Zinemaldiak irauten duen bitartean egunero zinemari buruzko saioa aurkezten du, euskara hutsean. Hortaz, Zinemaldia bete-betean bizitzen ari da. Bihar, irailaren 29an, amaituko da zinema jaialdia.
1. Zurriolako Butaka aurkezten duzu. Zer da?
Zurriolako Butakaren zazpigarren urtea da aurtengoa. Berriak eta Hamaika Telebistak hutsune bat betetzeko sortu zuten. Zinemaldiari begira ez zegoen ezer euskara hutsean. Hedabide gehiago gehituz joan dira eta egun sei hedabideren arteko elkarlana da: Berria, Hamaika, Gaztezulo, Irutxuloko Hitza, Zinea.eus ataria eta, aurten, Kanaldude iparraldetik. Elkarlanean aritzen gara eta giro paregabean, gainera. Aurtengo nobedadea, beraz, Kanaldude gehitu dela eta ni aurkezlea naizela dira. Aurretik Irutxuloko Hitzako Inaxio Esnaola izan da aurkezlea. Egunero elkarrizketa pare bat egiten ditugu egunean estreinatzen dituzten pelikulen harira; izan daiteke aktoreekin, elkoizleekin, zuzendariekin... Gaztezulokoak eta Zine.eus-ekoak filmak ikusten egoten dira eta beraien bideo-kritikak egiten dizkigute. Beste atal bat da hori. Urtzi Urkizu Berriako kazetariak Izar(r)en azpian atala egiten du. Urtziren xelebrekeriak direla esan dezakegu. Eta saioa euskal ekoizpen pelikularen baten tailerrarekin amaitzen dugu. Gauza txukuna eta duina da.
2. Euskal ekoizpenek ere leku garrantzitsua dute, ez?
Bai, egunero saio bat euskaraz edukitzeak Euskal Herriko ekoizpenei tokia egiteko beste modu bat da. Sail ofizialean daudenei buruz ere hitz egiten dugu, baina euskal herritarrendako zabalkundea egiteko beste era bat da; gertuagoa, etxekoagoa, eta bertako ikusleak ere, hemen bizi garenak, honen guztiaren berri izateko beste modu bat da.
3. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Oso polita. Seiak bat gaudela komentatzen dugu; sei hedabide gaudelako elkarlanean eta platoan aritzen garenetatik falta zaigu bizkaitarra, beste herrialdeak baititugu. Oso giro polita sortzen da. Hedabide ezberdinak gara, arlo ezberdinetan aritzen direnak, baina oso harreman polita sortu da.
4. Nola sortu zen saio hau aurkezteko aukera?
Hamaika Telebistarekin iaz hasi nintzen saio batzuk aurkezten eta aurten ere egon naiz. Aukera hau sortu zenean Hamaika Telebistatik ni bidaliko nindutela esan zuten. Ez naiz zine aditua, ezta gutxiago ere. Baina zalea bai eta gustuko dudan arlo bat da. Zinema barrutik ezagutzeko aukera izan dut. Eta horrelako aukera baten aurrean ezetza esatea izanen litzateke akats bat. Aukera polita izan da.
5. Espektatibak zenituen?
Banekien zer nolako saioa zen, zer egin behar genuen, zer formatu izanen zuen saioak eta saio bakoitzean zer joanen zen ere bai. Aurretik oso prestatuta zegoen dena. Elkarrizketa guztiak ere lotuta zeuden. Eguna iristea falta zen. Hoberena da ez daukagula inolako epemugarik. Hortaz, elkarrizketak egiten ditugun bitartean jendeari esaten diogu luzatzeko aukera dutela, eta beste hedabideetan esan ezin izan duena esan dezake. Orduan, horrek ematen dizu lasaitasuna badakizulako elkarrizketatua ere lasai dagoela. Zu lasai zaude, baita elkarrizketatua ere. Ez daukagu presiorik.
6. Zinemaldiaz disfrutatzeko aukera duzu?
Disfrutatu dut, baina beste era batera. Zinemaldian bertan ez naiz egon filmak ikusten, ikusi ditut aurretik prentsarako paseak egin dituztenean eta egia da ezin izan ditudala elkarrizketatzen ditugun pertsona guztien filmak ikusi. Pixka bat gainetik bai.
7. Eta baduzu faboritorik?
Euskal ekoizpenak ikusi ditugu gehien bat. Euskal Herrian artelan handiak egiten ari dira eta Zinemaldi honetan horien eredua badaukagu. Sail ofizialean dagoen Euskal Herriko ekoizpen bakarra, Dantza, Telmo Esnalena zoragarria da. Hitzik ez da erabiltzen, dantza da protagonista nagusia eta irudia da presentzia handiena duena. Agian areto komertzialetara doanean publikoari ez zaio gustatzen elkarrizketarik gabeko pelikula bat izatea. Baina zoragarria da nola kontatu daitekeen istorio bat dantzaren bidez. Gomendatzen dut itsu-itsuan. Bada beste ekoizle nafar bat Another day of life animaziozko filma egin duena. Helduendako animazioa da. Ikaragarria ere nola txertatzen dituen irudi errealak eta animazioa. Oso polita. Potentea, bai. Eta badira gehiago. Nazioarteko zinemaldi batean gaude eta gainontzeko herrialdeekin bat gaude, maila berean gaude inongo lotsarik gabe eta harro.
8. Zinemaldiko giroan bete-betean zaude. Asko aldatzen da Donostia egun hauetan?
Donostian bizitzen egon nintzen eta ezagutu nuen Zinemaldiko gaueko giroa. Askoz gazteago nintzen. Orain ari naiz eguneko giroa ezagutzen. Egia da festa asko egoten direla, eta kanpoko jende asko gerturatzen dela Donostiara Zinemaldiaren aitzakian. Asteburuan nabaritzen zen jende pila bat zebilela Donostian zehar. Eguneko giroa gozatzen ari naiz, eta gehien bat kazetarien inguruko eta prentsaurreko guztiak. Xarma berezia sortzen da eta Euskal Herri mailan horrelako jaialdi bat edukitzea... oso polita da. Gainera, gero ikusten dituzu aktoreak haien tarte libreetan Donostiako Alde Zaharrean pintxoak hartzen. Eta, bai, pertsonak dira. Gauza kuriosoa da. Hain babestuak dituzte Zinemaldiko antolakuntzatik, gero ikusten dituzula zure alboan pintxoak hartzen. Oso ohikoa da Donostian.
9. Urte hauetan Zinemaldia aldatu da?
Nik ez dut hori nabaritu. Garai horietan oso gazte nintzen eta Donostia bera handia iruditzen zitzaidan. Horrelako jaialdi batean egotea oso handia zen ere. Nik aldaketa handiak ez ditut ikusten. Beti daude izarrak etortzen direnean Maria Cristina hotelaren inguruetan egoten den jendea, alfonbra gorriko kontuak eta abar. Baina dira momentu puntualak.
10. Txutxumutxuren bat entzun duzu?
Niri oraindik ez zaizkit ailegatu, ez zaizkit horrelakoak iritsi; baina seguru egon badirela. Festetan sortzen den giroa askotan da hurrengo lana zein izan daitekeenaren bila dabilena, ekoizleak eta banatzaileak egonen dira non saldu dezaketen begira... lanean daude asko. Baina, asko ere egonen dira txutxumutxu horiek sortzen.
11. Autograforik eskatu dituzu?
Ez, ez ditut lortu. Eta ez ditut eskatu. Patxi Bisquert-i argazki bat eskatu diot berarekin. Hori bai. Etorri da saiora eta ni zinemaren munduan hasi nintzenean Bisquert pelikula hartan zegoen. Eta esan diot: Patxi, ia 30 urte ezagutu zintudanetik, argazki bat mesedez. Baina laguna dudalako, eta miresten dudalako.