"Ezkilazainak entzuten ikasi nuen errepikea"

Guaixe 2019ko mai. 24a, 09:32

Angel Alegria Lakuntzako kanpai jolea. UTZITAKOA

Nafarroako Ezkilazainen IV. Topaketa eginen da larunbatean Lakuntzan. Sortu berri den ezkilazainen elkartearen lehenengo asanblada egiteko baliatuko dute festa. Angel Alegria kanpai jole lakuntzarra anfitrioia izanen da

1. Noiz hasi zinen ezkilak jotzen?
Duela hogei urte inguru. Lakuntzan ohitura da San Juan bezpera gauean, 22:00etatik 00:00etara, kanpaiak jotzera igotzea, suteak diren bitartean. Kanpai joleak zirenak laguntzera etortzen nintzen. Eta horrela hasi nintzen. Garai horretan zeudenak adinduak ziren eta laguntzera igotzen nintzen, eta ordutik jarraitzen dut. Igotzen naizenean atea irekita dago eta ikusi nahi duen guztia igo daiteke. Gu pozik, gainera.

2. Eta noiz jotzen dituzu?
San Juan bezperan eta orain arte igandetan eta jaiegunetan mezetara deitzeko eta norbait hiltzen denean abisatzeko jotzen zen. Lan kontuagatik astean zehar ezin dut eta sistema automatiko bat jarri da eta ni ez nagoenean sistema automatikoak jotzen ditu kanpaiak. Bestela, inor ez bazegoen ezkilak jo gabe gelditzen ziren. Gehien bat astean zehar hiletak zirenean. Baina ni nagoenean jotzen ditut. Egon ziren batzuk ni ez nengoenean jotzen zutenak, baina arrazoi ezberdinengatik uzten joan ziren, eta gutxiago gelditzen gara.

3. Zertarako jotzen ziren ezkilak?
Garai bateko komunikabidea zen. Herrian zerbait gertatzen bazen kanpai joleei abisatzen zitzaien eta berak jotzen zutenaren arabera herritarrek eta larreetan lanean zegoen jendea zer gertatzen zen bazekien. Esaterako, egunsentian herria esnatzeko, auzolanera edo enkantera deitzeko, sute bat piztu zela abisatzeko... Toke ezberdinak zeuden. Ume bat hiltzen zenean edo adindu bat hiltzen zenean doinuak ezberdinak ziren...

4. Nola ikasi zenuen Lakuntzako errepikea?
Lehen jotzen zutenak entzuten. Hemen errepikea kanpai handiekin jotzen da eta txikiekin handian jotzen denari jarraitzen zaio. Orduan txikian jartzen ginen eta handiak jarraitzen genituen. Horrela, pixkanaka, ikasi genuen. Kanpai dorrera igotzen ginen eta, azkenean, besteak entzuten eta doinu desberdinak praktikatzen ikasten nituen. Indarra baino trebetasuna behar da. Ez dakienak gehiago nekatzen da, baina behin praktika hartzen duzunean hobe doa gauza. Besoak tentsioan izan behar dituzu, hori bai.

5. Kanpai joleen anfitrioia izanen zara.
Aurten niri egokitu zait ezkilazainen topaketa antolatzea. Urtero herri batean egiten da eta aurten Lakuntzan egitea erabaki genuen. Laugarren urtea da. Artaxonan antolatzen hasi ziren. Nafarroako kanpai joleak elkar ezagutzeko eta kanpai jotzearen ohitura mantentzeko egiten hasi ginen. Gainera, beste kanpai dorre batzuk ezagutzen ditugu eta beste herri batzuetan jotzen dutena ikusteko eta entzuteko aukera dugu. Lehenengo urtean Artaxonan egin zen, bigarrenean Olaztin eta iaz Allon. Aurten Lakuntzan egingo dugu.

6. Aurtengo topaketa berezia izango da, Nafarroako Ezkilazainen elkartea sortu duzuelako.
Bai. Guztiak gaudela aprobetxatuz lehenengo asanblada egingo dugu bihar hemen. Iruñean batzar bat egin genuen estatutuak sortzeko eta elkartea martxan jartzeko. Bihar karguak zehaztuko ditugu eta elkartea antolatzen hasiko gara. Elkartea edonori irekita dago, ez du zertan kanpai jolea izan behar. Gaia gustatzen zaion edozein pertsona etor daiteke.

7. Zein da elkartearen helburua?
Kanpai jotzearen ohitura mantentzea, gehiago gal ez dadin. Horregatik jende gehiago aurkeztu nahi bada, libre da. Gaur egun ezkila jotzeak ez du modu praktikoan funtzionatzen. Lehen norbait hiltzen zenean, kanpai joleak jotzen zuen eta horrela herri guztiak jakiten zuen zer geratzen zen. Orain gu etortzen garenerako herri guztiak badaki zer gertatu den. Beraz, modu sinbolikoan edo ohituragatik jotzen da orain. Baina behintzat modu horretan jotzea eta ezagutaraztea zer zegoen lehen garrantzitsua da.

8. Zer antolatu duzue?
Elizaren estalopean 10:00etan bilduko gara. Hamaiketako txiki bat jarriko da eta elkartearen asanblada egingo dugu. Gainera, kanpaien inguruko hitzaldi bat egongo da. Ondoren, kanpai dorrera igoko gara eta Lakuntzako kanpai joleak ariko gara. Gero nahi duenak bere errepikea eta doinuak jo ditzake. Etortzen den guztia aukera du parte hartzeko eta jotzeko, eta herri bakoitzean jotzen dena erakusteko. Aurten ere Amurrioko elkarte bat etorriko da. Hamabost urte darama elkartea eta gauzak nola egiten dituzten azaltzera etorriko dira. Errioxako kanpai joleren bat ere etorriko da. Esan bezala, nahi duen guztiarendako irekia dago. Jendeak ongi erantzun du eta badirudi gauza polit bat aterako dela. Ikusi nahi duen guztia etorri daiteke, eta hemen, edozein herritan bezala, ikusi nahi duenari ez zaio ezer esaten. Guztiz kontrakoa.

9. Zenbat pertsona bilduko zarete?
Beste batzuetan bazkarirako 60 bat pertsona bildu izan gara, baina guztiak ez dira kanpai joleak. Ezkilazainak eta lagunak dira. Kanpai talde handiak etorriko dira ere, Artaxoako elkartea, esaterako. Iruñetik hamar bat dira eta Allon sei bat daude. Beste herri batzuetan bakarra dago eta etorriko bakarrik etorriko dira. 40 bat pertsona elkartuko gara.

10. Beraz, topaketa hauetan beste herrietako doinuak entzuteko aukera duzue.
Bai. Toke ezberdinak. Leku batzuetan errepikea egiten da eta beste batzuetan badeoa. Horiek ezagutzeko aukera dugu bilkuretan. Lakuntzan errepikea jotzen da. Kanpaiak handiak dira eta ez dira kanpai-iraulketa egiten. Errepike ezberdinak zeuden, baina galtzen doaz. Lehen gauza gehiagotarako jotzen zen. Herrian edozer gauza zegoela errepikea egiten zen.

11. Belarriak babesteko zerbait erabiltzen duzu?
Ez dakit belarria kanpaietara egokitu dudan, edo kanpaiak belarrietara ohitu ditudan. Baina ez dut inoiz ezer jartzen. Ez zen txarra izango, baina ez dut inoiz zer erabili. Ez dut ohiturarik.

Erlazionatuak