Eskolakoak saritik sarira

Guaixe 2019ko uzt. 16a, 09:10
Lehiaketara lanak aurkeztu eta sariak lortu dituzteten ikasleak. Argazkia: utzitakoa.

Zientzia Azokan sormenaren saria lortu ondoren, “Emakume zientzialaria izan nahi dut” lehiaketaren I. Edizioa irabazi du eskolako talde batek.

Sari batek bestea ekarri du. Lakuntzako eskolako ikasle talde batek Hezkuntza Departamentuak antolatutako Zientzia Azokan parte hartu zuten maiatzaren 15ean. Crazy brains edo Muin eroak taldekoek gure ahotsaren grabazioa entzutean zergatik egiten zaigun arraro azaltzen saiatu ziren euren lanean. Horregatik, Zientzia Azokako bost sarietako bat lortu zuen, sormenarena. Horrek Iruñeko Planetarioan Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) emakumezko irakasle talde baten antzezlana ikusteko aukera eman zien: Emakume zientzialaria izan nahi dut. Han izen bereko NUPen lehiaketaren berri izan zuten.

Erronkari heldu eta emakumezko zientzialariei buruzko lana egin zuten Lakuntzako eskolako Lehen Hezkuntzako ikasle diren Idoiak, Laidak, Julenek, Lukak, Olaiak eta Ekainek. Zientzia berdintasunaren bidean lana aurkeztu zuten, Maddi Iradi Iturrioz tutoreak azaldu digunez, “ipuin digital bat da, storyjumper aplikazioarekin sortua. Ipuina ikasleek sortutako irudiekin eta ahotsarekin egina da”. Ikasle lakuntzarrek zientzia gustuko duen neskato baten istorioa kontatu zuten: “ikasketak egin nahi ditu, baina etxean eta gizartean ez du laguntzarik jasoko. Lagun berri batek bere ametsa egia bihurtzen lagunduko dion arte”. Iradik argitu digunez, “ipuinaren mezua da emakumezkoak zientzian aritzeko eskubide bera behar dutela eta oraindik bidea egiteko dagoela”.

Bestetik, Mary Anningi (1799-1847) buruzko lana ere aurkeztu zuten. “Aurkezpen interaktibo bat da, Genially aplikazioaren bidez sortua. Bertan, Mary Anning neska gazte eta ikerlariaren bizitza gorabeheratsua azaldu zuten”. Fosil jasotzailea, saltzailea eta paleontologoa izan zen, eta XIX. Lehen erdialdean lan garrantzitsua egin zuen eta zientzialarien iritziz munduaren historiaren zientzietan gertatu ziren aldaketa oinarrizkoetako bat jarri zuen. Emakumea eta jatorri behartsua izanik Britainia Handiko orduko zientzia-komunitateak hainbatean bere lana ez zuen kontuan hartu, nahiz eta munduko geologoen artean itzala lortu zuen. “Bere bizitza kontatzeaz aparte, akaberan hausnarketa egiten dute zientzia eta emakumezkoen inguruan”.

Aurreneko lanagatik Lakuntzako eskolako ikasleek tablet bat eskuratu du eta bigarrena, akzesita, NUPen promozio materiala da. Gainera, eskolak NUPen liburu sorta jasoko du opari. Nafarroako neskatoen artean zientzia-bokazioa sustatu nahi dute bai antzezlanak bai lehiaketak.

Erlazionatuak