Lakuntzako Udalak aurtengo aurrekontuak onartu zituen astelehenean. 1.019.730 euro kudeatuko ditu aurten udalak. Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak azaldu digunez, “legegintzaldi honetan kulturari bultzada ematen ari gara”. Eta aurrekontuak prestatzerakoan Kultura Batzordeak egindako herriaren kultura diagnosia izan dute kontuan. “Hainbat gabezia” agerian gelditu ziren eta haiek zuzentzeko neurriak hartzen hasiko da udala.
Razkinek argitu digunez, “egungo liburutegiak espazio txikia eta banatu gabea du”. Ganboikora igoko dute eta 250 metro karratuko azaleran liburutegiaz aparte, haurrendako txokoa eta informatika gunea prestatuko dituzte. Guztia kristalez banatuta, argirik ez galtzeko. Egokitzapena egiteko 25.000 euro bideratuko ditu udalak.
Gaur egun ganboikoan egiten diren yoga, dantza eta karate ikastaroendako beste kokapenen bat bilatuko du udalak. Bestealde, udaletxeko ezkaratzean liburutegiak utzitako espazioa gazte-txokoan bihurtuko dute. “11 eta 15 urte bitartekoendako izanen da. Orain kalean, edozein tokitan wifia “lapurtzen” ari dira adin horietakoak. Eta 15 urtetik gora Biltokin sartzen dira”. Liburutegia gazte-txoko bihurtzeko 5.000 euro erabiliko dira.
Lau pabiloi
Hiltegi zaharrean, plazako biltegian eta igerilekuan banatuak ditu udalak bere tresneria guztia. Horiek guztiak biltegi bakar batean bildu nahi lituzkete. Horregatik, aurrekontuan 64.200 euroko diru-poltsa aurreikusi du. Industrialdean lursaila erosi eta han lau pabilioi eraiki nahi lituzke udalak. 425 metro karratukoa izanen litzateke bakoitza. Bat berarendako gordeko luke udalak eta gainontzeko hiruak saldu. Dagoeneko bakarren batek interesa azaldu du pabiloi horietakoren batean.
Beste inbertsioak | |
Zer | Aurrekontua |
Argiteria publikoan led-ak jarri | 10000 |
Kultur etxean inbertsioa | 10000 |
Txorrokota errekako lubeta berreraikitzea | 7000 |
Igerilekuan hobekuntzak | 6000 |
Baso lanak | 5000 |
Kultur etxeko tabernan inbertsioa | 3000 |
Eskolako aterpearen eraikuntza | 3000 |
Ondare ez-materialaren bideoaren kopiak | 2500 |