... bertako produktuen azoka asteburua bukatzeko

Guaixe 2016ko mai. 20a, 15:11

Lakuntzako azoka berreskuratzea egokia litzatekeela pentsatu zuten udalean. “Azken finean Sakanari bultzada bat ematea da. Sakanak gerturatzea eta jendeak hor egotea behar du. Ez da bakarrik industria izan behar, denon aldetik zerbait eman beharra dugu”. Azoka berreskuratzeko erabakia hartuta, noiz egin izan zen zalantza. “Data bilatzen hasita hau baino beste hoberik ez zitzaigun bururatzen: Cava festak jendea ekarri behar du, eta batak bestea lagunduko du. Guretako lan gehiago da, baina…” Guztia behar bezala prestatzen Cederna-Garalurreko Susana Mendinuetaren laguntza izan dute eta Gartziak bere lana eskertu du.

Txistorra, euskal pastelak, gazta, goxokiak… Bertako makina bat jaki erosteko aukera izanen da igandean produktu horiei eskainitako azokan. 34 ekoizlek jarriko dituzte postuak plazan. Haiekin batera artisauak lanean ikusi eta euren eskulanak erosteko aukera izanen da. Mikel Arregi kalean dozena bat artisau elkartuko dira. Herriko tabernatan jan edana izanen da, baina bestelakorik nahi duenak 11:00etatik aurrera izanen du aukera Cava gunean.

Eguerdian ganadu erakusketa izanen da, plazaren beheko aldean. Behiak, ardiak, ahuntzak, pottokak, zaldiak, txakurrak… Lakuntzako azienda gertutik ikusteko aukera izanen dute bisitariek. Gosea dutenek Lakuntzan bertan bazkaltzeko aukera izanen dute. Cava gunean herri bazkaria izanen da. Nafarroako txekorra eta basatxerria prestatuko dituzte Cava gunean. Jaki horiek eta beste batzuk dastatu nahi dituztenek gunean bertan txartelak erosteko aukera izanen dute.


Egitaraua
10:00etatik 15:30era Bertako produktuen azoka.
   Artisau produktuen azoka.
   Trikitilariak.
11:00etan Cava gunearen irekiera.
12:00etan Ganadu erakusketa.
   Aizkolariak.
14:00etan Herri bazkaria.

Oharra
Larunbata eguerditik Mikel Arregi kalea, plaza inguruan, eta erdiguneko beste kale batzuk oinezkoendako izanen dira. 


Ekoizleak
Jeingenekoa (esnekiak), Izaskun Apilikueta (pastelak eta gailetak), Ainhoa Aristizabal (ogia), Legarbeko karakolak (karakolak), Ostiza (gazta), Isidoro Arregi (harakina), Postiñenekoa (gazta), Bidaurre (pastak), Vialdea Gurea (eztia), Mañeko (pastak, pastelak), Reyno de Navarra (kontserbak), Katalunia, Maialen Martiarena Arza (gazta), Migeltxo Saralegi (taloak), Oiaralda (barazkiak), Virgen de Ujue (goxokiak), El Torero (hestekiak), Akui (garagardoa), Nafarroa Bizirik (Enneco, haritzaren memoriaren parkea), Luis Legarra (denboraldiko barazkiak, zainzuriak), Ana Sabando (ukendu naturalak), Jesus Balda (gazta) eta Sojo Natura (ukendu naturalak).

Artisauak
Artisaua Langintza
Pedro Mª Olea Armendariz Zurezko jostailuak
Txus Guruzeta Bitxiak
Kamuts Zeramika
Iñaki Villanueva Eskultorea
Peio Lazkoz Harria
Trimmer Arropa
Agustin Aguirre Moreno Bridioa
Artesania El Txoko Harri-kartoia
Trok Tailerra Larrugintza
Kokedamasymas Landareak
Ioseba Gurrutxaga Leatxe Erraldoiak / Kilikiak
Batuta Sakana Zurezko altzariak
Tomas Mauleon Zura

 

Atzera begira
Josu Imaz Prim zinegotziak Lakuntzako feriari buruzko historia datuak jakinarazi ditu. Imazek azaldutakoaren arabera, ibarreko herriek euren urteroko feriak egin aurretik Aralarko santutegi inguruan beste feria bat egiten zuten. Han Aralar Elkarteko 17 herrietako azienda biltzen zen. Imazek, bestalde, azaldu du maiatzean, “Igokunde egunaren hurrengo larunbatean, lakuntzarrak San Migelera joaten ziren; egun hori Amaletari deitzen zen, eta bazkaria aurreko egunean prestatu eta batera eramaten zen. Batzuetan, ganadu feriaren bat ere egiten zen”. Azken horren adibide gisa 1.324ko agiria aipatu du, “merioa jende armatuarekin joaten zen bertaratutakok defendatzera, gerta zitezkeen azienda-lapurretak ekiditeko asmoz”. Zinegotziak gaineratu duenez, “1.765ean, independentzia gerraren ondoren, urtero egiten zen feria bertan behera uztekotan egon ziren ibarra bizitzen ari zen egoera larriagatik”.

Lakuntzako garai bateko ganadu feria iraileko lehen igandea eta astelehena hartzen zituen. Feriako bi egun horien ondoren festak izaten ziren herrian. Imazek argitu duenez, ferian zaldiak, ardiak, ahuntzak eta nekazaritza lurrak lantzeko idiak salerosten ziren. “Ez zen lehiaketarik egiten,  geroago hasi ziren”. Industrializazioak gora egin zuen moduan behera egin zuen abeltzaintzak eta feria galdu egin zen. “Horregatik, feriak festak izatera pasa ziren, eta Lakuntzako Pertza festaren ondorengo igandean hasi ziren ospatzen”, zehaztu du zinegotziak.  

Imazek 1930. urtetik aurrerako Lakuntzako feriei buruzko hainbat datu jaso ditu, nolakoak ziren jakiteko ideia izateko. Elizaren hegoaldean zegoen zuhaizti txiki bat zuen eremu zabalean egiten ziren. “Tratulari ugari etortzen zen, euren atorra bereziak jantzita, bai eta era guztietako abelburuak zekartzaten baserritarrak ere, batzuk gurdia eta guzti.”

Udan azienda Aralarko larreetan izaten zuten lakuntzarrek, Algorrin, Albian, Mugerdin… Herriko azienda hobe identifikatzeko Ramon Andueza errementariak egindako L letrarekin markatzen zituzten animaliak. “Feria aurretik, Arangunetik gehienetan, sutarako egurra ekartzen zen behi edo idi gurdietan. Baita ikatza ere”.

Festa giroa
Imazek azaldu du bizpahiru koadrila kalejiran ibiltzen zirela, akordeoilariak lagun zituztela. Cesar Miranda eta Juan Ganboa aipatu ditu. Atorra marradunak edo beltzak janzten zituzten. Bordaren batean txokoa egin eta han zurrakapotea prestatzen zuten. Han bertan lotarako, koltxoirik ez bazegoen, agotza aukera ona zen. Esnatu eta kalejiran dianak izaten ziren. “Hamaiketakorako tripota jaten zen. Garai hartan ardia jateko gozo-gozoa zen”. 

Lakuntzako festetara Iruñeko eta Tolosako bandak etortzen ziren: “garaiko musika jotzen zuten, dantza lotuak, batez ere. Agertokia frontoian bertan jartzen zen (garai hartan elizaren aurreko aldean zegoen) edota udaletxeko sarreraren ondoan. Auzolanean egiten zen”. Imazek dioenez, herriko bentan (oraingo udaletxeko beheko solairua) afariak ematen ziren, bai eta Txuriko etxean edo Silvestre etxean ere. Plazan bertan, gozokiak, festa-txanoak eta horrelakoak saltzeko saltokiak jartzen ziren, eta barkilleroak barkilloak eta izozkiak saltzen zituen. Pilota partidak (Gartziandia anaiak, Pedro Etxarri, Pedro Zubillaga, Satur Ureta...), aizkolari (Gabriel Andueza, Miguel Olasagarre eta Bernardo Razkin), korrika (Carlos Gartziandia) edota txirrindulari probak ez ziren falta. Larrainean ring-a prestatu eta han borroka librea izaten zen (Paco eta Vitorio Otxoa, Bengoetxea eta beste).

Oilar jokoa ere ez zen falta. Oilarra egurrezko egitura batean lotzen zen eta pottoka baten gainean igota hari lepoa moztean zatzan jokoa. “50eko hamarkadatik aurrera, txikiei begiak tapatu eta haiek bakarrik jotzen ahal zioten zintzilikatuta zegoen oilarrari”. Antza, gutxik asmatzen zuten. Denborarekin horretan jokatzeari utzi zioten.

Erlazionatuak