Hizketan

Hatortxu-Rock, ahaztezina eta errepikaezina

Guaixe 2017ko abu. 30a, 12:23

Lakuntzak Hatortxu-Rock 20, Euskal Herriko elkartasun jairik erraldoiena hartu zuen. Azkena izan dadila, hori antolatzaileen eskaera, "Nahikoa da, denak etxera!" izan baita aldarri nagusia. Hilabetera bi bozeramailerekin izan gara hizketan.

Garilaren 27tik 30era ospatu zen Hatortxu-Rock. Lau egunotan puntako kontzertuez aparte, mendi ibilaldiak, hitzaldiak eta mota guztietako ekitaldiak izan ziren Lakuntzan. Baita ezkontza bat ere. Duela urte batzuetako Hatortxu festa batean elkar ezagutu zuen Valentziako bikote batek Lakuntzako jaialdian ezkondu nahi izan zuen eta hala egin zuen Lakuntzako alkate Patxi Xabier Razkinek.



Balorazioa
Hatortxu Rock 20 despeditu eta ia hilabetera elkartasun jaialdiko ordezkari Endika Alonsok eta Aitor Agirrezabalek Lakuntzako festetako etxajua piztu zuten. Agirrezabalek esan zuenez, “halako jaialdi bat herri txiki batean antolatzeak herriarendako arazo asko sortzen ahal ditu. Hori eta gero Lakuntzako herriak guri eskaintzea txupinazoa botatzeko aukera, uste dut haiek pozik gelditu direnaren seinale dela. Hori ohorea da”. Oraindik ere desmuntaiarekin daudela jakinarazi digu Alonsok: “gehiena egina dago, baina beti gelditzen dira gauza txikiak egiteko”.



Alonsok aitortu zuenez, Hatortxu-Rock-eko antolatzaileek ez dute elkartzeko astirik izan. Antolakuntzako bakoitzak bere balorazioak dituztela eta jendeari entzun dietenagatik “oso onak dira. Egia esan, oraindik ez gu, ez jaialdi honetan modu batera edo bestera parte hartu duen inork ez duela aukerarik izan perspektibarekin ikusteko zein handia izan den. Nere ustez jende askok hau betirako gogoratuko du”.  
Agirrezabalek esan zuenez, “aurreikuspenak gainditu genituen. Bagenekien milaka pertsona etorriko zirela. Ni, batez ere, ostegunak harritu ninduen gehien. Jendea 07:30ean ilara egiten ari zen. Eta egun horretan milaka jende etorri zen eta ostiraleko 04:00etan jendea iristen ari zen”. Ostiralean  gauza bera gertatu zela eta jendearen erantzunarekin “oso pozik, baita milaka pertsona horiek izan zuten jarrerarekin”.


Agirrezabalendako jaialdiko egunetako gauzarik garrantzitsuenetako bat giroa izan zela nabarmendu zuen: “jendea alai, zerbait polita bizi ari zenaren seinale. Jaialdiak helburu batzuk ditu; tristeak dira, baina halako erantzun bat ematea, eta giro onean, uste dut garrantzitsua dela”.

Alonsok gaineratu zuenez, “giro polit hori jarritako ilusioagatik izan da. Ez da kasualitatea eszena-toki bati ilusioa izena jarri izana. Presoen etxeratzearen aldeko borroka horretan galduta edo ezkutatuta dagoen ilusio hori berreskuratzeko gure aletxoa jarri dugu. Ilusioa berreskuratu dela uste dut”.



Igandeko erronka
Jaialdiaren antolakuntzaren bikaintasuna nabarmendu zuen egun haietan jendeak. Alonsok esan zuenez, hori “hilabete askotako lanaren emaitza da. Pertsona asko dena pentsatzen egon gara. Dena ez da atera guk nahi genuen bezala, baina egia da oso pozik gaudela. Gauza asko ongi aurreikusi dira. Apustua oso handia zen eta tamainako baliabideak jarri ditugu. Horren saria jendearen zoriona da”.


Hatortxu Rock 20 izan zen “apustu handi” horren barruan bestelako apustuak ere bazeudela gaztigatu zuen Alonsok, igandeko eskaintzari erreparatuz. “Inkognita handia zen. Ostegunetik zegoen jendea nekatua egonen zela pentsatzen genuen, etxerantz joanen zela. Familiak etortzeko eskaintza zegoen. Ez genekien funtzionatuko zuen eta erantzuna itzela izan zen. Oso pozik egoteko modukoa. Akabera bikaina eman zitzaion jaialdiari”.


Nahia
20. jaialdia azkena izatea nahi lukete Agirrezabalek eta Alonsok. “Ez antolatzeko euskal preso politikoak, iheslariak eta deportatuak etxean bizirik eta aske egon ahal izatea. Ikusten dugu beste Hatortxu Rock-en bat antolatu beharko dugula. Oraindik ere 320 euskal preso politiko inguru daude eta ehunka dira, oraindik ere, deserritik etxera itzuli ezin direnak. Behar hori dagoen bitartean gu indarrez gaude. Gu erronka erraldoi horretatik indarrez eta ilusioz atera gara proiektu honekin segitzeko azken presoa, azken iheslaria eta azken deportatua etxean izan arte”.