1. Noiz hasi zineten Lakuntzako elizako organoa jotzen?
Eider: Nik bost urte daramazkit. Egun batean osabak ezin zuen igandeko mezan organoa jo, eta gu proposatu gintuen ordezkapen hori egiteko. Igandetako meza ohikoetan jotzen hasi ginen, eta ospakizun edo ezkontzaren batean ere aritu ginen.
Jasone: Ni Eider baino zaharragoa naiz eta bizpahiru urte lehenago hasi nintzen.
2. Horrenbestez, osabak pasa zizuen lekukoa.
J:Familiagatik hasi ginen organoa jotzen. Aitona musikaria zen, eta 1930an organoa jotzen hasi zen. Beranduago, gure osabak aitonaren bidea jarraitu zuen. Organoa jotzeko ikasketak egin zituen. Egun, Lakuntzako abesbatzako zuzendaria ere bada osaba, eta organoa jotzera etorri ezin denean gutako batek ordezkatzen du. Elizkizun bereziren bat baldin badago edo kanta bereziren bat jo behar denean ere gu etorri ohi gara.
3. Nola txandakatzen zarete?
E: Nahiko erraz kudeatzen dugu. Beti biotako bat libre egoten da osabak ezin badu. Hortaz, ez dugu arazorik izaten. Bion artean hitz egiten dugu eta ados jartzen gara.
4. Zer ikasketa behar dira organoa jotzeko?
J: Gu berez pianistak gara. Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioko ikasleak gara Eider eta biok. Horretaz aparte, Orreaga Musika Eskolako irakasleak ere bagara. Pianoa mekanikoagoa da, eta behatzak gehiago mugitu behar dira. Organoan, aldiz, behatzak mantenduta soinua mantentzen da, haizezko musika tresna bat delako. Funtzionamendua zeharo desberdina da. Hala ere, piano ikasketak eginda errazagoa da organoa jotzea.
5. Hortaz, pianoa jotzeaz aparte, bereziki zer ikasi behar izan duzue organoa jotzeko?
J: Piano ikasketekin organoa jotzeko oinarria dugu. Hala ere, tekla desberdinak ditu, erregistro asko, soinu desberdinak eta hori ikasi beharreko zerbait da. Guk osabari esker dakigu hori dena. Esaterako, Lakuntzako organoa berria den norbait jotzera etortzen bada, eta pianista bada ere, ez luke denez asmatuko. Gainera, organo bakoitza desberdina da.
6.Organo batetik bestera desberdintasunak daudela diozue. Zer berezitasun ditu Lakuntzakoak?
J: 1857an Lakuntzarako egin zuten organoa, eta 1997an berritu egin zuten. Klasiko eta erromantikoko garaiko organoa da. Mekanikoki funtzionatzen du erregistroak aldatzeko sistemak, beste batzuk elektrikoak diren bitartean.
E: Funtzioak berdinak dira, baina organo bakoitzera ohitu egin behar zara. Erregistroak kontrolatu eta haiekin jokatzen ikasi behar duzu.
7. Bada, entseguak egitera ere etorriko zarete elizara.
E: Astean zehar goizen batean edo etortzen gara igandeko meza prestatzera. Batzuetan, etxean pianoa jotzen hasten gara, eta gero, elizara etortzen gara organoa jotzera.
8. Zein da organo hau jotzeko zailtasun handiena?
E: Bakarrik baldin bazaude eta denborarik ez baduzu erregistroak aldatzea zaila da. Orokorrean norbait egoten da laguntzeko; abesbatzako norbaitek laguntzen gaitu. Aita ere abesbatzan aritzen denez, eta organoa ezagutzen duenez, berak laguntzen gaitu normalean.
9. Meza batean jotzera egokitzea kostatzen al da?
E: Hasieran, bai. Ez genekien ongi kantuen ordena, eta bakarrik etortzeak beldur apur bat ematen zuen.
J: Apezarekin koordinatu behar gara. Mezako zati guztiak ongi ezagutu arte kostatzen da. Gainera, apeza bakoitzak bere erara kudeatzen du meza, eta horretara ere egokitu behar dugu. Horretaz aparte, igandeko mezak, ezkontzak edo ospakizun bereziak baino errazagoak dira.
10. Lakuntzatik kanpo ibili izan al zarete organoa jotzen?
J: Niri tokatu izan zait, bai. Aralarko santutegian aritu izan naiz ezkontzaren batean edo beste. Lakuntzako abesbatzarekin ez ezik, Etxarrikoarekin ere aritu izan naiz han.
11.Normalean, jende helduagoa aritzen da elizetan organoa jotzen.
J: Jendeak aipatzen digu, bai. Ez da oso ohikoa, egia esan. Eta gainera ahizpak izanda. Azken finean, musikarien familia batetik gatoz eta guretzat ez da hain arraroa.