Lakuntzako San Saastinak despeditu berri, aurreko astean, ilbeltzaren 23tik 27ra Grezian eta Stalingradon dauden errefuxiatuendako neguko arropa, mantak eta beharrezko materiala biltzeari ekin zion Lakuntzako boluntario talde txiki batek. Ekimenak sekulako erantzuna izan zuen eta antolatzaileek gaindituta ikusi zuten euren burua. Boluntario taldeko Mari Jose Imirizaldurekin eta Lourdes Egurzarekin hitz egin genuen ostiralean, materiala biltzen eta sailkatzen lanez lepo zeudenean.
Ideia lauzpabost lakuntzarrei bururatu zitzaien. “Errefuxiatuen egoera gogorraren aurrean zerbait egitea pentsatu genuen. Eta horrela hasi ginen” azaldu du Imirizalduk. “Gogoratzen dut gizon baten argazkia ikusi nuela, negu gorrian, txankletekin. Hau ezinezkoa da… pentsatu nuen” gaineratu du Egurzak. Horrela, zerbait egin nahian, kontaktuak bilatzen hasi ziren. “Jakin genuen Gipuzkoan toki batean bilketa egiten ari zirela, hara deitu eta gaindituak zeuden, guri gertatu zaigun bezala. Ezagunak genituen Gobernuz Kanpoko Erakundeetara (GKE) deitu genuen eta, azkenean, Grezian lan egiten duen eta GKE batzuetan sartuta dagoen emakume batekin egin dugu harremana. Horrela, esan zigun guk material bilketa egiteko eta GKE bat, Fundación Seurren bidez, egingo zela garraioaren kargu. Eta horrela material prestaketa antolatzen hasi ginen” gaineratu du Imirizalduk.
Lakuntzako apaizaren etxean hasi ziren. “Zerbait xumea egiteko asmoa genuen, Lakuntzan ahal zena biltzea. Kartelak jarri genituen, kaxak herriko dendei eskatu genizkien, gure artean harrera egiteko txandak antolatu genituen… baina erantzuna izugarria izan da eta hasieratik gaindituta ikusi genuen gure burua. Hau ikaragarria izan da” azpimarratu du Imirizalduk.
Laguntzagatik gaindituta
San Saastinetako danborradan ekimenaren berri eman zuten, Guaixen eta Noticiasen ere agertu zen berria eta sare sozialei esker barreiatu egin zen. Ondorioz, Lakuntzatik aparte, Sakana guztiko herrietatik, Iruñeatik eta Gipuzkoatik ere etorri da jendea errefuxiatuendako materiala ekartzera. Sekulako dimentsioa hartu zuen ekimenak. “Nabarmentzekoa da jendearen esker ona eta ekarri dituzten arropa, oinetako, manta, toalla eta gauza guztien kalitate ona. Arropa oso onak dira, negukoak. Fabrika batzuk ere euren materiala, dituzten txalekoak, oinetakoak eta beste ere bidali dituzte… denetatik bildu dugu” adierazi du Egurzak.
Hasierako lauzpabost boluntario horiek egunero lanean ibili diren 20 boluntariotik gora bilakatu ziren berehala. “Bere kabuz, berehala erantzun du jendeak. Oso eskertuta gaude. Uste dugu 40 pertsonatik gora parte hartu dutela ekimenean” gaineratu dute boluntarioek.
Apezaren etxea beteta, igerilekuetara
Apezaren etxeko lokala txiki gelditu zitzaien, kaxez beteta, eta ostiralean Lakuntzako igerilekuetan jarraitu zuten material bilketa. Han bildu ginen beraiekin. “Ikusten duzue. Ezin gara gelditu ere egin. Jendeak materiala ekarri eta ekarri, eta gu materiala sailkatzen –gizonak, emakumeak, haurrak, zapatak, mantak… dena sailkatu behar da– eta kaxetan sartzen. Katean lan egitea bezala da hau“ zioten Imirizalduk eta Egurzak.
“Herriko eta gertuko enpresen borondatea eta laguntza aipatu nahiko genuke. Behar dugun material guztia eskaini digute: kaxak, prezintoa, cutterrak… Zehozer behar dugula? Tori behar duzuen guztia. Kaxak hasieran herriko dendetatik hartu genituen, gero Lacunza Calor de Vidako kaxa handi horiek, ondoren lehengo Panasa zenetik gestioa egin eta Tafallatik, Pastridorretik, kaxak ekarri zituzten; 280 kaxa ekarri genituen. Izugarria izan da. Bestalde, portea bere gain hartzeko prestutasuna azaldu zuten ere bertako enpresek… eskertuta gaude, edozer eskatuta inoiz ez baitigute ezetzik esan” nabarmendu du Imirizalduk.
Laguntzeko nahia
Jendearen laguntzeko nahia, hori azpimarratu dute. Bai etxetik gauzak eramateagatik eta baita boluntario lanerako izandako prestutasunagatik ere. “Uste dut Sakanako etxe guztiak hutsik geratu direla. Sakana guztitik jendea poltsa pila batekin etorri da, eta gelditu gabe. Hemen zeuden poltsa eta kaxa pila ikusita ai ama, baina zer dagoen hemen... zioten” azaldu du Imirizalduk. “Bai, lanean egon garen bitartean gure artean ezin genuen hitzik ere egin, zegoen lan bolumenarengatik” gaineratu du Egurzak.
Gaindituta, baina errefuxiatuendako material bilketak izandako erantzunarekin oso pozik daude boluntarioak. “Oso pozgarria eta eskertzekoa da halako erantzuna. Harrigarria izan da, kolore, tamaina eta ideia ezberdineko jendea bildu gara lanean, helduak, gazteak… denetarik. Ekimen hau puntuala izan da, baina etorkizunean lan egiten jarraitzeko asmoa dugu, oso esperientzia positiboa izan da. Norbaitek aipatu du akaso eskola materiala izan ahal dela, beste batzuk elikagaiak aipatu dituzte… Orain atseden hartuko dugu, baina lan egiten jarraitzeko borondatea dugu” azaldu dute Imirizalduk eta Egurzak.
52 palet, Stalingrado eta Greziara
Kaxetan bildu zuten hasieran materiala eta gero, hala eskatuta, boluntarioak atzera ere bildu eta materiala paletetan bildu dute. Bargasek paletak eman zituen eta plastifikatzeko beharrezko materiala Cocinas Lacunzak eta ProsimeD enpresak. Azkenean, errefuxiatuak bilduta dauden Grezia eta Stalingradoko eremuetara bidaltzeko 52 material palet bildu dira Lakuntzan. Material hori Bargas enpresan dago, kargatzeko zain. “Fundacion Seurreko kamioiak aste honetan barna etorriko dira bildutako materiala Iruñera eramatera. Iruñetik GKE-ak izango dira materiala errefuxiatuengana eramango dutenak. Azaldu digutenetik, Stalingradon dauden errefuxiatuengana bideratuko da gehiena, egoera oso gogor eta tamalgarrian baitaude” azaldu digu Lakuntzako alkate Patxi Xabier Razkinek, boluntario lanetan ere aritu denak.