Aurtengo inbertsioetako batzuk eginak ditu udalak

Guaixe 2018ko eka. 15a, 09:16
Suhiltzaileak igerilekuko uholdea kentzeko ura ateratzen. Argazkia: @Bomberos_Na

Lakuntzako Udalak 1.007.640 euroko gastua eta 1.010.678 sarrerak aurreikusi ditu aurtengo aurrekontuan. Haietatik 105.000 euro inbertsioetara bideratuko ditu. Diru-laguntzarik jaso ez duenez, liburutegia ganboikora aldatzeko asmoa atzeratu da.

Patxi Xabier Razkin alkateak jakinarazi digunez aurreikusitako inbertsioetako batzuk dagoeneko eginak daude. Horietako bat da kanpo santuan egindako kolunbarioak. Aurretik zeudenak bitan banatu eta zeuden espazioa txukuntzera 23.000 euro bideratu ditu udalak. 24 toki izatetik 68ra pasa da. Lanak egin ahal izateko familiekin harremanetan jarri ziren.

Bestetik, ilbeltzaren 9an igerilekuan uholdea izan zen eta horrek azpiegituran kalteak eragin zituen. Elektrizitate-koadroa aldatu behar izan da. Lanek 40.000 euroko aurrekontua zuten. Haietatik 23.000 euro aseguruak ordaindu zituen eta gainontzekoa udalak ordaindu du. Egindako beste inbertsio bat, 4.000 euro,  kultur etxerako aulki berriak erostea izan zen. Otsailaren 20az geroztik egurrezko aulki tolesgarrien ordez, plastikozkoak daude. Ikusleak erosoago esertzeko egindako inbertsioa izan da hori.

Gehiago
Lakuntzan kirol probak daudenetan igerileku ondoko frontoiko aldagelak erabiltzen dira. Haien konponketa bi urtetan eginen du udalak. Lanak despeditzeko 12.000 euro aurreikusi ditu aurtengorako udalak. Bestalde, ikasturtea despeditzeko zain daude udaletxean, orduan hasiko baitira parkeko itxitura kentzen eta konpontzen.  Horretarako, 9.500 euro daude.

Udalaren asmoa da behiko basoan auzolanean merendero bat egitea. Erretegia, mahaiak, aulkiak eta iturri bat jarri nahi ditu. Baita elbarrituak egoki mugitzeko zorua ere. Lakuntzarrek lana eginda, materialerako 4.000 euro aurreikusi ditu udalak. Bestetik, Lakuntza eta Uharte Arakilgo basoko mugako itxitura berritzeko 3.000 euro izanen dira. Bi udalek elkarrekin eginen dute lana. Azkenik, San Saastin musika eskolan berrikuntzak egiteko 2.000 euro bideratu dira.

Diru-laguntzak
Europako Landa Garapenerako Programara diru-laguntza eskaera aurkeztu zuen Lakuntzako Udalak duela bi urte: liburutegia ganboikora igotzea eta haren tokian gaztetxokoa egitea. Europak laguntza ukatu diela jakinarazi du alkateak. 85.000 euro aurreikusita zituzten liburutegirako eta beste 5.000 gaztetxokorako. Lan horiek egin ahal izateko finantzazio bila segituko dutela nabarmendu digu alkateak.

Bestetik, argiteria gastuan murrizteko lehen pausoa emana du Lakuntzako Udalak eta herrian dauden 400 argi-puntuetatik 100 Led teknologiarekin argitzen dute kalea. Gainontzeko 300ak eta haiei dagozkien koadroak berritzeko elkarlanari heldu dio udalak. Nafarroako beste 10 toki-erakunderekin batera, Irurtzungoa barne, estatuko Idae institutuari diru-laguntza eskatu diote Toki Administrazio Departamentuaren eta Cederna-Garalurren laguntzaz. Horrela, denen artean diru-laguntza lortzeko beharrezkoa den gutxieneko gastura, 300.000 iritsi dira. Lakuntzako Udalak 151.000 euro beharko luke farola guztiak ordezkatzeko. Razkinek esan digunez, erantzunaren zain daude.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak 72.694,66 euro emanen dizkio udalari heldu den urtean. Mendigain, Kañada eta Larrañeta kaleetako sareak eta zorua berritzeko lanak eginen dira 2019an eta udalak Erabilera Askeko Funtseko diru horrekin bere zatia ordainduko du, "horrela ez dugu zorrik eginen". Lanak Toki Azpiegitura Planeko laguntzarekin, udalak gordea duenarekin eta Sakanako Mankomunitateak uraren sarea berritzeko egindako ekarpenarekin pagatuko dira.

Erlazionatuak