Ezkabak gordetzen duen historia ezagutzeko zikloa

Guaixe 2019ko mar. 29a, 11:20

Joan den astean erakusketa mustu zen, asteburu honetan errezitaldia eta bisita gidatua izanen dira.

Iruñerriko Ezkaba mendiaren gainean dagoen gotorlekua espetxe bihurtu zuten 1936ko estatu kolpearen ondoren. Errepublikaren aldeko makina bat pertsona sartu zuten han preso. Haietako zazpi sakandarrak ziren eta hiru espetxean hil ziren. Etxarriar bati kuartela zainduz soldadutza egitea ere tokatu zitzaion. 1938ko maiatzaren 22an, kartzelan 2.487 preso zeudela 795ek ihes egitea lortu zuten. Haietatik soilik hiruk lortu zuten Iparraldera iristea. Atxilotu zituzten asko eta asko fusilatu egin zituzten. Halako gertakarien eta ondoren egindako indusketa eta bestelakoen berri ematen duen Lur azpitik lur azaleratuz erakusketa Lakuntzako kultur etxean da ikusgai iganderaino, 18:30etik 20:30era.

Erakusketa joan den ostiralean mustu zen. Haren osagarri, hainbat ekimen antolatu ditu Lakuntzako Udalak. Larunbatean La gran fuga dokumentala ikusteko aukera izan zen. Larunbatean, Ezkabako gotorlekura bisita gidatua eginen da, Txinparta elkarteak gidatuta. Eta zikloa despeditzeko, igandean, 19:00etan, Maite Mene kantautoreak eta Koldo Pla poetak historia-memoriari buruzko errezitaldia eskainiko dute kultur etxean.

Argazkiak: Jone Areta Urrestarazu.

Erlazionatuak