Ni neu Galtzeta Iker Uribe eta Joana Zigandaren album berria

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Mendoza Caro 2017ko aza. 2a, 09:01

Ilustratzaile eta haur hezkuntzako irakasle baten eskutik dator Sakanako azken nobedadea.

Iker Uribek, muralista eta ilustratzaile lakuntzarrak orain dela urte batzuk bere lehenbiziko ipuina argitaratu zuen; Txirringa magikoa. Lastailean, duela bi aste, bere bigarren albuma argitaratu zuen Joana Ziganda oskoztarrarekin batera. Ipuina Zigandak idatzi eta Uribek ilustratu du. Autoedizio bat da, argitalpenak azkeneko momentuan bere barne-gatazka batzuengatik atzera egin zuelako.

Esan beharra dugu, proiektu hau egunerokotasunean jaio zela, bi lagunen arteko elkarrizketa batean. Uribek bigarren liburu bat argitaratzeko nahia zuen eta Zigandak egunerokotasunaren barne ematen den egoera bati buruz istorio bat asmatu zuen. Istorio horri buelta batzuk eman eta gero Ni neu Galtzeta sortu zen.

Albuma
Ipuinaren protagonista Galtzeta dugu. Etxe guztietan galtzen den galtzeta hori izan daitekeena. Galtzetak bere kidea galtzen du, baina bizitzan aurrera egin behar du. Bide horretan oztopoak aurkituko ditu eta lagunak egingo ditu ere.

Galtzeta haurrendako hurbila den pertsonaia bat da, jantzi bat baita, egunero erabiltzen dugun objektu bat. Pertsonaia honekin, idazleak indibidualtasuna indartzen du. Ipuin ohikoetan topatzen ez diren gaiak lantzen dira Ni neu Galtzetan, abentura indibidual bat da eta norbanakoen indarra adierazten da. Horretaz aparte, ez protagonistak ez beste pertsonaiak sexu markatu bat dute, hau da, edonork bere burua nahi duen pertsonaiarekin identifikatu dezake.

Aurrera begira
Idazleak eta ilustratzaileak pixkanaka joan nahi dute. Orain, ipuinaren hedapen prozesua da, ipuinen banatzaileak haiek dira eta. Dena den, Uribe eta Zigandaren inpresioa gauza oso azkar doala da, baina oso pozik daude. Gainera, jendearen harrera oso ona izaten ari da.

Esan beharra dago, Sakanako liburu-dendetan eskuragarri dugula ipuina, Olatzagutiko estankoan, Altsasuko Arkatz liburu-dendan, Etxarriko Kaxetan, Arbizun Ane Zalduaren argazki-dendan, Lakuntzan Gure Etxea tabernan eta Irurtzungo Martxuetan, besteak beste. Eta pasa den asteburuan Iruñera heldu zen.