iruditzen zaionean jartzen ditu salgai. Txorizo ona egiteko lehengaiak ere onak izan behar dituela ziurtatu digu Agirrek: “ehuneko halako giharra, urdai pixka bat, Faltzesko baratxuria, piper gorri on bat, gatza puntuan. Zeren gaurko egunean dietistek eta denek eskatzen dute gatza eta koipeak jaistea eskatzen dute”. Hori lortzeko probak egiten egoten dela esan digu Agirrek.

Txorizoak egin ondoren lehortegian sartzen ditu. “Niri gustatzen zait lehortegitik atera eta naturalean lehortzea beste egun batzuz, eguraldi ona badago behintzat. Lehortegiak baino beste puntu bat ematen dio kanpoan lehortzeak, lehen etxeetan egiten zen bezalaxe”.  Negu honetan hotz lehorra egin du, hezetasunik gabekoa, eta aproposa izan da txorizoak lehortzeko. Urtean barna, bestela, lehortegian haizagailua eta beste jartzen ditu.

Txorizoez aparte, Agirre harategian txistorrak, odolkiak, tripotxak, tripakiak eta denetariko haragi motak saltzen dituzte. Halako sariak harategiarendako propagandarik onena direla ziurtatu digu Agirrek: “salmentan nabaritzen da. Trofeoa bistan jarri eta edozein kanpotar etortzen dena erosi egiten du”. Aurten 64 urte beteko dituen harakinak gauzak “mimo handiz” egiten segituko duela baieztatu digu.

Txapelketa
Lehiaketara gordinik jateko 74 txorizo aurkeztu ziren: Bizkaiko 29, Gipuzkoako 25, Arabako 7, Kantabriako 5, Nafarroako 4, Errioxako 3 eta Extremadurako 1. Epaimahaiak guztien kalitatea goraipatu zuen. Lehiaketara aurkeztutako txorizo guztiak pintxo bihurtu ziren eta Bilboko Cafe Lagoko bezeroei dohainik banatu zituzten ostegunean.

Aurreko ostegunean, inauteriko ostegun gizenean, jaso zuen saria Agirre harakinak lehiaketako XIX. edizioko saria, Bilbon. Txarriduna, Txerriaren Akademiak antolatutako lehiaketa bi urtez jarraian irabazteaz aparte, 2007 eta 2009 eta 2012 urteetan bost finalistetako bat izan zen. Harakin lakuntzarrak, bestalde, 2003an Sakanako XII. Txistorra Lehiaketa irabazi zuen.