Ezkilazainek Lakuntzan jarri dute hitzordua

Guaixe 2019ko mai. 24a, 11:54

San juan bezperan nahi duten lakuntzar guztiak kanpaidorrera igotzen dira.

IV. Nafarroako Ezkilazainen Topaketa bihar goiz-eguerdian izanen da.

Bi urteren ondoren Sakanak, atzera ere, Nafarroako Ezkilazainen Topaketa hartuko du. Olatzagutiaren ondoren Lakuntzak hartuko du kanpai-jotzaileen topaketa. 10:00etan jarri dute hitzordua elizako estalopean. Han elkartu eta gosaldu eginen dute. 11:00etan, berriz, Nafarroako Ezkilazainak elkartearen aurreneko batzar orokorra eginen da. Bilkuraren ondoren, 12:00etan, Lakuntzako elizako kanpandorrera igo eta ezkila-jotzea eginen dute. Ezkila-jole adina jotzeko modu daudela erakutsiko dute. Han goikoak despedituta, kultur etxean bazkalduko dute parte-hartzaileek, egitaraua hala itxiz.  

Nafarroako Ezkilazainak elkartea hainbat herrietako kanpai-jole talde batek sortu zuen otsailaren 16an. Tartean zeuden Arruazuko, Lakuntzako eta Olatzagutiko ezkila-joleak. Hain zuzen ere elkarteko burua Tomas Ganboa arruazuarra da. Elkarte berriaren helburuak dira Nafarroako ezkilak eskuz jotzea, tradiziozko ezkila-jotzeko moduak kontserbatzea eta horiek ikasteko eta zabaltzeko jarduerak sustatzea. Elkarte eratu berriarekin harremanetan jarri nahi duten Nafarroako ezkilazainek edo jarduera horretan duten pertsonek campanerosnavarra@gmail.com e-posta erabili dezakete. Elkarteko kide izateko ez da beharrezko ezkilazaina izatea, kanpaiekiko, kultura horrekiko eta eskuz jotzearekiko interesa duten guztiei zabalik dago elkartea.