Blas Alegriaren testua Euskal Esnalean

Guaixe 2016ko mai. 16a, 17:53

XX. mendeko euskal kulturaren pizkundeko publikazioetako bat izan zen Donostiako Euskal Esnalea aldizkaria. 1926ko apirileko eta maiatzeko zenbakian, 268 eta 269 (ordurako 16 urte zeramatzan publikatzen) Blas Alegria lakuntzarraren testua argitaratu zuen. Irakurgai alaia atalean Lakuntzako Pertza izeneko testua argitaratu zuen, orain 90 urte. Lakuntzar batek Aralarren Damarekin topatu zeneko berri ematen du  kontakizunak.

Idazleaz
1883ko otsailaren 4an jaio Lakuntzan Blas Alegria apaiza eta idazlea. Dendaberri etxeko semea zen. Joxemiel Bidatorrek esan zuenez, “lakuntzarra eite serioko gizona izateagatik ere, xelebrea eta umore onekoa omen zen”. Lehendabiziko ikasketan Bitoriano Huizi etxarriarrarekin egin zituen Unanun. Teologia egin ondoren  - dirudienez ederki kostata-, Lakuntzan apaiz laguntzaile, urte batzuetan errotore eta Arakilgo kaperau izan zen. 1925ean Iruñeko apaiztegian sartu zen. Han, guda arte iraun zuen Iruñeko Euskararen Adiskideak elkarteko kide izan zen. Donostiako Euskal Esnalea aldizkariko kolaboratzailea izan zen. Olabe Liburutegiko Patronatuko lehiaketetan maiz parte hartu zuen. Gainera hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaborazioak idatzi zituen. Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkarian ere zenbait lan argitaratu zituen.

Hona argitaratu zituen idazlan ezagunenetakoak: Lakuntzako pertza (1926), sona handia izan zuena; Aña Mari antzerkia (1928), Lakuntzako Baratzarrekalde baserrian kokatua; Gure Ama ikerlan elebiduna (1931) eta Liliya (1932) idatzi zituen. Azken horrek Olabe Saria irabazi zuen. Horretaz aparte, hitzaldiak ere ematen omen zituen. Lakuntzako idazleak asko maite zuen bere lurra eta bertako hizkuntza, ohiturak, kirolak, musika eta bestelakoak. Bere idatziak Sakanako hizkeraren eta garai hartako ipuin eta elezaharren testigu ederrak dira. Blas Alegria 1947ko lastailaren 12an hil zen bere jaioterrian. 1983ko azaroaren 9an Euskaltzaindiak omendu egin zuen Lakuntzan.

Erlazionatuak