Amaiur Maiza Betelu aurten estreinatu da Bidasoako uretan eta denboraldiko laugarren izokina arrantzatzea lortu du, Javier Pazosen laguntzarekin. “Oso zaila da izokina arrantzatzea, eta, hortaz, sari potoloa baino handiagoa izan da hau” dio, pozik. Arrantzaz eta Bidasoako izokinez aritu gara berarekin.
1.Noiz hasi zinen arrantzan?
Txikitan, 12 urte nituenean, Arruazuko aitonarekin joaten ginen arrantzatzera anaiak eta lehengusuak. Amuarekin eta txintxareekin joaten ginen. Gehienbat barboak hartzen genituen, eta tartean amuarrainen bat. Hori sekulakoa zen. Baina gero utzi nion, duela urte pare bat lagunekin eta anaiarekin arrantzan serioago hasi nintzenera arte.
2.Nora joaten zarete arrantzara?
Hasieran Lakuntzan eta inguruetan, baina berehala hasi ginen mugitzen. Izan ere, nik astean 6 egunez egiten dut lan eta hilabeteko aste oso bat izaten dut jai. Aste horretan mugitzea gustatzen zait eta arrantzara noa. Gehienbat joaten gara Gasteizko Zadorrara, baita Esara, Bidasoara, Leitzaran ibaira... Euskal Herriko ibaietara.
3.Ez al da aspergarria arrantza?
Askok galdetzen digute hori, baina arrantzan gaudenean lagunartean gaude, bazkariak edo hamaiketakoak egiten ditugu, gure artean solasean gaude, gustura, eguzkitan... Galdera bueltatzen dizut: eguzkia hartzen zaudenean, zer egiten duzu? Ba gu ere antzeko. Gure artean gustura gaude, eta, gainera, saria lortzen badugu, hau da, zerbait arrantzatzen badugu... kristoren poza ematen dizu horrek. Etxera zoaz arrainarekin, afaltzeko plana egina.
4.Zer behar da arrantzale izateko?
Arrantza-baimena izan behar duzu, Nafarroakoa, Euskal Herrikoa edo itsasokoa, eta zure ekipamendua, kañabera eta arrantza modalitatearen arabera, behar duzuna. Izan ere, arrantza egiteko forma ezberdinak daude, modalitate asko daude. Oinarrizkotik hastea, hori da garrantzitsua, hau da, amu eta txintxareekin hasi, gero spinning botaldi arina edo kutxarillarekin segitzea, kutxararekin, eta gero euli arrantzarekin. Hau konplikatuagoa da. Denetan aritzen gara gu, denboraldiaren joeraren arabera. Hasieran, apirilean eta maiatzean, kutxarilla eta txintxerarekin ongi zabiltza, baina ekainetik aurrera euliarekin hobeto. Hasieran ibaia altuago doa eta txintxera gehiago daude, baina ekainean ez dira ateratzen; orduan, euliarekin.
5.Bidasoa ibaian izokinak arrantzatzea beste salto bat da, ez?
Bai. Bidasoa-Baztan ibaiko eremu bat izokin eremua da. Bertan arrantzatzeko, Nafarroako arrantza baimenaz gain, eguneko baimena behar duzu. Guardek ematen dute, eta Nafarroako Gobernutik Internet bidez edo telefonoz baimen hori eskatu beharko duzu. Eguneko 100 baimen ematen dituzte. Izokin garaia ekainaren azken egunera arte edo 67 izokin hartu artekoa da. Orain arte maiatzaren 1ean zabaltzen zuten epea, baina araudia aldatu zuten, eguneroko paseen kontua ere aurtengoa da, eta aurten epea apirilaren 15ean zabaldu zuten.
6.Eta zuk aurten debutatu duzu. Zer moduz?
Lehendabiziko aldiz apirilaren 30ean joan nintzen, lagunekin, eta esku hutsik bueltatu ginen. Maiatzaren 2an joan nintzen bigarrenez; lagunak lanean zeuden eta lakuntzar batekin joan nintzen, Javier Pazosekin. Arratsaldeko ordu bietan goseak nengoen, eta esan nion, baina ez zegoen inor arrantzan eta segi nuen kaña bota eta bota... Lehendabiziko kolpean uste nuen kutxarilla zerbaitekin engantxatu zela, baina buelta hartu zuenean ur azpitik ikusi nuen izokina zela. Esan nion Javierri: “Pazos, hartu sarea hemen dugu-eta izokina!”. Izokina itsasotik dator, indar askorekin doa ibaian gora arrautzak uretan uztera. Indarra zuen, tiratzen zuen, baina ez nion utzi metro bat ere joaten. Une horretan ez genuen sinisten. “Ze izokin eta ze izokin…” Javierrek. “Baietz, har ezazu sarea izokina hartuko dugula”. Eta hala izan zen. Egin zuen karreraren bat, 5 m asko jota, eta beleixe atera genuen. Kriston sorpresa izan zen, ez genuen espero. Denboraldi honetako laugarren izokina izan zen, sari oso oso ona.
7. Lehendabizikoa Xabier Lanzek arrantzatu zuen, 4,750 gramoko izokina, zurea bezalakoa, ezta?
Bai, nirea ere pisu horretakoa zen, eta 75 cm-koa. Sekulako saria. Lehendabizikoa arrantzatzen duenak bai hala bai saldu beharra du, enkante bat egiten da. Hortik aurrera arrantzatutakoak, aldiz, debekatua dago saltzea. Eskerrak nirea denboraldiko lehena ez zenik, bestela pena emango lidake nire lehendabiziko izokina saltzeak.
8.Lakuntzara izokinarekin buelta... eta non bukatu zuen izokinak?
Ez zuen asko iraun. Lakuntzara iritsi, Pazos etxean utzi eta Arruazura joan nintzen, amiñeren etxera. Familia guztia han zegoen, gainera, eta sekulako sorpresa eman nien. Izokina zatitu genuen: 16 zati atera ziren, familia guztiarentzat. Baita Javier Pazosendako eta bere emaztearendako; berak lagundu zidanez, berak ere merezi zuen saria. Gau horretan, fresko-fresko jan genuen. Mundiala zegoen. Diotenez, zapore ezberdina dauka, askoz zaporetsuagoa da, itsasotik etortzen delako izokin hau, itsasoan bizi eta hazi den izokina delako. Guztiek argazkiak bidali zizkidaten eta esan zidaten oso goxoa zegoela, ea noiz ekartzen dudan hurrengoa...
9. Gehiagotan joan zara?
Ez dut denborarik izan, baina maiatzaren 27an joatekoa naiz berriz. Javier Pazosekin joango naiz berriro, eta lagun gehiagorekin. Berari eskerrak eman nahi dizkiot, bere laguntzarik gabe ez bainuen izokina arrantzatuko. Lehendabizikoak beti izango du oroitzapen berezia. Lagunei kontatu nienean ez zuten sinistu ere egiten. “Sinistezina” zioten. Baina tarteka halakoak gertatzen dira eta ea maiatzaren 27an beste bat hartzen dugun.
Arrantzale batentzat ibai batean izokina ateratzea, sari potoloa ez, hori baino gehiago da. Oso oso zaila baita. Teknika, berez, amuarraitan ibiltzearen antzekoa da. Baina izokinak duen berezitasuna da, ibaian gora doanean, arrautzak uztera, ez duela ezer ere jaten. Zerbait jatekotan, defentsa moduan. Oso territorialak dira, itsasokoak, eta soilik itsasoan jaten dute. Hortaz, arrantzatzea oso zaila da. Arrautzak utzi ondoren ibaian bueltan doazenean, itsasora, pisua galdu dute, marroi kolorea hartzen dute… Asko galdu dutenak edo oso zaharrak direnak ez dira itsasora iristen, ibaian gelditzen dira, hilik.
10.Zaletasun bezala, arrantza gomendatuko zenuke?
Nik oso gustuko dut eta zaletasun oso polita da. Hori bai, pazientzia pixka bat izan behar da. Arrantzak lasaitasun handia ematen du. Naturan zaude, ibaian, edo itsasoan... lasai lasai... nik gomendatzen dut.
11.Hurrengo saltoa itsasoan arrantzatzea izango da?
Arrantzak guztiz harrapatu gaitu, geroz eta zaletasun handiagoa dugu. Aurreko urtean arroketan botaldi arinarekin hasi ginen, Getarian, baina aurtengo erronka txalupan arrantzara joatea izango da. Hitz potoloagoak dira hauek, ezagutza gehiago behar da, itsasoa oso zabala baita. Baina saiatuko gara eta txalupan joango gara. Ea atuna hartzen dugun, beste mito bat! (kar kar).