Atarrabiak XIX. Hatortxu Rock musika jaialdia hartu zuen larunbatean. Nafarroan elkartasunerako eta dispertsioaren aurkako musika jaialdia da Hatortxu Rock. Asteburuan Atarrabiak 19. edizioa hartu du. Eta antolatzaileek han iragarri dute 20. edizioa Lakuntzan izanen dela, udan. 2009an bezala. Orduan jaialdiko antolatzaileek 10. edizioa “festa handiago” batekin ospatu nahi izan zuten: bost gune eta hiru egunetan ia 70 talderen kontzertuak. Hatortxu Rock-en 20. edizioak, berriz, lau egun iraunen du, ostegunetik igandera, garileko azken astean. Txori askeen unea heldu da leloa izanen du.
Antolatzaileek esan dutenez, “2009ko emaitza ona ikusita, herriaren erantzunarekin eskertuta eta egin genituen akatsetatik ikasita, zerbait benetan berezia eskaintzeko asmoa dugu”. Aukeratutako leloaren inguruan, berriz, adierazi zuten “gatazka hau errotik hartu eta konponbide bat bilatzeko garaia da”. Azkenik, “denen artean Hatortxu Rock berezi bat antolatzeko” deia egin zuten.
Informazio batzarra
Rock jaialdi handiaren inguruko informazioa emateko Lakuntzako Udalak batzarra deitu du ostiralerako, udaletxean, 19:00etan.