1.Los de Bronce peñakoek Pioneras izeneko dokumentalekin eta Festa sariekin emakumeek sanferminetan duten papera agerian jarri nahi dute. Iaz peñetan sartu ziren lehen emakumeak saritu zituzten eta aurten sanferminetako lehen emakume musikariak.
Bai. Aurten sanferminetan aritzen diren musika taldeetan sartu ginen lehendabiziko emakumeak sarituko gaituzte, zehazki, Carmen Arias, La Pamplonesan sartu zen lehen emakumea; Puy Rekalde, lehendabiziko emakume txistularia udalaren txistularien taldean; Elena Fraile, konpartsan danborra jo zuen lehendabiziko emakumea eta ni, lehendabiziko emakume klarinera izan naizena. Ni tronpeta jolea naiz eta klarina tronpetaren nahiko antzekoa da. Horretaz gain, gaita jotzen dut.
2.Nola lortu zenuen sanferminetako lehenengo emakume klarinera izatera?
Nire lagun bat, Ernesto Prat, sanferminetako klarineroa zen. 90. hamarkadaren bukaeran, ez dut zehazki urtea gogoratzen. Berak bi egunetan ezin zuen jo. Norbait behar zuten eta galdetu zidaten ea bera ordezkatu nahi nuen. Eta horrela hasi nintzen. Ordutik, norbait falta zenean deitzen zidaten. Nire sarrera nahiko naturala izan zen nire kideendako. Beraiek betidanik ikusi izan naute tronpeta jotzen, bandan ere beraiekin jotzen nuen… ez zitzaien arraroa egin ni han sartzea.
3.Eta kaleko jendearendako arraroa izan zen?
Uztailaren 7an atera nintzen klarinera moduan lehen egunean, prozesioan. Ate nagusitik ateratzea? Hori a puerta gayola ateratzea izan zen! (kar kar). Entzuten nuen jendea esaten: “hara, neska bat klarina jotzen!”. Baina inork ez zuen modu txarrean esaten, baizik eta harriduraz, sorpresaz. Nire kide musikariek ez ninduten neska edo mutila bezala ikusten, baizik eta klarin jole moduan. Baina orain konturatzen ari gara, sari hau jasotzearen harira, zer lortu genuen garai hartan: gainontzeko emakumeei bidea zabaltzea. Orduan normal hartu genuen, ez ginen jabetu gertaerak zuen garrantziaz.
4.Traje berezia daramazu klarina jotzen duzunean. Bero handia pasatuko duzu, ez?
Bai, bero handia pasatzen da. Zazpiko prozesioa luzea da, eta jantzi potolo horrekin: atorra, txalekoa, galtzak, felpako prakak, txaketa… Orain arte bi traje zeuden, 1,80ko garaierako pertsonarendako trajeak, oso handiak. Nik petrin batekin bueltak ematen nizkion prakari eta horrela ibiltzen nintzen. Baina orain dela bi urte konturatu ziren beste txistulari batzuen trajeak gordeta zeudela, txikiagoak ziren eta orain badauzkagu traje horiek gure izena eta guzti gordeta, neurri aldetik aproposagoak direnak guretako. Trajeak eta klarinak udalarenak dira eta bertan gordetzen dira.
5.Txupinazoan klarina jo izan duzu?
Nik normalean urtero txupinazoan gaita jotzen dut, baina 2014ko txupinazoan klarina jo nuen, beste inork ezin zuelako. Txupinazokoa ikusgarria da, baina eguna bezala San Fermin eguna gustatzen zait gehiago. Prozesioa oso hunkigarria da. Gainera 7a egun bakarra izaten da parranda egiten dudana... Beraz, egun onena niretako.
6.Aurtengo sanferminetan noiz joko duzu klarina eta noiz gaita?
Klarineroek 6an, txupinazoan, 7ko San Fermin prozesioan, 14ko prozesioan edo octavan eta egunero zezenketetako tertzio aldaketan jotzen dugu. Lau klarinero eta timbalero bat gaude eta gure artean antolatzen gara. Aurten klarinera lanetan tokatzen zaizkit bi prozesioak eta bi zezenketa, 8koa eta 9koa. Bestalde, 6an txupinazoan gaita joko dut eta arratsaldean ere erraldoiekin aterako gara. Horretaz gain, erraldoi eta buruhandien konpartsarekin 9an, 10ean, 12an eta 13an aterako naiz. Esan bezala, 7an eta 14an klarina joko dut eta 11n jai hartu dut Los de Broncekoek Festa saria emango digutelako, goizeko 11:00etan, Kondestable jauregian.
7. Sari ematean Iruñeko alkatea eta Nafarroako Gobernuko Berdintasun Departamentuko ordezkariren bat egongo direla aurreikusten da.
Beraiek ere bere instituzioetatik lan asko egiten ari dira sanferminetan emakumeen irudiaz dagoen erabilera eta pertzepzioa aldatzeko. Horregatik ere hartuko dute parte omenaldian.
8.Emakume eta sanferminzale bezala, zenbait tokitan emakumeaz ematen den irudiaz zer deritzozu?
Ez soilik sanferminetan, bizitza osoan emakumea “kosifikatuta” dago. Emakumeak kamisetarik gabe, ardoz zikinduta, eskuz inguratuta... sarritan hori da sanferminez hemendik kanpo erakusten dena. Ni betidanik joan izan naiz zezenketetara, parrandan modu naturalean ibili naiz eta musikari lanean ibili naiz, baina irudi hori ez da erakusten. Irudi konkretu bat saltzen da eta jende asko hona dator pentsatuz hemen “barra librea” dutela. Ikuspegi hori guztion artean aldatu behar dugu, eta halako sariak oso ongi etortzen dira jendearen mentalitatea aldatu eta erakusteko emakumeak ez garela objektuak.
9.Saria jasotzeak ilusioa egin dizu?
Bai. Lauroi ia berdin gertatu zaigu. Orduan, garai hartan, egin genuenaz ez ginen jabetu. Saria sorpresaz hartu genuen eta orain konturatzen ari gara orduan pausu bat eman genuela beste emakumeendako, erakusteko zer egin dezakegun, gizonak bezalakoak garela. Orain ari gara konturatzen.
10.Los de Broncekoek zuei elkarrizketak eginez dokumental bat egin dute, Pioneras II.
Joan den ostegunean aurkeztu zen dokumentala. Asko gustatu zitzaidan. Zer esango dizut? Ez gaude ohituta gure burua halakoetan ikustera. Esan ziguten ETB2 katean iazko dokumentala eta aurtengoa, Pioneras I eta Pioneras II, biak jarraian emango dituztela, baina ez dakigu noiz. Saria jasoko dugulako komunikabideetan elkarrizketa asko egin dizkigute, baina ez soilik bertako komunikabideetan, estatukoetan ere. Hori da Los del Broncekoek nahi zutena, gaia zabaltzea, emakumeen gaia gizarteratzea. Emakumea gizartean nola ikusten den, jendeak horren inguruan hausnartu dezala, irudi hori pixka bat aldatzeko. Ildo honetan, aurreko urteko sanferminetako bortxaketa inflexio-puntua izan zen. Halako izugarrikeriaren aurrean Iruñeak planto egin zuen, kontzentrazioak egon ziren, baina hori ezin da kontzentrazio batean geratu. Eguneroko bizitzan nork bere lekutik lan egiten jarraitu behar dugu, halakoak mozteko eta berriro ez gertatzeko. Horregatik gauza hauek oso ongi daude.
11.Zorionak zuri eta kide guztiei! Ongi pasa sanferminetan!
Eskerrik asko! Ahal duguna egingo dugu. Musikariek sanferminetan lan handia izaten dugu, baina nahi izanez gero, denbora atera dezakegu. Bi seme-alaba ditut eta beraiekin suak ikustera joateko, barraketara joateko eta buelta bat emateko denbora ateratzen dut. Horretaz gain, beste bi egun parrandan eta gainontzekoetan musika jotzera! Ongi antolatzea, hori da kontua!