Cava festa asteburua hasteko...

Guaixe 2016ko mai. 20a, 15:42
Jan-edana ez da faltako.

Cava festaren hazia joan den urteko Lakuntzako festetan dago, San Sadurni d´Anoiatik correfoc ikuskizuna eskaintzera etorri zirenean. Adiskidantza sortu eta lakuntzarrek bisita bueltatu zieten. Kataluniarrek euren produktu izarraren, Cavaren inguruan, Lakuntzan festa antolatzeko proposamena luzatu zieten. Bi herrien arteko adiskidantza sendotzeko aukera zelakoan Lakuntzako Udalak erronkari heldu zion. Hala, azaldu digu Cava festaren sorrera Aitor Gartzia kultura zinegotziak.

Dastatuko diren edari apardunak “familia xumeek ekoiztutakoak dira. Cava oso onak dira. Batzuk izena dute.” Dastatzeko egonen diren cava gehienak “gama altukoak dira eta bakarren bat gama ertainekoa da”, zehaztu du Gartziak. Goren mailakoen kopak hiru euro balioko ditu eta bi maila ertaineko cavarena. “Publizitateak ezagun egin dituen marka horietako bat bera ere ez dugu izanen.”

Frontoiak hartuko du Cava Festa eta edozein ospakizunetan edariarekin batera jatekoa ezinbestekoa denez, cava edanez bazkaldu edo afaltzeko aukera izanen da. Propio barra eta mahaiak jarri dituzte. Sukaldeaz Txomin parrila enpresa arduratuko da. Bertako produktuak, Nafarroakoak gehien bat, parrilan prestatuko ditu. Frontoian ere eszenarioa izanen da. Txingurriye elkarteko kideak eta lakuntzar mordo baten laguntzari esker Cava festa auzolanean eginen da.


Egitaraua
Maiatzak 20, ostirala
20:00etan Herri brindisa.
23:00etan Entzun zak taldearen kontzertua.

Maiatzak 21, larunbata
12:00etatik 2:00etara Cava festa.
12:00etan Gure Esku Dagoren ekitaldia.
16:00etan Diables sem´n refum taldearen versots irakurketa.
20:00etan Catalunya eta Euskal Herriaren arteko brindisa.
20:30ean Haurren correfoc ikuskizuna, pilotaleku ondoan.
23:00etan Lakuntzan Kantuz, musika saioa.

Maiatzak 22, igandea
11:00etatik 18:00etara Cava festa.
*Cava gunean bazkaltzeko eta afaltzeko aukera egonen da.

Oharra
Larunbata eguerditik Mikel Arregi kalea, plaza inguruan, eta erdiguneko beste kale batzuk oinezkoendako izanen dira.


Cava eskaintza
Llopart, Olivé Batllori, Colomer, Pere Mata, Gramona, Vilarnau, Varias, Agusti Torello Mata, Segura Viudas, Oliver eta Mainegra.