Zazpigarren urtez Sakana herri eskolekin Sortzen festa ospatuko da. Sortzen elkarteko ibarreko koordinatzaile Gorka Zabalak azaldu duenez, urtetik urtera festak hobera egin du bai antolakuntzan baita eskaintzan ere. “Hasieran guraso elkarteen ardura zena, gaur egun hezkuntza komunitate guztiarena da: guraso elkarteak, ikastetxeetako zuzendaritzak eta herrietako udalak”. Ospakizuna “herrikoia eta parte-hartzailea” dela nabarmendu du Zabalok.
Festak hiru helburu dituela azaldu digu Zabalak: “Sakanan sare publikoan euskal hezkuntza eskaintzen duten ikastetxeak ezagutzera eman, herrietara atera eta herritarrekin elkarlanean balorean jarriz. Horrekin batera, ibarreko herri eskola desberdinen hezkuntza komunitateen arteko harremana sustatu eta estutu. Eta, azkenik, eskualde komunitate gisa, elkartu eta jai giroan egun polit bat pasatzea”. Zabalak nabarmendu duenez, “festaren zutabe nagusia tailerrak izaten segitzen dute: guraso elkarte bakoitzak tailer bana antolatzen du haurrendako. Haren apainketaz eskola bakoitzeko zuzendaritza arduratzen da. Hortik aurrera, jaia antolatzea egokitu zaion eskolak egitarau oso bat prestatzen du”.
Lakuntzan
Aurtengo festaren dinamizatzailea eta Luis Fuentes eskolako ama da Anabel Arraiza. Berak esan digunez, “ikastetxearen eta herriaren arteko harremana indartu eta gerturatzeko helburuarekin kalera aterako gara eskolak dituen bertute eta aberastasun guztiak erakutsiz”. Hazi eta hezi, euskaraz bizi leloa du festak. Guraso talde batek ikastetxeari joan den urtean eskainitako kantatik atera dute. Gainera, irudia ere badu. Arraizak azaldu digunez, ikasleei ospakizunerako marrazki bana egiteko eskatu zieten eta Lakuntzako hiru artistek osatutako epaimahaiak erabaki zuen zein izanen zen aukeratutakoa: LH 1eko 6 urteko ikasle baten lana. “Hasieratik adostasuna izan zen. Marrazkiak hainbat gauza lotu zitzakeelako: integratzailea, aniztasuna, bizia… hori guztia batzen du”.
Festa behar bezala antolatzeko Luis Fuentesko hezkuntza komunitateak (guraso, irakasle eta udaleko ordezkariak) hainbat lan talde sortu ditu. Bi hilabete inguru daramate lanean. Arraizak udalak elkarlanerako aurkeztutako jarrera eskertu du. “Dena herrian, herriarendako izanen da, auzolan, elkarlan hori sustatu nahian”. Azken deia egin die Arraizak lakuntzarrei: “ lanean ari direnendako, animo! Gainontzekoendako, gerturatu daitezela, ezagutu gaitzatela eta ezagutu dezatela eredua”.
Txandakatze sistema
Ibarreko eskolen festa bigarren aldiz hartuko du Lakuntzak. Arraizak argitu digunez, antolakuntzan errepikatzen duen aurreneko herria da. Sakanan tamaina handiko (Atakondoa, Luis Fuentes, San Donato eta Zelandi) eta txikiko eskolak (San Migel, Arbizu, Arrano Beltza, Urdiain eta Domingo Bados) daude. Festaren ospakizuna nori dagokion zehazteko bost txandako zikloa dute. Eskola handiek bost txandetako lau osatzen dituzte eta falta dena eskola txikien artean erabakitzen dute zeinek antolatuko duen, eta elkarlanean prestatzen dute. Festa ospatzeko erreferentziazko hilabetea apirila da.