1. Noiz hasi zinen errugbian?
Leonera joan nintzen unibertsitatera. Aurretik errugbi partidak ikusten nituen baina han ezagutu nuen, han hasi nintzen. Eta guztiz harrapatu ninduen, ordutik ezin izan dut errugbia utzi. Aktibitate fisikoak eta kirol jarduerak ikasi nuen, INEF, eta ondoren Masterra egin nuen Leonen bertan, goi errendimenduko masterra. 5 urte eman nituen Unibertsitateko hango taldean jokatzen, lehengo 1 nazional mailan, futbolean 2. B maila litzatekeena.
2. Noiztik zabiltza Ordizia Rugby Taldean?
Masterraren praktikak Ordizian egin nituen. Bertako jokalariak eta entrenatzaileak ezagutu nituen eta aurten hasi naiz Ordizian jokalari moduan, masterraren praktiken bitartez. Ordizia Rugby Taldeak talde asko ditu, guztira 150-160 jokalari inguru, baina ni senior mailakoan nabil, lehen taldean, Ampo Ordizian. Espainiako maila gorenean lehiatzen gara, División de Honor mailan, Estatuko puntako gainontzeko taldeekin. Euskal Herriko lau talde gaude: Getxo, Gernika, Hernani eta gu. Zortea dugu, puntan lau euskal talde egotea. Gainontzekoak Valladolideko Salvador eta Quesos, talderik indartsuenak, Madrilgo eta Bartzelonako taldeak eta beste dira.
3. Jakin izan dugu entrenatzailea ere bazarela…
Ordizia Rugby taldeak kategoria guztiko taldeak ditu, 10 urtetik azpitik hasita senior mailara arte eta baita beteranoen taldea ere. Jokatzeaz gain, arratsaldetan 14 urtez azpiko taldeko entrenatzailea naiz. Bestalde, Goierri aldean, ikastoletan eta eskoletan ari gara errugbia zabaltzen eta askotan klase horiek ematen ditut. Ordu asko ematen ditut errugbian.
4. Nola jokatzen da errugbira?
Helburua da baloia aurkariaren areara eramatea, baina ez da hain erraza: aurreraka korrika egiten da, baina paseak atzeraka egin behar dira. Hasieran pixka bat zaila egiten da. Taldekideekin baloia bata besteari pasatzen ibili behar dugu, eta arerioa saiatuko da zu gelditzen. Nola? Lurrera botatzen, plakaje baten bitartez. Errugbian jokalarien segurtasuna bermatzen da eta horretarako arau pila bat bete behar dira, eta plakajeak era jakin batean egin behar dira eta baloia era batera pasa behar da.
Kontrako areara iristean, baloiarekin lurra zapatzen duzu eta entsaio bat irabazten duzu, 5 puntu balio duena. Eta ondoren, hankarekin jaurtiketa egin dezakezu. hHorrela, baloia H atean sartzen baduzu, beste 2 puntu lortuko dituzu. Entsaioa egin duzun toki beretik egin beharko da jaurtiketa, areatik atzera eginez, linea imaginario bat egiten duzu eta hortik. Bestalde, jokoan kontrarioak faltaren bat egiten badizu, aukera duzu ere falta egin den tokitik jaurtiketa egiteko.
5. Kirol zaila da? Arau guztiak barneratzea kosta egiten da?
Gure herritan ez dago errugbiaren kultura, eta hasieran arraroa egiten da, baina oso erraza da. Errugbia ikusten hasten zarenean, gutxi gorabehera arau ia gehienak atzematen dituzu. Barruan dauden arau txikiago batzuk ondoren ikasten dituzu.
6. Errespetua funtsezkoa omen da errugbian. Arbitroari izugarrizko errespetua zor zaio, ez dira erabakiak protestatzen, arerioekiko ere sekulako errespetua omen dago...
Errugbian errespetua ezinbestekoa da. Beste kiroletan ikusi izan dugu askotan arbitroari protestaka, zaleen artean iskanbilak... errugbian arbitroa autoritatea da, bera gabe ezingo litzateke jokatu; berari bakarrik kapitainak hitz egin ahal dio, ez protestatzeko, zenbat denbora gelditzen den galdetzeko eta halako galderak. Eta gero beste zaleekin normalean tratu ona dago. Partidua bukatuta, etxeko taldeak kanpoko taldeari jatea eta edatera gonbidatzen dio, hirugarren denbora ezagun hori. Hori talde guztiek egiten dugu. Talde batzuk taberna bat hitzartuta dute, beste batzuk txokoren bat... Horrela, etxeko taldeak bazkaria edo merienda prestatzen dute eta kontrarioei janaria, garagardo batzuk ateratzen dizkiete. Bertan partidari buruz hitz egiten dugu eta oso polita da momentu horiek bizitzea. Ordizian gure ondoan igerileku batzuk daude, kanpoaldean leku handi bat dute egoteko eta hantxe egiten dugu hirugarren denbora.
7. Kirol gogorra dela pentsatzen da. Horrenbesterako al da?
Ez. Kontaktua badago, baina atzetik dagoen entrenamendua, teknika... ez da atzematen. Nabari du arriskutsua dela, baina atzetik entrenamendu asko dago eta ez da horrenbesterako. Fisikoa asko lantzen dugu, ia egunero, gimnasioan eta zelaian, eta entrenamendu tekniko-taktikoak baita.
8. Zer moduz doa Ampo Ordizia Ohorezko Mailako ligan?
Oso ongi, helburua play offetara sailkatzea zen eta hortxe gaude. Taldea oso ongi dago eta uste dugu xedea lortuko dugula eta saiatuko garela helburu handiagoak lortzen.
9. Zein postutan jokatzen duzu?
Flanker, 6-7 zenbakiarekin. Aurrelari funtzioa egiten dut: baloia lortu... hortaz, kontaktu asko izaten dut. Erdian, hegalean… parte hartzen dut, zelai guztitik barna korrika. Meléan sartuta nago. Meléa sortzen da kontrarioari edo zuri baloia erortzen bazaizu, aurreraka erortzen bazaizu edo pasea aurrera egin baduzu, hori infrakzioa baita. Baloia berriro jokoan jartzeko eta baloiaren jabetza norentzat den erabakitzeko egiten da. Sakea infrakzioa egin ez duen taldeak egingo du, baina guztiek izango dute aukera meléan baloia lortzeko.
10. Sakanan errugbi zaletasuna dago?
Ez dago Goierrin bezalako zaletasunik, baina gero eta gehiago dago. Lagunak niri ikustera etortzen dira, talde edo torneo erreferenteen partidak ikusten ditugu... Nik dakidala, senior mailan ni naiz lehiatzen dabilen sakandar bakarra. Etxarri Aranatzen egon izan dira jokalariak eta entrenatzailea ere, Axio Araña, bere garaian Ordiziako entrenatzailea izan zena eta Ordiziarekin bi kopa irabazi zituena. Gero La Unicara joan zen, Iruñera. Erreferente bat da. Gaztetxoetan, nik Urdiaingo mutil bat entrenatzen dut, Owen. Sakanan errugbi talde bat sortzea oso polita litzateke, saiatuko gara zer edo zer sustatzen.
11. Ikusten duzu Sakanan errugbi talde bat sortzeko aukera edo oso urrun dago hori?
Zaila da, ez dagoelako halako afiziorik. Baina jokalari multzo handi bat ateratzeko zonaldea bada. Momenturen batean talde bat sortzen bada, Sakana osoan indar asko izango zuen. Kirol oso interesgarria da eta kirol honetan ibili denakdanak beti gogoratzen du eta beti geratzen zara engantxatuta. Oso polita litzateke Sakanan taldea sortzea, saiatuko gara zeozerzehozer sustatzen. Gutxinaka kirola ezagutzea, animatzea eta praktikatzea, hori da garrantzitsuena.